Sareak bere barnean zer harrapatu eta zer ez ongi daukate neurtuta eta erabakita, baina joskuretatik dago zirrikituetarako arriskua. Internetek kirol apustuei ireki dien tartea oparoa bezain arriskutsua da. Eta arriskurik handiena, nonbait, oparotasun horren irabaziek beste nonbaitera ihes egitea da. Hori antzeman daiteke berriki kirol arduradunek egin dituzten adierazpenetatik. NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eman du horretarako bidea. Jaques Rogge NOBko presidentearen iritziz, kirolaren «sinesgarritasuna» arriskuan jar dezaketen «izurriteak» dira ezkutuko kirol apustuak Interneten. Baina ez dira legezko kirol apustuekin nahastu behar: «Horiek kirolaren aldeko iturri oparoenetakoak dira».
Legezkoak euren egokierara ahalik eta ongien lotu eta ezkutukoak erabat ezabatzea. Hori da kirol arduradunen egungo jarrera Internet bidezko apustuei dagokienez. «Erositako partidak antolatutako kirola sortu zen une berean sortu ziren, baina, orain, Internet bidezko apustuen sorrerarekin, anonimotasuna eta likidezia lagun, iruzurrerako eta ustelkeriarako arriskua sekula baino handiagoa da», esan du Roggek. Lausanan (Suitza) egin ditu adierazpenok. Joan den astean gai horren inguruko sinposioa egin zen han, Kirol Kazetaritzako Nazioarteko Elkarteak antolatuta.
«Olinpismoan ez da sekula ezkutuko apusturik egin». Hori dio NOBko presidenteak, baina inuzenteak ez izateko ere esan du hurrena, «garaizago edo beranduago» egin egingo direlako. Hori dela eta, kirol erakunde askok—NOB eta FIFA tartean— kontrol neurri zorrotzak ezarri dituzte gai horren inguruan. NOBk International Sports Monitoring (ISM) elkartea sortu du Olinpiar Jokoetan Internet bidez egiten diren kirol apustuen jarraipen zehatza egiteko. Meilenen (Suitza) du egoitza, eta 2009an egin zituen lehen urratsak. Ezkutuko apustuen tamainaz eta arriskuez kezkatuta sortutako erakundea da, eta Olinpiar Jokoen garbitasuna bermatzea du helburu. Legezko 300 apustu etxerekin baino gehiagorekin aritzen da elkarlanean, eta susmagarria izan daitekeen edozein jarduera identifikatu eta herrialde bakoitzeko kirol federazioekin batera haiek ikertzea da euren lana. Pekingo eta Vancouverko Olinpiar Jokoetan ez zuten horrelakoen beharrik izan, baina Londresko eta Sotxiko (Errusia) jokoei begira erruz ari dira lanean. FIFAk Early Warning System (EWS) proiektua dauka sortuta helburu berberetarako. Proiektu aitzindari gisa aurkeztu zuten Alemaniako Munduko Kopan (2006), eta 2007ko uztailean hasi zen 2010eko Munduko Kopara sailkatzeko partida guztien segimendua egiten. «FIFAk ezin ditu eragotzi kirol apustuek eurekin dakartzaten gehiegikeria guztiak, baina sistema honekin futbolak bere erakargarritasuna eta zintzotasuna ez galtzea lortzen dugu», nabarmendu du Joseph Blatterrek, FIFAko presidenteak.
Legezko apustu etxeen kezka
Futbola, tenisa, saskibaloia, zaldi lasterketak eta cricketa izan dira, besteak beste, ezkutuko apustuek eta erositako partidek zipriztindu dituzten kirolak. ATP Gizonezko Tenislari Profesionalen Elkarteak denbora darama gai horren gainean. 2003an sortu zuen lehen aldiz ustelkeriaren kontrako programa, eta hura izan zen legezko apustu etxeekin elkarlanean hasi zen lehen erakundea. Jokalariei arau zehatzak ezarri dizkiete, eta zigor gogorrak daude aurreikusita iruzur kasuetarako. Michael Franzes mafiako kide ohiak hitzaldiak eman izan dizkie tenislariei, Miamin, kirol apustuen inguruan antolatutako iruzur sareei buruz. Zaldi lasterketen elkarteak ere badu bere erakundea ezkutuko kirol apustuak ikertzeko (British Horseracing Authority), eta ATPk behin baino gehiagotan eskatu izan die laguntza hango ikerlariei.
Asko dago jokoan. Kirol erakundeen aldetik bai, baina Internet bidez aritzen diren legezko apustu etxeen aldetik ere bai. Betfair da apustu etxe nagusienetako bat. Londresen du egoitza nagusia, milioitik gora bezero ditu 120 herrialdetan, eta zuzeneko kirol apustuengatik da ezaguna. Iruzurraren kontrako euren departamentuan 40 lagunetik gora ari dira egun lanean. Xabier Ojer nafarra Betfair etxeko Marketin eta Komunikazio arduraduna da, eta ezkutuko apustuen gaiak euren enpresan duen garrantziaz mintzatu da BERRIArekin. «Betfair etxea sortu zen une beretik aritu da ezkutuko apustuen gaia lantzen. Iruzurraren kontrako departamentua txikia zen hasiera batean, baina enpresa bera bezala, denborarekin hazten joan da».
Apustularien «zuzentasuna eta segurtasuna» bermatzea dira iruzurraren kontrako departamentuen helburuak. «Betfairren kasuan 40 bat lagunek egiten dute lan departamentu horretan. Kontrol lana da haiena. Edozein partidatan ezohiko apusturen bat egiten bada, kopuru handiekin, bezero berriekin... horrelakoak kontrolatzen dituzte. Lapurtutako txartelekin egiten diren diru sarrera eta ezohiko mugimenduak ere arakatzen dituzte».
Elkarlanean aritzen dira iruzur usaina izan dezakeen ororen bila. «Betfairrek akordioak dauzka sinatuta hainbat kirol erakunderekin. Tartean daude UEFA, FIFA, ATP eta antzerakoak. Informazioa da elkartrukatzen duguna, harreman erabat normala daukagu. Betfairrek ez du inoiz esango partida bat 'erosita' dagoenik; hori antolatzaileei dagokie esatea, baina informazioa bi norabidetan joaten da beti: Betfairretik kirol erakundeetara eta haiengandik guregana».
Ulertzekoa da nola apustu etxeen hala kirol erakundeen kezka. Asko dago jokoan. Legezkoak ez diren jarduerei buruzko daturik ez dago dirutan, noski, baina Internet bidezko apustuen sektoreak 2010ean Espainian izan zituen irabazien berri eman dute, eta kopuruak sekulakoak dira. Internet Bidezko Apustularien Elkarteak (AEDAPI) jakinarazi du sektore horrek 315 milioi euroren irabaziak izan zituela 2010ean — 2009an baino %19 gehiago— eta 370.000 erabiltzaile izan zituela —2009an baino %33 gehiago—.
Apustu horiek arloka hartuta, gainera, kirol apustuen alorrak sortu du irabazi gehien. 315 milioi horietatik 110 kirol apustuen bidetik lortu dira —2009an baino %21 gehiago—, poker apustuen bidetik 85 milioi lortu dira —%26 gehiago—, eta gainerako apustuen bidetik 120 milioi lortu dira —%14 gehiago—. «Kopuru horiek adierazten dute gure sektoreak %20ko hazkundea izan duela eta etorkizun eta proiekzio handiko sektorea dela», adierazi du Sacha Michaudek, AEDAPI elkarteko buruak.
Jokoaren Legea ezbaian
Ezkutuko kirol apustuen aferak badu zerikusia zeharka Jokoaren Legearekin ere. Hiru urteko jardunaren ostean, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak joan den ostiralean onartu zuen lege proiektua. Besteak beste, Internet bidezko kirol apustuak arautu dituzte, eta hainbat erabiltzaile, apustu etxe eta adituren iritziz, ezkutuko apustuak ugaritzea ekarriko du legeak, era horretan aurrera egiten badu —Parlamentuan eztabaidatu eta onartu beharko dute hurrena—.
Egoitza nagusia Espainian izan gabe Internet bidez bertan lanean ari diren apustu etxeek ez dute une honetan zergarik ordaintzen. Hori abiapuntu gisa hartuta garatu du Espainiako Gobernuak Internet bidezko apustuei dagokien alorra. Eta lege berriak zergak ordainaraziko dizkie apustu etxe horiei, baina euren irabazi gordinak kontuan hartuta egin nahi du hori. Atzerriko apustu etxeak ez daude ados horrekin. Zergak ordaintzeko prest daude, baina euren irabazi garbiak kontuan hartuta. Zera diote: on line egiten diren kirol apustu gehienetan, apustulari bakoitzak jokatzen dituen 100 euroetatik 80 euro bueltatzen dituela apustu etxeak saritan. Horregatik, zergak kalkulatzeko 100 euro horiek hartzen badira aintzat, «negozioa egitea ezinezkoa da». Fiskalitatea irabazi garbietan oinarritu behar da, euren iritziz —20 euro horietan—, Erresuma Batuan eta Italian egiten den legez. Hasiera batean, gainera, zerga horietatik jasotako dirua gobernuak jasotzea zen asmoa, autonomia erkidegoei jokoaren eskuduntza kendu eta Jokoaren Batzorde Nazionala izeneko erakun- deari emanda, baina joan den astean egin zuen gobernuak atzera, eta zerga berri horietatik jasotakoa autonomia erkidegoentzat izango da azkenean.
Lege bat sortzea izan da albiste ona, apustu etxeen iritziz. «Bazen garaia gobernuak gai honi heltzeko. Albistea hori da. Legeari buruzko balorazioak egiteko, ordea, garaizegi da oraindik», esan du Ojer Betfairrekoak.
Azken batean, eta askoren iritziz, Espainiak Frantziaren eredua hartu du aintzat. Joan den ekainean sartu zen han indarrean legea, eta Europako murriztaileena da, AEDAPI elkarteak salatu duenez. Frantziako legeak apustu etxe berrien sarrera mugatzen du, eta lizentzia dutenei gehiegizko zergak ordainarazten dizkietela salatu zuten han bere garaian. Eta emaitza izan da apustu etxe askok uko egin diotela herrialde hartan aritzeari eta erabiltzaile askok ezkutuko apustuetara jo dutela. Sarearen joskuretara.
Ezkutuko kirol apustuak Interneten
Sarearen joskurak
Internet bidez egindako apustu klandestinoen ugaltzeaz eta haiek arautzeko beharraz ohartarazi du NOBk berriki. Legez eta arauz nahi dute ongi lotu, kirolak azken urteotan izan duen diru iturririk oparoena. Adituek diote Jokoaren Legeak ezkutuko apustu horiek areagotu ditzakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu