Etapa garaipenarekin, liderraren maillota. Sari bikoitza lortu dute Adriano Malorik (Movistar) Tirreno-Adriatikoko aitzin-etapan, eta Michael Matthewsek (Orica) Paris-Nizako hirugarren etapan. 5,7 kilometroko bakarkako lanarekin hasi da Tirreno-Adriatikoa, tropeleko izar gehienak bertan zirela, eta estu-estua izan da lehia, segundo bakarreko tartea besterik ez delako izan Maloriren eta Fabian Cancellararen (Trek) artean, eta bikoa Malori eta Greg Van Avermaeten (BMC), Maciej Bodnar (Tinkoff) eta Matthias Brandleren artean (IAM). Faboritoen artean, hamar segundo galdu ditu Rigoberto Uranek (Omega), 11 Vincenzo Nibalik (Astana), hemeretzi Alberto Contadorrek (Tinkoff) eta 21 Nairo Quintanak (Movistar). Camaiore eta Cascina artean, lehen etapa jokatuko da bihar, eta, ezusterik ezean, esprinta izango da amaieran.
Paris-Nizako hirugarren etapan, berriz, Matthewsek mendean hartu ditu gainerako esprinterrak, eta, gainsariei esker, segundo bateko aldearekin jantzi du liderraren maillota. Philippe Gilbert (BMC) eta Florian Vachon (Bretagne) lehenengo, eta Thomas Voeckler (Europcar) eurengana iritsita hirukotea ondoren, saiatu dira tropela estu hartzen, baina, gehienetan bezala, amore eman behar izan dute azkenean. Hamar kilometro eskas falta zirela geratu da ezerezean euren ahalegina, eta, Paolo Tiralongo (Astana), Jan Bakelants eta Romain Bardeten (Ag2r) erasoa gorabehera, Orica taldeko australiarraren kolpe bikoitza iritsi da gero. Varennes sur Allier eta Croix de Chaubouret artean laugarren etapa jokatuko da bihar. Lehen mailako mendatean amaituko da etapa. Hamar kilometroko igoera da, eta %6,7ko batez bestekoa dauka.