Herbehereek saria lortu dute Munduko Kopa honetan. Txikia, baina saria. Hirugarren geratu dira, gehiago merezi izan arren, txapelketan emandako itxuragatik eta futbolari egin dioten ekarpenagatik. Louis Van Gaal da ekarpen horren arduradun, eta berak ere jaso du saria, bere palmares bikainean jartzeko.
Talde gaztea bikain zuzendu du, eta baliabide taktiko aberatsak erabili ditu: hiru erdiko atzelariak, buruz buruko zaintzak zonan defendatzearekin uztartzea, partida batean jokatzeko era aldatzeko gaitasuna izatea eta beste hainbat. Utzi egingo du selekzioa orain, eta ekarpen eder askoa eginda doa: taldea bide onean utzi du, oinarri sendoekin: jokalari gazteak eta landuak.
Beste izen berezi bat: Arjen Robben. Sekulako txapelketa jokatu du, aurkari ia guztiak hankapean erabili ditu, golak sartu ditu, taldekideei golak sartzeko paseak eman dizkie... Finalerdia galdu eta gero, lor zezakeen sari handiena hirugarren geratzea da, eta hortxe dauka saria. Herbehereen maila onaren berri ematen du honek: ia jokalari guztiak nabarmendu dira. Beste bat aipatzearren. Vlaar erdiko atzelaria. Sekulako txapelketa egin du, De Vrij eta Indi Martins bere lerroko kideekin batera. Kuyt, Wijnaldun, Van Persie, Blind, Cillesen... ia zerrenda osatzeraino idatz daiteke Herbehereetako jokalari onen multzoa.
Partidaz zerbait esan behar, eta hasierako hogei minutuak eta beste zerbait gehiago aipatuta, nahikoa izango da. Erraz Herbehereak Brasilen defentsako lan hauskorra eta ahula hausten. Robbeni penaltia Thiago Silvak eta gola Van Persiek. 3. minutua. Handik ordu laurdenera bigarrena. Blindek Munduko Kopa bikainari ginda jarri dio. 0-2. Orduan hasi da Brasil esnatzen, baina jokoa gutxi eta Oscarren inspirazioa bakarrik bidelagun. Hala ere, aukera bakarrak geldikako jokaldietan. Gutxi. Ezer ez.
Bigarren zatian, beste horrenbeste. Brasil bultzaka, buruz buruko jokaldien mende ia erabat, talde jokorik gabe (txapelketa osoan bezala), eta aukerak oso gutxi. Herbehereak kontraeraso baten bila etxeko taldea are gehiago txikitzeko. 91. minutuan aurkitu du, eta Wijnaldumek sartu du 0-3koa. Saria, ondo merezitakoa, irabazlearentzat. Eta zigorra, merezia baita ere, Brasilentzat; joko gutxirekin gehiegi egin du laugarren izanda. Hobeak izan diren selekzio batzuk lehenago joan ziren etxera.