AEB-Portugal (2-2)

Sari txikiegia

Estatubatuarrek azken jokaldian jaso dute bigarren gola, eta hurrengo faserako lortua zuten txartela azken jardunaldian lotu beharko dute. Alemaniaren aurka dute, eta berdinketarekin biak sailkatuko dira. 

AEBetako jokalariak, gol bat ospatzen. JOSE SENA GOULAO / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 23a
02:36
Entzun

AEBek azken jokaldian jaso duten golak azken jardunaldira begira jarri du mundu guztia. Izan ere, Alemania eta AEB elkarren aurka ariko dira G multzo honetan, eta berdinketarekin biak sailkatuko dira. Jurgen Klinsmann izanik estatubatuarren entrenatzailea, egintzat jotzen da berdinketa hori ia bazter guztietan.


Baina azken egunera begira jartzeko tentazio horrek ezin du gaurkoa estali. Ezin du AEBen jokoaren inguruko fokua beste nonbait jarri. Ondo nabarmendu behar da Klinsmannen selekzioaren lana. Txapelketakoa, eta orain horrela jokatzeko aurretik egin behar izan duten guztia. 94. minutuan, sei puntu zituen, eta sailkatua zegoen final 1/8etarako, baina azkeneko jokaldian, Valeraren golak kendu egin dio sari potoloena. Horregatik da sari txikiegia puntua AEBentzat.


Ia-ia sailkatua egotearen oinarrian talde ona dago. Jokalari onak. Konpromisoa dago. Ilusioa. Konfiantza. Dagoeneko, ezagun egin dira orain astebete ezezagun zirenak: Johnson eskuin hegaleko atzelaria; Jones eta Beckerman euskarriak... Eta ezagunak zirenei onak direneko definizioa jarri zaie: Dempsey aurrelaria; Bradley zelai-erdikoa; Howard atezaina...


Oso gaizki ekin diote partidari AEBek. Bosgarren minutuan, Nanik gola sartu du Portugalen alde, Cameron erdiko atzelarietako batek baloia gaizki urrundu eta gero. Portugal goian estutzen ari zen, eta ezinean zebilen Klinsmannen taldea jokoa sortzeko; lotzea miraria zen orduan. Baina ez dira ezkutatu jokalariak, eta aurkitu dute zuloa: eskuin hegala. Zusi eta batez ere Johnsonek ederki baliatu dute Cristianok defentsan parte ez hartzea. Eta beste zulo hau ere baliatu dute: zelaiaren erdian, Veloso, Meireles eta Moutinho ez ziren gai lekua ondo hartzeko, baloirik mozteko, eta Bradleyk eroso eman ahal izan ditu pase zehatzak.


Beto atezainak lan asko egin behar izan du atea hutsean mantentzeko, eta lortu du lehen 45 minutuetan. Baina ekaitza Portugalen gainean zela iragarri du lehen zati horrek. Asmatzea behar zuten AEBek, zehatzak izatea. Bigarren zatian lortu dute hori guztia. Emaitza irauli egin dutelako: Jones eta Dempsey golegile (64. eta 81. minutuetan). Portugal zerraldo utzi dute. Etxerako bidean. Baina azken jokaldian, arnasa hartu du Varelaren golarekin. Jokaldiak ederki erakusten du zer diren AEBk. Erasoan galdu du baloia Bradleyk. Ausartak dira, jokatzeko ereduaren ezaugarrietako bat da hori... eta pixka bat 'onegiak' ere bai, 'inozoak'. Baina hobe ausartak izan eta bi puntu galtzea, atzean zeharo sartu eta gauza bera pairatzea baino. Ikuskizun zaleak dira AEBetan, eta selekzio honekin gozatzen ariko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.