Futbola

Sariarekin itzuliko dira Athleticekoak

Athleticek berdindu egin du Sevillaren aurka, kanpoan (1-1). Zuri-gorriek lan ona egin dute defentsan. Bernabeun eta Pizjuanen ez galtzea lortu dute bizkaitarrek.

jarraia175751.jpg
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 3a
16:06
Entzun

Athleticek baditu kontent egoteko motiboak. Lehenbiziko itzulia bukatzeko, ligako bi irteera zailenetakoei aurre egin behar zien: Santiago Bernabeu lehenik, eta Sanchez Pizjuan ondoren, ligako bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren. Bada, zuri-gorriak partida bakar bat galdu gabe itzuliko dira San Mamesera. Real Madrilekin 0-0 berdindu ondoren, 1-1 egin dute gaur Sevillarekin. Bietan, defentsako lan bikaina izan da gakoa.

Lehenbiziko zatian Athleticek presioa gogor egin dio Sevillari, eta erdiko hiru atzelariek area inguruan eratu duten lerroa hesi gaindiezin bat izan da andaluziarren jokalari talentudunentzat. Bizkaitarrek, berriz, beren bertuteei zukua atera diete bertze behin. Estrategia eta eraginkortasuna. Iñigo Martinezek zelai erdia baino gibelerago falta bat luze atera du Raul Garciaren bila, baina erdilari nafarra lurrera erori da Sevillako atzelari batekin lehian. Airean pasatu da baloia, eta ezin hobeki kontrolatu du Ander Capak eskuin hegaletik arean barneratuta, eta oinaren kanpoaldearekin tiro eginda gol ezin dotoreagoa sartu du. Ordu laurden betea zuen partidak.

Athleticen planteamendua guztiz nagusi zen. Sevilla hagitz deseroso ari zen, paseak ezin loturik, eta bizkaitarrak, argitasun gutxirekin bazen ere, andaluziarrek utzitako abaguneak baliatzen ahalegintzen ari ziren. Minutuak igaro ahala, ordea, Athletic gero eta gehiago sartu da bere zelaian, eta lehenbiziko zatiko azken minutuetan Sevillak anitz estutu du. Areara erdiraketa eta sarraldi arriskutsuak egin ditu, baina aukera argi bakarra: Ever Banegak zuzenean langara jaurti duen korner bat.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Yerayk berdinketa eragotzi du, Munirren jaurtiketa bat atepetik aterata. Lehenbiziko erauntsi hori gaindituta, bizkaitarrek berriz ere lehenbiziko zatiko defentsa lan serioa gailentzea lortu dute, baina Julen Lopetegi Sevillako entrenatzaileak egin dituen aldaketek, bai jokalarienek, baita taktikoek ere, fruituak eman dizkiote. Sevillak hegaletatik jokoa irekitzea lortu du, eta horrela lortu du saria: 60. minutuan Nuñezek bere atean sartu duen Lucas Ocamposen erdiraketa bat.

Williams, min hartuta

Sevillak erritmoa handitu du, garaipenaren bila, eta Athleticek defentsako lan fina are gehiago findu behar izan du. Berdinketarekin, ageriago gelditu dira zuri-gorriek erasoko jokoa sortzeko dituzten zailtasunak; are gehiago Iñaki Williamsek min hartuta zelaia utzi behar izan duenean —Unai Lopez erdilaria atera da bere ordez—. Aldaketa horrekin baloia gehiago mantentzea lortu du Athleticek, eta, Koundek luzapenean aukera bat izan duen arren, sendo eutsi dio berdinketari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.