San Antonio 23. Bartzelona 29

Saririk gabeko ahalegina

San Antoniok ongi eutsi dio lehendabiziko zatian, baina bigarrenean erraz nagusitu da Bartzelona

San Antonioko Ibai Meoki, baloia jaurtitzeko prest. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Sevaljevic (4), Gedeon (3), Jimenez (4), Mindegia (2), Julen (1), Sluijters (1) —hasierako zazpikoa—, Lucau, Pecoña, Rasic (6), Meoki, Victor, Curkovic, A. Agirrezabalaga (2).

Bartzelona. Saric, Noddesbo, Juanin (6), Nagy (3), Jermenyr, Rocas (1), Morros (1) —hasierako zazpikoa—, Tomas (2), Entrerrios (1), Sorhaindo (3), Sarmiento (1), M. Agirrezabalaga, Rutenka (11, 2p).

Markagailua. I3-2, 6-4, 7-6, 8-9, 11-12, 13-14 (atsedenaldian); 14-17, 15-20, 17-23, 18-23, 21-26, 23-29.

Epaileak. Casado eta Vera. Bi minutuz kanporatuak San Antonioko Peciña eta Meoki, eta Bartzelonako Noddesbo, Entrerrios, Nagy eta Morros (bi aldiz).

Bestelakoak. 1.500 ikusle inguru NUPeko pabiloian.

Aurre egin dio. Amaya Sport San Antonio gogor saiatu zen atzo Bartzelona mendean hartzen, baina ahaleginak ez zuen saririk jaso, azkenean. Lehen zatian ederki eutsi zion etxeko taldeak kataluniarren jokoari, baina bigarrenean gauzak erabat aldatu ziren. Bartzelonak defentsa estutu zuen, eta benetako harresi bilakatu zen nafarrentzat. Kontraerasoan aritzeko aukera profitatu zuten kataluniarrek markagailuan aurrera egiteko.

Lehendabiziko 30 minutuetan, hala ere, garaipena lor zitekeela sinetsi zuten NUPeko kiroldegian ziren zaleek. Serio ekin zion San Antoniok lanari, beldurrik eta konplexurik gabe. Partidan erabat sartuta. Lan horri esker, 20. minutura arte aurretik izan zen etxeko taldea markagailuan.

Une horretatik aurrera, hala ere, gauzak aldatu ziren. 13-14 amaitu zen lehen zatia. Bigarrenean, Bartzelonak argi utzi zuen hasieratik Iruñean jokoan ziren puntuei ez ziela ihes egiten utzi nahi. Defentsa estutu, eta eraso eraginkorra erakutsi zuen Kataluniako taldeak. Hamar minutuz erritmoa azkartzea nahikoa izan zen Bartzelonarentzat etxekoen asmoak eta itxaropenak zapuzteko. Horixe du talde horrek. Hamar minutuz betean aritzen denean gai dela edozein aurkari lehiatik at uzteko.

Rutenka amesgaizto bilakatu zen San Antonioren defentsarentzat. 11 gol sartu zituen. Saric kanbpokoen atezaina, halaber, protagonista izan zen. Hamaika geldiketa egin zuen, tartean lau penalti. Etxekoek ez zuten amore eman, eta partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean, 21-23 hurbildu ziren markagailuan. Baina Bartzelonak ez zien gehiagorako aukerarik eman nafarrei, eta 23-29 amaitu zen partida.

Anaitasuna, antzera (29-40)

Anaitasunak ere partida zaila zuen etxean atzo, Atletico Madrilen aurka, eta antzeko gidoia izan zuen (29-40). Etxekoek maila ona eman zuten, lehen zatian bereziki, baina azkenean 11 goleko aldearengatik galdu zuten. Anaitasuna ez zen kikildu eta oldarkor ekin zion partidari. Erasoak defentsak baino gehiago izan ziren, eta lehen ordu erdiaren ondoren hogeita hamazazpi gol sartuak zituzten bi taldeen artean(17-20). Bigarren zatian Atleticok erritmoari eutsi zion, baina Anaitasunak ez. Bi taldeen arteko aldea ikusi zen, eta minutuak pasatu ahala, gol aldea handituz joan zen. Anaitasuna jaitsiera postuetan sar daiteke asteburuan, jardunaldiko beste partidetako emaitzen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.