Bost norgehiagoka, eta punturik ez. Denboraldi bat ezin daiteke okerrago abiatu. Alavesek gaur hasi nahi zuen suspertzen, Espanyolen zelaian, eta ezin uka ahalegindu denik. Larunbateko derbiaren aldean, itxura lehiakorragoa eman du Javi Callejaren taldeak. Zenbait minutuz, aurkaria baino gehiago ere izan da, eta aukera pare bat izan ditu markagailuan aurrea hartzeko. Ordea, errentagarritasunik gabeko goraldia izan da, eta huts zaharrak berritu ditu azkenean. Lehenik, beste penalti garbi bat oparitu dio aurkariari, eta, gero, ez da partida berdintzeko kapaz izan. Ez du etsi, baina argitasun falta nabarmena izan du aurrean.
Espanyolen gol goiztiar bat zen Alavesek eragotzi beharreko lehen gauza, jokalarien konfiantza apurra guztiz desagertu ez zedin. Bada, bigarren minutuan sukalderaino sartu da Keidi Bare, eta ateko zuloan baloia sarera bidali du Raul de Tomasek. Arabarren amesgaiztoa bete da. Baina iratzarri egin ditu VAR-ak: jokaldiaren hastapenean jokoz kanpo zegoen Embarba. Alta, Callejarenak ez dira guztiz esnatu, eta 17. minutuan bideo epaileak salbatu ditu berriro: De Tomasek beste baloi bat sareratu du, bakar-bakarrik atzera ere, baina pasea kokapen aurreratuegian jasota. Jokoz kanpo, Alaves bezala.
Ordu erdiz luzatu da gasteiztarren ezina. Bere zelaian sartu ditu Espanyolek, jabetza jarraituaren eta joko aldaketen bidez. Ezkerretik egin die min handien. Area inguruan, pentsatzen utzi diete kataluniarrei. Ez zeuden behar bezain gertu zainketetan. Itxura txarra zuen neurketak, Manu Garcia lerro artean jokatzen hasi den arte. Haren pase zorrotzek berpiztu egin dute Alavesen erasoko jokoa, eta, hala, gidoia alderantzikatu egin da lehen zatiaren amaieran: jazarria izateari utzi dio Arabako taldeak, eta jazarle bihurtu da. Riojak izan du lehen aukera, 31. minutuan, ezkerkada indartsu batekin. Eta atsedenaren atarian, aurreneko gola sartzear izan dira Joselu eta Martin: aurrelariak areaz kanpotik jaurti, Diego Lopezek gelditu, eta aldaratzea kanpora bidali du atzelariak.
Alavesek ez ditu baliatu neurketako minuturik onenak. Aldageletatik bueltan, aurrerako urratsa egin du Espanyolek, denboraldiko lehen garaipena lortu nahian. Berandu gabe argitu zaio bidea, Duartek eginiko penalti bati esker. Alaveseko atzelariak eskuarekin moztu du Morlanesen jaurtiketa bat. Penalti garbia izan da, eta De Tomasek ez du barkatu Pachecoren aurrean. 53. minutua zen. Bazegoen erreakziorako astia. Jakitun zeuden arabarrak, eta beste lehia batzuetan baino kemen handiagoz saiatu dira kolpetik altxatzen.
Callejak Guidetti atera du zelaitik, Sylla sar zedin. Senegaldarrak berritu egin du taldearen energia, eta, gainera, gertu izan du banakoa zelairatu berritan, Martinen erdiraketa on bat ehizatuta. Haatik, ezin izan du garbi errematatu, eta kanpora joan da baloia. Eskuin hegalean aurkitu nahi zuten lasterbidea, bi baten kontrako egoerak baliatuz. Rioja izan da, berriz ere, jokalaririk sakonena. Alabaina, gasteiztarren nahiak ezinarekin egin du topo minutuen joanean. Marrazkiz eta piezaz aldatu du Callejak, baina alferrik. Taldeari asko kosta zaio arriskua sortzea. Bukaeran, itsu-itsuan jo du berdinketaren bila, eta kontraeraso batean bigarrena egitear izan da Wu Lei. De la Fuentek izan du Alavesen azken aukera, baina area barruan ihes egin dio baloiak, Alavesi puntuek bezalaxe.