Bengoetxea VI.a-Beroiz eta Berasaluze II.a-Albisu bikoteek arazorik gabe aukeratu dituzte pilotak gaur goizean, astelehenean Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko duten binakako txapelketako ligaxkako partidarako. Iragan astean Bengoetxea VI.ak eta Beroizek gogor kritikatu zituzten egokitu zitzaizkien pilotak, baina gaur gustura gelditu dira. Leitzarrak umorez hartu du iritzi aldaketa: "Pasa den astean ez genituen gustuko eta hala ere 22-8 irabazi genuen, ea oraingoan ez den aurkakorik gertatzen".
Partida bezperako albistea, halere, harmailetan egon daiteke. Sarrera salmenta atzo hasi zen eta lehen egunean Aspek oso enkargu gutxi jaso ditu. Partida Aste Santuko astelehenean izateak ez du laguntzen eta betekadatik urrun geldituko dela dirudi. Eibarko enpresan, halere, azken uneko jende kolpean fedea jarria dute, Astelenako partidetan ez baitago erreserba egitearen ohiturarik. Apustuei dagokienez, Bengoetxea VI.a eta Beroizen alde irtengo dira, ia doblean. Eurek irabazi zituzten ligaxkako bi partidak.