Sartu eta ikusi

Athleticek ezustekoa eman gura du hazita dagoen Bartzelonaren aurka

haritz gallastegi
2008ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Athleticek eta Bartzelonak Espainiako Ligako klasiko nagusietako baten beste atal bat eskainiko dute gaur San Mamesen. Beste askotan gertatu den legez, oraingoan ere faborito argia dauka neurketak: Bartzelona, hain zuzen ere. Egun oso egoera ezberdinean daude talde biak. Bartzelona hazita dago. Josep Guardiolaren fitxaketak indarra eman dio Kataluniako taldeari. Bartzelonako euskarri ohi bikainak inork baino hobeto ezagutzen du Joan Laporta buru duen kluba. Eta ez du denbora asko behar izan azken denboraldi bietako dinamika txarrari buelta emateko. Betiko filosofiari uko egin barik, garaipen gosea eman dio aldagelari. Bartzelonak Frank Rijkaarden sasoian bezain ondo jokatzen du, eta herbeheretarraren taldeak lehen hiru denboraldietan izan zuen grina eta oldarkortasuna berreskuratu ditu. Horretarako, garaipenaz asetuta zeuden izarrei ateak zabaldu eta futbol mundua jan gura duten talentu handiko jokalariei euren maila erakusteko aukera eman die Guardiolak. Estrategia aldatut, laster aurkitu du bide egokia.

Athletic, berriz, kontrako egoeran dago. Larri dabil talde zuri-gorria. Historiaren aurka jokatzen ari da. 110 urteko ibilbidean sekula galdu ez duen mailari eutsi guran dabil. Makina bat behar du horretarako. Urte latzak izan ditu talde zuri-gorriak, eta etorkizunean ere gozatzea baino sufritzea tokatuko zaiola dirudi. 2008-2009 denboraldiaren hasiera ere eskasa izan da. Sei partida jokatuta, jaitsierako postuekin ari da jolasean Joaquin Caparrosen taldea. Norgehiagoka on baten ostean bi edo hiru txar jokatzen ditu. Eta, horrela, ezinezkoa da gora egitea, sailkapeneko postu lasaietara igotzea.

Bistan da bi taldeen artean dagoen aldea ikaragarria dela. Beraz, normala da Bartzelona izatea neurketa irabazteko hautagai nagusia. Beste askotan bezala. Baina, beste askotan gertatu den legez, kataluniarrei ez zaie komeni Athletic gutxiestea. Ez baita lehenengo aldia, ez bigarrena izango Athleticek etxean mendean hartzen duela. Sarri askotan irabazi dio Athleticek Bartzelonari. Talde zuri-gorria hazi egiten baita horrelako neurketetan. Beste norgehiagoka gehienetan baino gogo eta grina handiagoarekin jokatzen du. Athletic aurkari arriskutsua izan daiteke San Mamesen motibatuta jokatzen duenean. Zelai zaharrean zaleak orroka hasten direnean edozer gauza egiteko gai da. Baita onenari irabazteko kapaz ere. Gaur izan daiteke egun seinalatu horietako bat. Diego Armando Maradonak, Johan Cruyffek, Ronaldok... eta beste hainbat jokalari bikainek ondo baino hobeto jakingo duten moduan.

Bartzelona mendean hartzeko gauza guztiak egin beharko ditu ondo Athleticek. Aste osoan Lezamako prentsa aretoan agertu diren zuri-gorriek aipatu duten moduan: Gabilondok «kontraerasoan» asmatu beharko dutela iritzi dio; Yeste, berriz, «ondo estutzea» izango dela neurketaren giltza; Iraolak ate aurrean ezinbestean izan beharko dutela «eraginkortasuna» gogoratu zuen; eta Caparrosek ezinbestekoa izango dela jokalariek euren jokoan «konfiantza» izatea. Partida borobila jokatu beharko dutela, alegia. Eta, ondo jokatuta ere, ez dute garaipena bermatuta izango. Baliteke Athleticek berea eman eta Bartzelonak bere talentua aprobetxatzea hiru puntuak eskuratzeko. Bada, horretarako ere prest egon beharko dute zuri-gorriek. Bai jokalariek eta baita jarraitzaileek ere.

Hamaika froga

Caparrosek makina bat froga egin ditu azken bi asteotan Bartzelonaren aurka jokatuko duen hasierako hamaikakoa erabaki aurretik. Hala ere, froga erabakigarria atzo egin zuen San Mamesen. Ateak itxita egin zuen. Baina, aurreko egunetan zenbait gauza erakutsi zituen. Besteak beste, Orbaiz eta Yeste izango direla euskarriak. Bata zein bestea aproposak dira baloia zentzuarekin mugitzeko, baina ez horren egokiak estu hartzeko orduan. Batez ere Yestek egiten du huts arlo horretan. Hegaletan Gabilondo eta David Lopez ariko direla dirudi. Gurpegi eskuin hegaletik zelairatzeko burutazioa izan du entrenatzaile zuri-gorriak, baina badirudi asmo bat baino ez dela izango.

Erdilari aurreratua nor izango den da argitu barik geratu den kontu bakarra. Egun batean Susaeta, bestean Garmendia... horrela ibili da aste guztian entrenatzailea. Bietako bat izango dela dirudi, baina ez da komeni azken uneko ezustekorik baztertzea. Uste baino askoz lehenago osatu den Javi Martinez hasierako hamaikakoan ikustea, besteak beste. Aurrean Llorente izango da erreferentzia.

Bestalde, Joseba Etxeberria eta Armando sartu dituzte deialdian. Elgoibartarra osatu egin da, eta jokatzeko moduan badago, beti sartu ohi dute deialdian. Ordezko atezainak, berriz, txandatu egiten ditu Caparrosek. Ez dago aparteko aldaketarik, beraz. Entrenatzaileak 14-15 jokalariengan du konfiantza.

Partidako epailea Undiano Mallenco izango da. Hasiera batean Mejuto Gonzalez zen neurketa zuzentzeko aukeratutako epailea, baina min hartuta dago. Aldaketa ez da zuri-gorrien gustukoa izan. Athleticek ez du Undianok epaitu dizkieneko partiden oroitzapen onik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.