SASKIBALOIA. ACB LIGA. Hirugarren postua ziurta dezake gaur Tauk Menorcari irabazita

Splitterrek berriro joka dezake, Lauko Finalean min hartu ondoren

Jon Rejado.
2006ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Atsedenerako tarterik ez du Tau Baskoniak. ACBko talde gehienak azken jardunaldia prestatzen ari direla Llanera Menorcaren aurka jokatuko du gaur (20:30). Maiatzaren 28an jokatzekoa zen partida, baina Lauko Finala zela-eta, gaur arte atzeratu da. Dena den, horrek ez dio garrantzirik kentzen gaurko partidari. Irabaziz gero, Baskoniak sailkapeneko hirugarren postua ziurta dezake eta Euroligako hirurtekoa jokoan egonda, puntu guztiak dira garrantzitsuak.

Menorcaren kontra gogotsu kantxaratuko da Tau, Pragan izan zuen ezustekoaren ostean ondo ekin baitio berriro ACB Ligari. Gaurko neurketak, ordea, itzulera on horren nondik norakoak agerian utziko ditu. Menorcak, hain zuzen ere, ezusteko polita eman zion lehen itzulian argi eta garbi irabazita. Tauren aurkariak sailkapenaren azken postuetan jarraitzen du, eta egoera horrek gasteiztarren jarreran eragina izan du aurrekoetan. Perasovicek eta jokalariek badakite ezin dutela huts gehiago egin Liga bukatu arte. Gaur irabaziz gero, hirugarren bukatzea ziurtatuko luke Tauk, eta bigarren postua jokoan izango luke azken jardunaldian. Liga bukatzeko lau egun falta direla talde guztiak eragiketa matematikoak egiten ari dira. Tauk hori egin du dagoeneko. Gelditzen zaizkion bi partidak irabaziz gero, Euroligako hirurtekoa lortuko luke matematikoki, eta, horrek, txapel baten garrantzia du.Menorcaren kontrako partidak, gainera, beste pizgarri bat izango du. Tiago Splitterek minutu batzuk jokatzeko aukera izan dezake, Lauko Finalean min hartu ondoren. Pibotak sorbaldan duen minak hobera egin du, eta Perasovicek aukera eman diezaioke gaur. Dena ondo joanez gero, sasoi betean izango da Bartzelonari aurre egiteko.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.