SASKIBALOIA. ACB LIGAREN HASIERA. Zumitz hobea, otarrea sendotzeko

Denboraldi-aurrea txukun bukatu du Bilbo Basketek, eta bolada gozoari eutsiz hasi nahi du Liga

Imanol Magro Eizmendi.
BILBO
2005eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Bilbo Basketek etzi ekingo dio ACB Ligari. Lehen jardunaldian Txus Bidorretaren jokalariek aurreko sasoian ezustea eman zuen taldeetako bati egingo diote bisita, Gran Canariari. Larunbatean Bilbo Basketek bigarren denboraldia hasiko du ACBn, eta taldeak helburu garbia finkatu du: partida gehiago irabaztea.

Zumitz sendorik gabe ezin da taxuzko saskirik egin, eta alde horretatik, Bidorretak ez du kexu handirik, lan talde hobea batu baitu. Denboraldi-aurrea hasi zenetik, Indautxuko entrenatzaileak inolako lotsarik gabe esan du talde honi gehiago eskatu behar zaiola. Zumitz horrek otarre sendoagoa egin behar du, eta ondo bidean, Bilbo Basketek ez luke denboraldi bukaeran larritasun handirik pasatu behar.

Bi dira Bilbo Basketen ezaugarri nagusiak: gaztetasuna eta talentua. Gaia egon badago, orain talde lana jostea falta da, iazko taldearen bertute nagusia alegia. Denboraldi-aurrean talde lana osatzea izan da Bidorretaren ardura nagusia, eta entrenamenduak pilatu ahala, taldeak hobera egin du. Denboraldi-aurreko lehen partidetan, saskipeko jokalari urritasuna zela-eta, taldeak hiru partida galdu zituen jarraian, Valladolid, Menorca eta Manresaren aurka. Azken hilabetean, baina, Weissen eta Banicen itzulerak, eta Scotten eta Majstorovicen hobekuntza fisikoak taldea bere mailara gerturatu du. Zentimetro eta kiloekin, garaipenak etorri dira, eta Bilbo Basketek ACB Ligako hiru oilar menderatu ditu jarraian: Baskonia, Etosa eta Akasvayu. Bidorretak otarrerako zume gazteak dauzka, gaztetasunak dituen abantaila eta trabekin. Bilbo Basket da ACB Ligako talde gazteena, eta hogeita bi urtez azpiko hiru jokalari. Scott beteranoa da hogeita hamar urteak beteak dituen kide bakarra. Orain arte ikusitakoaren arabera, Koljevicek, Banicek eta Majstorovicek minutu asko jokatuko dituzte, eta litekeena da hasierako boskotean bi iritsi berri egotea. Euroligan esperientzia handikoak diren arren, aurtengoa izango da hirukote horrek Adriatikoko Ligatik at egingo duen lehen denboraldia. Iritsi berri diren beste jokalarien artean, ACB Ligan sona handiko beste bi jokalari daude: Roman Montañez eta Andy Panko. Bien kasua antzekoa da: duela bi urte maila izugarria eman ondoren Montañezek 12 puntutik gora sartu zituen partidako Forumen, eta Pankok ia 20 Gironan, iaz euren mailak nabarmen egin zuen behera. Pankok Caja San Fernandon jokatu zuen, eta Sevillako taldeak haren etete klausula ordaintzea erabaki zuen kontratua bertan behera utzi ahal izateko. Fitxaketa multzoko azken bi jokalariak Quintana eta Cabeza dira; espainiarra laugarren hegalekoa izango da, eta kataluniarra bosgarren pibota. Hiru debutari eta iaz erdipurdi aritu ziren bi jokalari on, apustu ezin arriskutsuagoa. Bilbotarren bost fitxaketa garrantzitsuenek gauza bakarra behar dute euren benetako maila emateko: konfiantza. Emaitzek laguntzen ez badute, zail egingo zaie egokitzea, eta taldeak garesti ordainduko du.Iazko taldetik jarraitzen duten jokalariei erreparatuz, ia denek hobera egin dute. Salgadok ez du oporrik izan, Casillan giltzapeturik bere gorpuzkera hobetzeko sei asteko lan plangintza gogorra bete baitu. Izerdiak fruituak eman ditu: bizkorrago eta gihartsuago dago. Taldeak, defentsan batik bat, eskertuko du. Savovic ere buru-belarri aritu da lanean udan, eta bospasei kilo kendu ditu. Scottek iaz bezala jarraitzen du, udan arazo fisiko batzuk izan dituen arren. Akasvayuren aurkako partidan, erdiko pibot postuan jokatu zuen, eta hemeretzi puntu sartu zituen Dueñas eta Vazquezen aurrean. Hala eta guztiz, aurreko sasoitik hona taldean jarraitzen duten jokalariak aztertzean, Weissengan arreta berezia jarri beharra dago. Lorrenakoak (Frantzia), maila oso ona eman du denboraldi-aurrean. Errebote eta defentsa lanean bere 218 zentimetroek asko egin dute taldearen alde, eta bere burua berriz ere garrantzitsu ikusi du. Horretaz gain, azken unean, Frantziako hautatzaileak Europako Saskibaloi Txapelketa jokatzeko deitu zuen, eta Serbian lorturiko brontzeak bere konfiantza indartu du. Mailari eusten badio, taldeak eskertuko du, eta baita Casillako zaleek ere, ziur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.