SASKIBALOIA. ESPAINIAKO KOPA. «Adeitsua naiz jokalariekin, baina baita zorrotza ere»

Baskonia bakarrik du buruan, ez Kopa. Taldea zulotik atera du hilabete eskasean, baina Madrilgo garaipena iragana omen. Konfiantzaz lepo, dio oraindik ez dutela ezer egin.

Andoni Urbistondo.
2010eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Casillatik ile apaindegira. Handik irrati batera. Elkarrizketa. Bazkaria. Beste elkarrizketa bat Berriarekin. Bilera taldeko arduradunekin. Lan saioa taldearekin... Erotu samar dabil Kopa hasi bezperan Fotis Katsikaris, Bizkaia Bilbo Basketeko entrenatzailea (Korydallos, Grezia, 42 urte). Gaztelaniaz ondo moldatzen da, eta telefonoz zintzo mintzatzen da, eta elkarrizketa aberatsa eskaini du.

Dagoeneko hilabete bat pasatu duzu Bilbon. Zer moduz?

Ondo, ezin hobe. Oso ondo bizitzen da hemen, azkar jabetzen da etorri berria euskaldunak ondo bizi zaleak zaretela, janarirako duzuen interesagatik.

Ba al zenuen horren berri?

Bai, berri zehatza gainera. Nire aitaginarreba euskaldun batzuen laguna zen, eta hemengo berri neukan aspaldi. Aitzakia perfektua dauka orain bisitan etortzeko.

Aspaldi egin zuen inguruko jatetxe ezagunenen zerrenda, etortzen denerako.

Etorri zinenean pentsatzen al zenuen taldea hain azkar egongo zela jaitsiera postuetatik salbu?

Nola ez ba? Entrenatzaileak bere lanean konfiantzarik ez baldin badauka jai du. Entrenatzailez aldatzen duen talde batek arazoak ditu, eta arazoak konpontzen saiatzea izan da nire lana. Egunetik egunera helburu batzuk finkatu, eta horiek lortzen ahalegindu naiz.

Eta zein zen arazoa?

Garrantzitsuena, talde izaera galdu zela. Jokalariekin hitz egin dut, psikologia lana egin, eta hitz egin ondoren, lanean hasi gara. Nahi nituen gauzak eskatu nizkien, jokalari bakoitzari taldean bere lana zein den zehaztu, talde serioa garela konbentzitu, eta batez ere, egunean egunekoa egitea. Gaur, gaurkoak balio du, eta biharkoaz hitz egingo dugu bihar.

Nola zegoen taldea?

Izorratu samar. Talde batean iritzi, jarrera eta pentsamolde anitz daude, eta horiek guztiak interes orokorraren mesedean uztartzen saiatu naiz. Mumbruk eta Hervellek Real Madrilen jokatu dute. Izar handiak dira. Salgado eta Banic, aldiz, etxeko mutilak dira, baina taldeko ikurrak. Denen onena bilatu eta taldea egitea izan da gakoa.

Lankide batek dio unibertsitate ezagun bateko psikologia irakaslearen tankera daukazula.

Hainbesteraino ez dakit, baina ni jokalaria izan nintzen entrenatzaile baino lehen, eta jokalarien pentsatzeko modua ezagutzen dut. Nik neuk nire entrenatzailea maite nuen, lagunak ginen, baina urteen joan-etorrian ikasi dut hori ez dela posible. Entrenatzaile askorekin egin dut lan, baina Dusan Ivkovicek erakutsi zidan ondoen krisi bat konpontzen.

Nola konpontzen da?

Zure izaera pertsonala taldeari transmitituz.

Eta nola egiten da hori?

Bi bide dituzu: adeitasunez jokatu, edo jendea kanporatu. Nik taldea aztertu nuen, eta birus gaiztorik ez zegoela sumatu nuen, jokalariren bat kanporatzea ez zela beharrezkoa. Adeitasunez jokatzea erabaki nuen, baina beti zorrotz jokatuta, zorrotza izanda. Jokalarien haserrea, amorrua ateratzen saiatu nintzen aurrena, barru-barruan sentitzen zutena, ondoren euren onena eman zezaten.

Eta birusen bat antzeman izan bazenu?

Ba birusa akabatuko nuen.

Ez duzu erabakiak hartzeko beldurrik.

Horregatik naiz talde profesional bateko entrenatzailea. Ez dut ezagutzen erabakiak hartzeko beldurrik duen entrenatzailerik.

Zorrotza zarela esan duzu. Nolakoa da zure eguneroko harremana jokalariekin?

Saskibaloian bakoitzak bere lana dauka. Nik nirea, eta jokalariek eurena. Niretzat printzipio garrantzitsua da hori. Errespeta nazazue, eta nik errespetatuko zaituztet. Ezin dut ulertu jokalari batek entrenatzailea bere laguna dela esatea, horrek halako gezurrezko lerro bat hausten duelako. 'Profesionala zara honaino, ez pasatu marra'. Tratua hori da. Jarduteko modu hori errespetatzen den heinean, nik jokalariak lagundu eta babestuko ditut beti. Ezin zara profesionala eta laguna izan aldi berean, hori arazoaren hasiera da niretzat. Niri gertatu zaidalako esaten dut. Ez dakit zer gertatuko den hamabost edo hogei urte barru, agian nire agindupean dauden jokalari batzuk nire lagunak izango dira, baina gaur egun ez. Ezin da horrelakorik gertatu.

Esan duzu zure lehentasuna jokalariak egunerokoan murgiltzea izan dela. Lortu duzula dirudi. Orain ez dute adierazpenik egiten epe luzera begira.

Zertarako pentsatu behar da hurrengo igandean, Gasteizko Lauko Finalean, edo liga erregularreko bukaeran? Nahiko lan badugu egunero, ezta? Egunean egunekoa. Etorri nintzenean jokalariakoso ezkor sumatu nituen: 'nola sartu gara zulo honetan?', 'ez gara aterako', 'hamahiru jardunaldi falta dira bakarrik, eta sailkapenean aurrean dugun taldeak bi garaipen gehiago ditu...' eta antzeko esaldiak errepikatzen zituzten behin eta berriro. Beti etorkizun ilunean pentsatzen. Fuenlabradan galdu eta gero aldatu zen egoera. Partida haren balantzea egin genuenean panorama oso beltza zen: 'etxetik kanpo galdu dugu berriro', 'etxeko garaipenekin ez da nahikoa izango...' eta beste. Buelta eta buelta. Alfer-alferrik ari zirela esan nien. Hitza hartu nuen, eta jokalariei zulotik irtengo ginela esan nien. Hori bai, etorkizunean gerta zitekeena alboratu eta egunerokoan pentsatzen hasten baziren. Hala egin zuten.

Bi garaipen jarraian ACB ligan, azkena garaipen handia Real Madrilen aurka, eta aspaldiko partez jaitsiera postuetatik salbu. Zer hausnarketa egiten duzu? Ezarritako helburuetatik baten bat lortu duzue?

Ezer ez. Zero. Ez dugu ezer egin. Hori da jokalariei helarazi diedan mezua. Madrilgo garaipena iragana da. Polita izan zen, baina ez dugu zer ospaturik. Dena geratzen zaigu lortzeko, eta lana egin beste biderik ez dugu.

Europan askoz hobeto ari zarete.

Egia esan, arraroa da taldeari gertatzen zaiona. Eurokopako ligaxkan eta Last 16 fasean partidarik galdu ez duen Europa osoko talde bakarra gara, eta etxeko ligan sekulako komeriak ditugu. Taldeak Eurokopan erakusten duen segurtasuna ligan erakustea nahi nuke. Ea pixkanaka hori lortzen dugun. Seinale ona litzateke.

Denen ahotan dago Jerome Moisok eta Javi Salgadok eman duten buelta. Mirari bat izan al da? Zer gertatu da?

Miraririk ez dago ogibide honetan. Zeharo ezberdinak dira bi kasuak. Moiso taldean bere lekua bilatu ezinik ibili da denboraldi hasieratik. Barruan baino, kanpoan ikusi du bere burua, eta horrek ikaragarri kaltetu du bere jarduna. Badakigu talentu handiko jokalaria dela, baina baita, nola esan, estimu handi samarra diola bere buruari, bere errendimendua hobeagoa edo txarragoa izan. Berarekin harremana edukitzen duzun heinean, ordea, pertsona eta jokalari gisa oso bizkorra dela ikusten duzu, eta horri etekina ateratzen saiatzen zara nola edo hala. Berarekin aurrez aurre mintzatu, eta 'hi, mutil, hau eta hau egitea nahi diat' esan, eta egin, eta bere lekutxoa egin du taldean. Motibazio handiarekin ari da.

Jarrera aldatu duelako jarraitzen du taldean.

Jakina. Nik eskatu nion aldatzeko, taldearentzat onuragarria izanen zelako. Bestela, ez zen taldean egongo.

Salgadoren kasuan, zer gertatu da zure ustez?

Ba inguruko askori bezala, denboraldi-aurrean taldearen inguruan sortu zen ustezko kirol arrakasta hark kalte egin diola. Javi etxeko mutila da, bizitza osoa Bilbon darama, eta bat-batean talde ikusgarria eratu zen. Eta bera taldeko lemazaina izanda, gainera. Javi ontziko kapitaina balitz bezala sentitu da, taldea gidatzeko erantzukizuna hartu behar zuela sentitu du, eta horrek kalte handia egin dio. Arrazoi batengatik edo besteagatik, pausoa galdu zuen, eta asko sufritu du. Zama hori astindu duenetik askoz erosoago, freskoago sumatzen zaio, eta horrek eragin du bere hobekuntza.

Bera izan da taldeko jokalaririk onena azken bi partidetan. Erabakigarria da taldean.

Bai, baina askoz hobeto joka dezake, eta hala egin dezan eskatuko diot, dudarik gabe.

Azter dezagun Kopa. Komunikabideetan faboritotzat jo zaituztete Madrilen irabazi zenutelako. Hala al da?

Tankerako iritziek erakusten dute jende askok saskibaloiari buruz ezer gutxi dakiela. Gu faborito? Zer egin dugu guk ba faboritotzat jotzeko? Ez dugu ezer egin, jaitsiera postuetatik atera, asko jota. Real Madril menderatu dugula bere etxean? Ados. Eta zer? Horregatik beste guztia? ACB ligan aspaldiko partez bi aldiz irabazi dugula? Ados. Eta zer? Ze abantaila ematen dizu horrek orain arte gu baino askoz hobeto aritu diren zazpi taldeen aurka? Zorroztasun pixka bat eskatuko nioke prentsari, orokorrean. Partida guztiak dira ezberdinak, lehiaketa guztiak dira ezberdinak, goazen pixkanaka, pausoz pauso, eta gero-gerokoak.

Agian etxeko zaleen epelean jokatuko duzuelako esan dute faboritoak zaretela.

Zaleek ez dute titulurik lortzen, jokalariek baizik.

Baskonia da lehen pausoa. Zer iritzi duzu final-laurdenari buruz?

Final-laurdena baino lehen, Baskoniak daukan dinamika bikaina lortu nahi nuke nire taldearentzat. Orain ez dakit ziur, ligan jarraian hamabi garaipen daramatzatela uste dut. Nor da hori egiteko gai? Nor Europako ligarik indartsuenean! Izan gaitezen zuhurrak, asko hobetu behar dugu gure jarduna gasteiztarrak mendean hartzeko. Faktore bakarra daukagu gure alde: hilabete atzera eman ziguten muturrekoa bueltatzeko gogoa daukagula. Nire lehen partida izan zen Bizkaia Arenan, eta ez zen, ez, oso hasiera txukuna izan. Hankapean ibili gintuzten, ia beti, eta kirol mendekua hartzeko gogoa daukagu. Baskonia, dena den, berez da talde handi bat, horrek bakarrik motibazio handia sortzen du edozeinengan.

Gasteizen diotenez, Baskonia bere sasoi puntu onenetik urrun dago.

Benetan? Aurreko erantzunean esan dut, gauza asko esaten direla fundamentu askorik gabe. Gu gaizki gaudela esatea ulertzeko modukoa litzateke, baina Baskonia gaizki dagoela esatea... Ez naiz fio. Niretzat sekulako taldea da, eta zale askoren babesa izango dute Bilbon. Euren onena emateko etorriko dira. Eurak dira faborito gure aurka, hobeto ari direlako, hobeak direlako. Mendera ditzakegula? Ados, baina haiek ere bai gu. Guk haiek baino errazago.

Ze rekin konformatuko zinateke.

Taldeak neurria eman eta zaleak etxera gustura bueltatuko balira, ni konforme. Ondo jokatu eta nortasuna erakutsi. Bi elementu horiek garaipena bezain garrantzitsuak dira. Horien bitartez irabaztea lortzen duzula, ederki. Ez duzula lortzen, baita ere. Aurkaria zoriondu eta lanean jarraitu.

Kopan lan ona egitea lagungarria izan liteke taldearen etorkizunarentzat?

Taldearen etorkizuna Baskoniaren aurkako partida da. Urrunago ez dago ezer.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.