SASKIBALOIA. ESPAINIAKO KOPA. Valentzia eta Bartzelona sailkatu dira finalerdietarako

Valentziak larri irabazi dio Estudiantesi, eta Bartzelonak ere sufritu egin du Cajasol mendean hartzeko

Andoni Urbistondo.
Bilbo
2010eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Valentziak eta Bartzelonak jokatuko dute finalerdietako bat. Valentziak justu-justu menderatu zuen Estudiantes (75-73), eta Bartzelonak uste baino gehiago sufritu Cajasoli irabazteko (77-72). Valentzia eta Estudiantesen arteko partida ederra izan zen. Ederra azken segundoan erabaki zelako, Estudiantesek zale talde aparta duelako. Demencia taldekoek berotu zuten hotz samar zegoen Bizkaia Arena, eta galduta ere, txalokan agurtu zuten euren taldea.

Hiruko jaurtiketek desorekatu zuten balantza. Une erabakigarrian, Valentziako Victor Claverrek asmatu egin zuen berea, eta Estudianteseko Lofton eta Oliverrek, aldiz, ez. Zer nabarmendu asko izan zuen, dena den, lehen final-laurdenak. Pancho Jasenen arima, Rafa Martinez eta Claverren kalitatea, Kosta Perovicen dantza mugimenduak saskipean... Kopako partida klasikoa, emozioz betea.

Bizkaia Arenan bildutako 10.000 zaleak isilarazi zituen aurresku ederrarekin hasi zen partida. Hobeto sartu zen Valentzia. 13-5 aurreratu zen Perovicen eskutik. 17-10 ere ihes egin zuten, baina Jasen kantxaratzearekin bat, Estudiantes hortzak erakusten hasi zen. 20-15 aurrena, eta 20na ondoren, Nik Caner-Medleyk jokaldi ikusgarri bi kateatu ondoren. Defentsa zorrotzak ikusi ziren bigarren laurdenean, eta puntu gutxiko partziala horren erakusle: 15-12, eta Valentzia hiru puntu aurretik.

Hirugarren hamar minutukoan sekulakoa izan zen parekotasuna. Bi edo hiru puntuko aldea lortzen zuten gehienez bi taldeek. Laurden hondarrean Valentziako Listxukek hirukoa saskiratu eta 53-47koa jarri zuen arte. Estudiantesek zerbait egin behar zuen partidan sartzeko, eta Lofton izan zen hautatua. Estatubatuarrak bi hiruko saskiratu zituen bata bestearen atzetik, eta 55-53koa jarri azken laurdenaren atarian.

Orduan, Estudiantesek eskura izan zuen finalerdia. 61-64 aurreratu zen Jayson Grangerri esker, baina German Gabrielek kirolaren aurkako falta itsusia egin zion Claverri. Teknika ere adierazi zioten, eta arnasa hartu zuen Valentziak. 70-71 aurreratu zen, halere, Caner-Medleyk puntu bateko lau jaurtiketa sartuta, baina Claverrek hirukoa sartu zuen azken minutuan, eta Rafa Martinezek bikoa. Estudianteseko inork ez zuen erantzun.

Faboritoa, larri

Bartzelona ere finalerdietarako sailkatu zen, majo sufritu bazuen ere. Lehen zatian, batez ere. Cajasol koska egiteko asmoz kantxaratu zen, eta zailtasunean jarri zuen Bartzelona. 13-22 ere aurreratu zen, eta atsedenaldian berdinketa zegoen: 37-37. Aldageletatik bueltan, Bartzelona defentsa hobetzen hasi zen, eta Cajasol amore ematen, pixkanaka. Bartzelonak ez zuen inoiz eroso jokatu, baina irabazi egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.