SASKIBALOIA. EUROKOPAKO LAUKO FINALA. Alemaniako ingeniaritza

Alba Berlinek ez du talentua soberan, baina talde serioa da, hutsegite gutxi izaten dituena, menderatzen zaila. Bost jokalari estatubatuar ditu, eta haiek eta Sekulic pibotak dute aginte makila.

Andoni Urbistondo.
2010eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Duela bi hamarkada Opel auto ekoizle etxeak ezagun egin zuen Alemaniako ingeniaritzaren leloa. Ez ziren auto azkar-azkarrak, ezta merkatuko garestienak ere, edo zaldi askokoak. Fidagarriak ziren, motor oneko autoak, hutsik ez zutenak. Itxura hori dauka Alba Berlinek, Bilbo Basketek Eurokopako finalera bidean topatuko duen azken aurkariak. Alba ez dago Europako autorik azkarrenen artean, baina urteetan ibiltzeko moduko autoa da.

Fidagarritasun hori ez dator jokalari alemaniarren eskutik, ezta gutxiago ere. Alba Berlin Alemaniako taldea da, bai, baina herri hartako jokalariak gutxiengo dira taldean. Zerrenda ofizialean hiru daude, baina bakarrak jokatzen du partida guztietan. Bakar hori ezaguna da, Alemaniako jokalaririk ezagunenetakoa: Stefen Hamann joko antolatzailea. Entrenatzailea ere atzerritarra da, Serbiakoa, baina aurtengoa laugarren urtea du Alemanian, Alba Berlin gidatzen, eta hango izaera barneratua omen du dagoeneko.

Luka Pavicevicen joko eredua Serbiako eskolakoa da. Joko pausatua du gustuko, eta korrika aukera oso garbia denean bakarrik agintzen du. Jokalari denek dute jaurtitzeko gaitasuna, gehienek hiruko lerrotik, eta bizkarreko jokoa egiteko gaitasuna duen pibot bakarra dauka: Blagota Segulic montenegroarra. Sekulicek ia hamabi puntu lortzen ditu partidako. Adam Chubb estatubatuarra da beste pibota, baina bere puntu gehienak, zortzi partidako, erreboteen edo taldekideen asistentzien bitartez lortzen ditu gehienetan.

Jokalari estatubatuarrek osatzen dute, hain zuzen ere, Alba Berlineko bizkarrezurra. Chubb-ek pibot postuan jokatzen du, eta beste lau jokalarik kanpoko lerrotik. Julius Jenkins eta Rashad Wright joko antolatzaileak dira, eta Immanuel McElroy eta Derrick Byars hegalekoak. Jenkins da taldeko arima. Berak egiten du eta berak desegiten, nahierara. Hark erabakitzen du zein jokaldi egin, baina ia beti blokeo bat bilatzen du, parekoa atzean utzi eta jokaldia egiteko. Jokaldi hori jaurtiketa izan liteke, edo barneraketa bat, jokaldia berak bukatu edo asistentzia bat emateko libre dagoen taldekideari. Jenkins da Albako saskiratzaile onena. Ia hamabost puntu sartzen ditu partidako, eta hori oso kopuru ona da, Bilbo Basketeko edozein jokalarik baino batez besteko hobea.

Bide txukuna Eurokopan

Jenkinsek baino balorazio hobea dauka McElroyk, taldeko onena. McElroy ez da jokalari garaia, 1,94 metro da luzean, baina indartsua da. Lau errebote hartzen ditu partidako, Sekulic erraldoiak adina. Hegaleko moduan jokatzen du sarri, eta zorrotz zaindu beharko dute Warrenek eta Mumbruk. Byars, Wright eta Chubb hirukoak zortzi puntu inguru saskiratzen dituzte partidako. Baita Jurica Golemak hegaleko kroaziarrak ere.

Alba Berlinek bide txukuna egin du denboraldi honetan Eurokopan. Euroliga jokatzeko atarikoak jokatu zituen irailean eta urrian. Langa bat gainditu zuen, Frantziako Le Mansen aurka, baina bigarrenean belaunikatu egin zen, Greziako Maroussiren aurka. Maroussi izan da, ostera, Euroligako ustekabe potoloenetakoa. Joan den sasoian jo zuen goia Alba Berlinek, Euroligako Top 16a jokatzeko sailkatu baitzen.

Liga erregularrean 5-1 balantzea lortu zuen, eta Top 16ko ligaxkan 4-2koa. Nabarmen okertu zitzaion final-laurdenetarako bidea, Salonikako Arisen aurka bi partidak galdu ondoren, baina, azken partidan, derrigor menderatu behar zuen Joventut aurrera egiteko, eta 62-68 nagusitu zen Badalonan bertan. Alemaniarren arriskua handia dela erakusten du horrek. Final-laurdenetan Jerusalemgo Hapoel utzi zuen bide bazterrean. Sei puntugatik galdu zuen Israelen, eta aise eman buelta markagailuari Berlingo 02 kantxa erraldoian: 72-59.

Talde ona da, distira handirik gabekoa, baina menderatzen zaila, zer eta nola egin behar duen ondo dakiena, eta defentsan estutzen dakiena. Nahikoa argudio dira, finalerdia gogorra izango dela aurreratzeko.

Valentzia da faboritoa Panelliniosen aurka, lehen finalerdian

Bilbo Basket bezala dago Valentzia. Faborito argitzat jotzen du prentsa guztiak, eta Neven Spahija entrenatzailea eta jokalariak arduratuta daude. Talde apalagoa dauka, itxuraz, Panelliniosek, baina Eurokopa txapelketan garaipen esanguratsuak lortu ditu. Bilbo Basket menderatu zuen Atenasen, eta final-laurdenetan Kanaria Handia kanporatu zuen. Valentziak seigarrenez jokatuko du Lauko Finala hamarkada honetan, baina behin bakarrik pasa du finalerdietako langa, 2005 urtean.

Jokalarien zerrenda begiratuz gero, talde osatua dauka Panelliniosek, Roderik Blakney du joko antolatzaile postuan, eta Devin Smith eskolta postuan. Joshua Davis hegalekoa ere une aproposenean osatu da. Vogioukas ere ondo mugitzen den pibota da, eta borroka polita izango du Valentziako Kosta Perovic erraldoiarekin. Nando de Colo Valentziako joko antolatzailea garaiz osatu da, eta Rafa Martinez eta Victor Claverrek erabakigarriak izateko talentua dute soberan. 18:00etan izango dira nor baino nor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.