SASKIBALOIA. EUROKOPAKO LAUKO FINALA. Eroriz ikasten da oinez

Bilbo Basketek bi garaipen behar ditu bere historia laburreko lorpen handiena biltzeko; ia 4.000 zalek babestuko dute harmailetan

Andoni Urbistondo.
2010eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bizitza ikaste prozesu etengabea den neurrian, kirol lehiaketetako eskarmentua ere bai. Bilbo Basket Turingo Eurokopako Zortziko Finalera pasatu zen joan den denboraldian. Final-laurdenetako koska gainditu zuen Zadarri irabazita, baina finalaren atarian geratu zen Khimkiren aurka galdu ostean. Aurten, finalerdiak jokatuko ditu zuzenean, eta final handia jokatzeko partida bakarra irabazi beharko du, Alba Berlinen aurka. Hala egiten badu, zain izango du Valentzia edo Panellinios, final handian. Eroriz ikasten da oinez, eta bizkaitarrek Turingo erorketa baliatzen jakin behar dute, euren historian oinez egiten hasteko. Han ikusi eta bizitakoarekin ikasi, eta antzekoa gerta ez dadin saiatu.

Baikortasuna bidailagun ona da, baina neurrian. Bilbo Basketen eta Lauko Finalaren inguruan gehiegizko baikortasuna sumatzen da, eta hori ez da ona. Marko Banicek berak esan du Alba Berlin kantxaratu gabe menderatuko dutela dirudiela prentsari erreparatuta. «Hori ez zait batere gustatzen. Jendea finalean pentsatzen hasita dago, finalerdia jokatu aurretik, eta denei zuhurtziaz jokatzeko deia egin nahi nieke». Mezu egokia da, eta, lana egin aurretik dena egina dagoela pentsatzen duenarentzat, astindu txiki bat iraganari. Bilbo Basketek komeria asko izan zituen atarikoan Donetsk ezezaguna menderatzeko, eta, final-laurdenetan ere, gorriak ikusi zituen Nymburken aurka, Txekian hamabi puntugatik irabazi ostean.

Donetsk eta Nymburk baino askoz indartsuagoa da Alba Berlin, eta kontuz. Joventut utzi du bide bazterrean, besteak beste. Ikusteko dago Albako Julius Jenkinsek zer eman dezakeen. Buruan kolpea hartu zuen Hapoel Jerusalemen aurkako kanporaketako joanekoan, eta, orduz geroztik, ez du jokatu. Jokatuko duelakoan dira Bilbon, Alba Berlinek haren beharra duelako finalerdia aurrera atera nahi badu. Bizkaitarrak ere kili-kolo dabiltza lemazain postuan, Javi Rodriguezek gihar haustura txiki bat dauka eskuin izterrean, eta ez dago sasoi betean.

Bilbo Basketek saskipean bilatu behar du garaipena. Talde hobea da saskitik gertu, jokalari garai eta indartsuak dituelako. Albak Sekulic eta Chubb bakarrik ditu pibot postuan, baina Moisok, Hervellek eta Banicek gaina hartzeko talentua eta indarra dute sobera. Kanpotik barrura ere, dema polita izatea espero izatekoa da Mumbruren eta McElroyren artean. Adi Albako jaurtitzaileekin, ia denak moldatzen baitira ondo hiruko lerrotik. Bukatzeko, defentsaren garrantzia, 65-70 puntuko partida izango baita normalean.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.