Bidorretak defentsaren aldeko apustua egin zuen amesten jarraitzeko eskubidea babesteko. Irabazteko bide zailena da, eta zaleek ez zuten atsedenik hartu defentsa lanak jokalariei eskatzen dien ahalegin horri indar tanta bat gehitzeko. Atzeko lana ondo egin zuen Iurbentiak, Khimkiko jokalari eta entrenatzaileen bertute tekniko eta taktikoak azaleratzera behartuz. Hutsunea, baina, erasoan egon zen. Saskirako bidea itxi egin zitzaion, eta uztaia txikitu jaurtitzaileei. 24 hiruko jaurtiketetatik zortzi baino ez zituen sartu, eta horrela ezin da zulorik egin.
Partidaren bukaeran zaleek txalo artean agurtu zituzten jokalariak, eta jokalariek bueltan bidali zizkieten harmailetako ero xarmant horiei. Malkoak ere agertu ziren, eta sentimenduak azaleratu ziren. Batzuek besteez harro egoteko arrazoiak soberan dituzte, eta biek hala jarraitzen badute ziur ez dela loriaren bueltan dabiltzan azkeneko aldia.
Khimkik hobeto hasi zuen partida, eta bi minutu eta erdi aski izan zituen Bilbo Basketi Europan handi izateko dituen arrazoiak erakusteko. Garbajosak orekatzen du errusiarren jokoa, aise mugitzen du baloia eta jaurtitzaile fina da (13-2). Lehen golpea gogorra izan zen, eta ondoezik utzi zuen Iurbentia. Bilbotarrek beste minutu pare bat behar izan zituzten lurretik altxa eta bere armak erakusteko. Lehenbizi urrundik saiatu zen, baina atzokoa ez zen hiruko marratik saiatzeko eguna. Iurbentiak uztaira gerturatu beharra zeukan, eremua zapaldu, eta saskipeko lokatzean Banic eroso mugitzen da. Kroaziarrak zortzi puntu sartu zituen, eta emaitza atondu zuen laurden bukaerarako (26-21). Okerragoa izan zitekeen.
Bigarren laurdenean Bidorretak bidea itxi zion Khimkiren talentuari. Itogina konpondu behar zen lehenbizi, eta borrokarako bostekoa kantxaratu zuen. Ahaleginak fruitua eman zuen, eta puntu jarioa itxi. Beste arazoak, baina, erasokoak, berean jarraitzen zuten. Kanpoko jaurtiketa beharrezkoa zen Khimkiren defentsa irekitzeko, eta hiruko marrako batez bestekoak ez ziren hobetu. Atsedenaldian bost puntu ziren atzetik bilbotarrak, eta defentsak ametsa egi bihur zezakeenaren ustearekin abiatu ziren aldagelara jokalariak (40-35).
Talentuak erabaki du
Gutxi aldatu zen norgehiagoka hirugarren laurdenaren hasieran. Iurbentiak defentsan gogor jarraitu zuen, eta Khimkik enbidoa onartu zuen. Partida trabatu egin zen, eta errusiarrak hobeto moldatu ziren. Iurbentiak baloiak galdu zitzala lortu zuten, eta zortea ere alde izan zuten Bilbo Basketek huts eginiko bizpahiru saskiratze errazetan. Kanpoko jaurtiketan kamuts jarraitzen zuen. Tarte horretan azaleratu zen errusiarren jokalarien maila eta indarra. Bilbo Basketek estutu arren, jokaldi luzeei etekina atera zietelako. Ez zituzten puntu asko sartu, baina Iurbentiak baino gehiago halere (58-50).
Azken laurdenak hirugarrenaren traza izan zuen. Iurbentiaren barnealdiak Khimkiren jokaldi landu eta indar fisikoaren aurka, eta errusiarrek lehen oina sartu zuten finalean (71-58). Azken bi minutuetan, baina, miraria gertu egon zen. Hirukoak behingoz sartu ziren. Reckerrek 21 puntu zeramatzan, baina Salgado izan zen ilusioa piztu zuena. Hiru hiruko eta barnealdi bat, Iurbentia bost puntura jarriz (71-66). Boladak, baina, ez dira errenta kirolean, eta beranduegi zen. Zaleek txalo eta malkoek jarri zioten bukaera bidaiari, eta bide batez ametsari.
Khimki 79
Bilbo Basket 73
Khimki. Palacio (5), Fridzon (14), McCarty (12), Garbajosa (11), Mozgov (7) -hasierako boskotea- Rannikko (), Delfino (18), Ponkrashov (2), Wilkinson (8), Lampe (2).
Iurbentia Bilbo Basket. Blums (), Seibutis (4), Vazquez (5), Banic (15), Guardia () -hasierako boskotea- Salgado (9), Recker (21), Lewis (7), Pasalic (6), Markota.
Markagailua. 26-21, 40-35 (atsed.); 58-50, 79-73.
Epaileak. Brazauzkas, Ziembliki eta Latisevs. Epaileek ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 3.110 ikusle Turingo Palasport pabilioian. Bilbotik joandako 500 zale zaratsuek ederki girotu zituzten harmailak.
Lietuvosek ez du onartu beste ustekaberik aurreneko finalerdian
Lietuvos Rytas Eurokopako finalerako sailkatu zen atzo, Hemofarmen aurkako finalerdia irabazita (68-73). Lituaniarrek uste baino arazo gehiago izan zituzten talde gazte serbiarra kanporatzeko. Lietuvosek Eurokopako finala jokatuko duen hirugarren aldia da.Lehen zatian Petravicius jaun eta jabe izan zen bi eremuetan, eta berari esker Lietuvos aurretik iritsi zen atsedenaldira (36-28). Lituaniarrek, baina, ez zuten tartea gordetzen jakin, eta Joksimovicen eskumutur finak bi puntura jarri zuen Hemofarm laugarren laurdenaren hasieran (47-49). Azken laurdenan zuzen jarraitu zuen, eta Marjanovic erraldoiaren -2,22 metro luze da- laguntza jaso zuen. Lietuvosek, baina, talde hobea du, eta Lukauskis, Eidson eta Petraviciusen artean finalerako txartela ziurtatu zuten.