SASKIBALOIA. EUROKOPAKO ZORTZIKO FINALA. Finean, adoreak erabakitzen du

Bilbo Basketek gorriak ikusi ditu Zadarren aurka irabazteko, eta azken laurden hasierako oldarraldiari esker egin du aurrera

Imanol Magro. Berriemaile berezia. Turin.
2009ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Dena presta daiteke. Bertutea da edonora tokia ondo ezagututa joatea. Mapak, liburuak... beti dira lagungarriak. Ez da komeni gauza garrantzitsuak inprobisazioaren esku uztea, normalean buruak bihotzak baino gehiagotan asmatzen duelako. Bai behintzat kirolean, eta gutxitan bezala, saskibaloian. Halere, batzuetan, bihotzari kasu egin behar zaio. Finean, adorea eta grina direlako partidak desorekatzen dituztenak.

Iurbentiak asteak zeramatzan atzoko partida prestatzen: laborategi lan iluna, entrenamendu luze eta berezituak, prestaketa taktikoa... Egia da atzo Iurbentiak taktikoki Zadarrek baino hobeto jokatu zuela, baina azken laurdenean adore kolpe batek erabaki zuen partida. 10-0eko partziala Blums eta Guardiaren eskutik. Biak izan ziren onenak. Antolatzaileak 21 puntu lortu zituen, eta Guardiak lan zikina egin zuen.

Azken oldarraldia, baina, ez zen prestaketa kontua izan. Kolpea hartu eta altxatzen denaren kemena baizik. Zadar altxatzen saiatu zen azken txanpan, baina orduan agertu ziren taldeko beteranoak. Guardiak, beste behin, Vazquezek eta Salgadok gustuko erritmoa jarri zioten partidari, eta Iurbentiak helburua lortu zuen. Gaur finalerdiak jokatuko ditu, Moskuko Khimki ahalguztidunaren aurka (21:00, ETB 1). Errusiarrek atzo Pamesari irabazi zioten beste finalerdian (76-73).

Bilbo Basketek ezin hobe ekin zion partidari. Aurkaria ondo ezagutzeak abantaila hori du, ustekabean harrapatu eta ahuleziak ustia daitezkeela. Zepoa jarri zion Bidorretak Zadarri, eta kroaziarrek amua irentsi zuten. Stipcevic da lemazaina taldean, eta bilbotarrek ito egin zuten. Ez zioten pentsatzen utzi, eta ausart abiatu ziren uztaira. Blumsek sartu zituen lehen bost puntuak, antolatzailea behartuz, eta Seibutisek eta Vazquez jo zituzten hurrengo bi kolpeak (12-0).

Hasiera onak lehen laurdena baldintzatu zuen. Zadar urduri zebilen, trakets, eta Iurbentiak aldea irekitzea lortu zuen Pasalicen eskutik (24-11). Ondo hastea garrantzitsua zen, aurkaria baino gehiago izan zitekeela goiz ikusteko. Gecevski pibota izan zen, lau punturekin, Zadarren aldetik uztaia aurkitu zuen bakarra. Banicek, gaixo, ezin zuen bere maila eman, baina taldeak, hasieran behintzat, ez zuen nabaritu.

Bigarren laurdenean erantzun zuen Zadarrek. Jokalariak asko ireki eta Farmerrek buruz buruko jokaldiak bilatu zituen. Eskolta ezkertiarrak min egin zuen eremua zapaldu zuenean, baina hirukoak ez zitzaizkien sartu kroaziarrei. Errebotean, ordea, gaina hartu zieten Iurbentiako pibotei. Pericek Banicen hutsunea baliatu zuen saskia bi aldiz birrindu eta tartea murrizteko (35-29). Zadarrek bere jokoari traizio egin zion, baina emaitza ona zen.

Zadar gerturatzen ari zen, apurka, eta lehen kolpea bueltatzeko zorian zegoen. Vazquez agertu zen orduan. Eskarmentudun jokalariek egin behar duten bezala, baloia eskatu zuen patxada behar zenean. Barnealdi bat eta bi jaurtiketa librerekin zortzi puntura arte zabaldu zuen tartea atsedenaldiaren aurretik (39-31).

Hirugarren laurdenaren hasiera aurrenekoaren antzekoa izan zen. Bidorretak partidaren prestaketan azaldurikoak gogorarazi zizkien jokalariei. Berriz ere oldarkor hasi ziren, eta berriz ere Zadarrek amua irentsi zuen. Blums eta Guardiari esker 10-3ko partziala lortu zuen Iurbentiak (49-34). Zaleek, erotzear, oihuekin saritu zuen kutunen ahalegina.

Kroaziarrek, ordea, ez dute erraz amore ematen. Lehiakortasuna zainetan daramate, eta taldeko saskiratzaile nagusia lau faltarekin aulkian egon arren, berpiztu egin zen. Tornado-aren animuekin tartea jaten hasi zen laurden bukaerara arte. Erlojupeko eroa zen, eta Peric eta Rucik borreroak. Bien artean 15 puntu sartu zituzten, eta eurek eragin zuten 17-4ko partziala. Azken labainkada Rancikek jo zuen, txirrinak jo zuenean hiruko batekin partida berdinduz (53-53).

Guardia izan da heroia

Bilbo Basket jota iritsi zen azken laurdenera. Zaleak ez ziren isiltzen, baina jokalariek burumakur entzuten zituzten Bidorretaren azalpenak. Miraria egin zen baina. Guardiak jokalariak bildu, animatu eta hegal-pibot beteranoak berpiztu egin zituen. Lokarturiko kuraia esnarazi zien, eta oraindik azken hitza esateke zutela erakutsi zioten Zadarri.

Guardia zen burua, eta Blums iraultza txikia aurrera eramateko arduraduna. Partidan laugarrenez Bilbo Basketek laurden hasiera bikaina izan zuen. Joko-antolatzaile letoniarrak hiru saskiratze sartu zituen, Guardiak eta Pasalicek, berriz, bana. Defentsan, aldiz, Vazquez izan zen azti ibili zena. Gecevskiren bosgarren falta eragin zuen lehenbizi, eta Stipcevicen falta teknikoa gero. Ez zen ageri aurreko laurdenetako distira taktikorik, adore kontua izan zen, minutu eta erdiko sumendia, eta hamar puntuko altxorra berriz ere (65-55).

Zadarrek berean jarraitu zuen, emaitza eta partida bukaera estutuz. Aurreko laurdenetan lortu zuten lehia orekatzea, eta laugarrenean berriz egin zezakeen. Bidorretak, baina, Guardia, Vazquez eta Salgado elkartu zituen. Edozein erritmo motelduko luke hirukote horrek, eta jaurtiketa libreen dantzan Santutxukoa oso fin ibili zen. Partida bukaeran zaleek Guardia goratu zuten. Ez zituen puntu gehien sartu, baina lan bikaina egin zuen defentsan, Hegal-pibota izan eguneko heroia.



Bilbo Basket 76

KK Zadar 67

Iurbentia Bilbo Basket. Blums (21), Seibutis(8), Vazquez (7), Banic (2), Guardia (8) <!->hasierako bostekoa<!-> Salgado (10), Recker, Lewis (4), Savovic, Pasalic (12) eta Markota (3).

KK Zadar. Stipcevic (9), Farmer (11), Peric (17), Macura (2), Gecevski(7) -hasierako bostekoa- Rancic (7), Johnson (8), Ruzic.

Markagailua. 24-11, 39-31 (atsed.); 53-53, 76-67.

Epaileak. Cerebuch, Chambon eta Anastopoulos. Iurentiako Banic eta Pasalic, eta Zadarreko Rancic, Stipcevic, Gecevski eta Ruzic kanporatu zituzten.

Bestelakoak. 3.000 ikusle Turingo Palasport pabilioian. Bilbotik 400 zaltik gora gerturatu ziren.





Bilbo Basketeko 400 zale inguruk egin dute Turinerako bidaia, horietatik berrogeita bostek hamasei ordukoa autobusez. Orbain beltz zaratatsua nagusi izan da harmaila hotzetan, baita Iurbentiak jokatu ez duenean ere.

Ilusioz beteriko kilometroak

I. Magro. Turin

Itxura hotza dut Palasportak. Nahita eginikoa da, Neguko Olinpiar Jokoek dotorezia hauskorrarekin bat egiteko. Zortziko Finalean ere zaila da giroa berotzea, zortzi talde, bat egiten ez duten zortzi zalego desberdin... Ez da zaila partidetan harmailaren zati asko hutsik egotea. Atzokoan, baina, bazen bat bereziki zaratatsua, antolatzaileek euren esku utzitako harmaila zati osoa elastiko eta bandera beltzez estali zutena. Hala onartuta, beste talde guztien kazetariek inbidiaz begiratzen zioten.

Bilbotik 400 zale inguru gerturatu dira Turinera eta eurek osatu zuten orbain beltz zaratatsua. Ilusioa da animatzeko erregairik onena, eta banatzeko adina dute. Atzo, suari eutsi ezinik, Bilboko zaleak izan ziren iskanbila sortu zutenak Khimki eta Pamesaren arteko partidan. Hiru ordu falta ziren Iurbentiaren lanak hasteko, baina bihotzak agintzen dueneanlogika guztiak hankaz gora jartzen dira. «Bai, Bai, Turinen gaude», eta Casilla zaharrak jauzi egin zezan eskatu zuten aurkari izan zitezkeen bi taldeen arteko partidan.

Ilusioa zen, eta orbainaren bihotzean hamasei orduko bidaia egin zuten 44 zale ausartak. Bilbotik osteguneko 22.00etan irten eta Piamonteko hiriburua ostiraleko 14.00etan zapaldu zutenak. Beste guztiak herenegun joan ziren, hegakinez. Autobus deserosoa zen gainera, loa balentria bihurtu eta belaunak txikitzen dituzten horietakoa. 1.200 kilometroko bidai gogor batek garraiobide hobea eskatzen zuen.

Horrelako erokeriak jende gaztearekin erlazionatzen dira normalean, baina Bilbotik irtendako multzoan gehiengoa jendea heldua zen, 40 urtetik gorakoa. Taldearekin gozatu eta sufritzeko prest daudenak. Halere, tartean ere ez zen gazterik falta, gidariaren aginduari kasurik egin ez, eta garagardo ugari, kalimotxoa eta hiru litroko patxaran botila estraperloan igo zutenak. «Arimarentzako erregaia dira», zioten Santutxuko zale pare batek autobusetik jaitsi berritan.

Bidaia ilunpetan hasi zen, Moskuko Dinamok jasotako porrotaren inguruko kontuekin. Lietuvosek ere irabazi zuela jakiteak ustekabe giroa indartu zuen. Zergatik ez Bilbo Basket? Tau Baskoniak Bartzelonaren aurka galdu zuela jakiteak zauri zaharrak gogorarazi zituen. «Aurten gu baino ez gara atzerrira joango». Garrasi bat ilunpetan, bizilagun txar anonimoa.

Frantzia mendebaldetik ekialdera gurutzatzea odisea bihur daiteke, geldialdietan otarteko sakratu eta erdipurdiko kafeek mina arintzeko balio badute ere. Eguzkiak hautsi zuen autobuseko isiltasuna, bigarren filma, eta nagiak aldentzeko saiakerak. Monakon eginiko geldialdiak bista gozatzeko balio izan zien, eta Alpeen mendilerroak bidaia laster bukatuko zela gogoratu zien ausartei.

Egunsentiarekin bat hasi ziren abestiak, Italiako muga pasata. Ez ozenegiak, inork ezin zitzakeeelako entzun. Turinera iritsi aurretik autobideak ia hirurogei kilometroko zuzengunea du, eta eguzki izpiek ondo berotu zuten giroa ordubetez. Eztarriak libratu eta ozenago abesteko garaia zen. Gazteak ziren akuilua, eta autobuseko beteranoak korua. Hamasei orduek merezi zuten amaiera ezin hobea zen. Behin Turinen, Bilbo Basketek zaleek girotu zuten Palasporteko kanpo aldea. Khimkikoak saiatu ziren aurre egiten, baina ez zegoen kolorerik. Ilusioa, arimarentzako erregaia... ez, ez zegoen orbaina garbituko zuenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.