SASKIBALOIA. EUROKOPAKO ZORTZIKO FINALA. Isozakiren zubia

Gaur hasiko da Zortziko Finala Turinen, Errusiako taldeak faborito dituela, eta Euroligan sartzeko aukera, sari potolo gisa

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2009ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herrian dorreek egin dute ezagun Arata Isozaki. Bilbon, Uribitarten, utzi du bere zigilua. Baina tankera guztietako eraikinak diseinatu ditu arkitekto japoniarrak, baita kirol jauregiak ere. Turinen du handienetako bat (Italia), eta han jokatuko da gaurtik aurrera Eurokopako Zortziko Finala. Pabiloia, baina, zubia ere izan daiteke, txapeldunak sari handia baitu, Euroligan sartu izana. Txapelketa txikitik handira igarotzeko eskubidea. Talde askorentzat helburua lortzeko bide motzena da, liga bukaerako komeriei itxaron behar izan gabe.

Zortziko Finalak sistema arrakastatsua dira. Lau egun, zazpi partida eta emozioa barra-barra. Era berean zortzi taldeetako zaleak hiri batean elkartzeko aitzakia bikaina da. Iaz Joventutek irabazi zuen, eta aurten Errusiako Ligako talde aberatsak eta Benneton Treviso dira faboritoak. Bilbo Basket, berriz, ustekabea emateko aukerak dituzte taldeen multzoan dago.

Isozaki Palasporta 2006ko Neguko Olinpiar Jokoetarako eraikitako pabiloia da, eta han jokatuko dira 2011ra arteko Europako talde mailako bigarren txapelketako azken faseak. Dirua erruz iritsi da Errusiako kirolera, eta futbolean bezala saskibaloian ere sumatu da eragina. CSKA da nagusi Ligan, eta beste bi talde indartsuenek, Khimkik eta Moskuko Dinamok, Turinen egingo dute bat.

Bien helburua da Euroliga, eta Errusiako Ligan lor daitezkeen bi aukeratatik bat CSKA-k erdi ziurtatuta duenez, buru-belarri prestatu dute Zortziko Finala. 30 milioi euroko aurrekontua izan arren, Khimkik gorriak ikusi zituen sailkatzeko, eta hiru partida galdu zituen bigarren fasean. Halere, izenek bihurtzen dute faborito: Garbajosa, Delfino, McCarty, Ponkrasov, Lampe... Talentu metaketa heldu den urtean Euroligan aritzeko. Moskuko Dinamok ere antzeko aurrekontua du. Dinamon Nachbar da izarra, eta haren alboan Javtokasek, Hansenek, Chasek eta Lavrinovicek multzo beldurgarria osatzen dute. Dinamok ustezko aurkari samurrena du lehen partidan: Hemofarm

Bi faborito handien ondoren Benetton Treviso ageri da, etxeko taldea. Oktay Mahmutiren agindu zorrotzetara, iraganera itzultzen ari da Benetton. Defentsa da arma nagusia. Erasoan, Gary Neal da mehatxua, Soragna, Nicevic eta Bulleri lagun dituela. Maila bertsuan dago Pamesa, gorabeherei aurre eginez gero. Antzeko egoera da Bilbo Basketena.

Lietuvosek eta Zadarrek ere ustekabea eman dezakete, talde handiren bat kanporatuz, baina ez dirudite hautagai sendoak txapelerako. Eraso jokoa dute oinarri bi taldeek eta talentua sobera. Uztaipeko zuloak ere handiegiak dira, baina, eta ez dirudi igandera iritsiko direnik. Azkenik, Hemofarm da ustez talde ahulena. Lehen fasean Iurbentiaren aurkako bi partidak galdu zituen.



Blatt, Mahmuti, Scariolo... Zortziko Finaleko aulkietan ere ez da izarrik faltako

Zortziko Finalak ia kantxan adina izar elkartuko ditu aulkietan, Europako teknikari onenetariko batzuk zuzentzen baitituzte taldeak. Ezagunena David Blatt da, Dinamokoa. Maccabirekin Israelgo Liga eta Euroliga irabazitakoa da, baita Eurokopa Dinamorekin ere, eta Europako Txapelketa Errusiako selekzioarekin.

Oktay Mahmutik, berriz, Benetton zuzenduko du, eta aurretik lau aldiz du irabazia Turkiako Liga eta Kopa. Scariolo Italiako Liga eta Espainiako Kopa irabazitakoa da, eta egun Espainiako selekzioko hautatzailea ere bada. Neven Spahijak zuzentzen du Pamesa, iragan sasoian Taurekin Liga eta Kopa irabazi zituen entrenatzaileak.

Zadarren, berriz, Zmago Sagadin da burua, Adriatikoko Liga entrenatzaile historikoetako bat. Lietuvos, berriz, Rimas Kurtinaitisek zuzentzen du, eta oraingoz urrun ditu jokalari garaiko lorpenak.



Jorge Garbajosa. Khimkiko jokalaria
Arazo fisikoekin ekingo dio Zortziko Finalari, eta ez du ikusten faboritorik, aurrekontu handiek ez dutelako berez punturik sartzen.

«Talde guztiak dira handiak,baina burumakur itzuliko dira zazpi»

I. M. Bilbo



Gihar bikiko arazo fisiko batek ez dio jokatzen utzi azken asteetan eta berrindartzen prozesua bizitu behar izan du garaiz sendatzeko. Halere, litekeena da Garbajosak bihar jokatzea, bera behintzat baikorra da, eta hala uste du (Torrejon de Ardoz, Espainia, 1977 ).Eurokopako bigarren fasean gorriak ikusi ondoren Khimkik Pamesa du lehen aurkari. Baskoniako jokalari ohiak ez du Zurbao ahaztu, eta hango lagunekin harremanetan jarraitzen du

Zortziko Finalerako sailkatzea kosta zaizue, inork uste baino gehiago.

Bigarren fasea bi porrotekin hasi ostean ondo erreakzionatu genuen. Panellinosen aurka etxetik kanpo irabazi genuen, eta Maroussiren aurkako puntu aldea altxatu gero. Multzoa gaizki hasi arren ondo bukatu genuen, eta Dinamoren aurkako azken partidan ez zegoen deus ere jokoan.

Ustekabea izan zen, bai behintzat taldearen sona aintzat hartuta.

Izenek ez dute ezer irabazten, kirolaren historian milioika talde egon dira izen asko izan eta ezer ez irabazi ez dutenak. Talde ona edo txarra den kantxan ikusten da, ez paper gainean.

Turinen garaipenak baino ez dio balio Khimkiri.

Bai, baina edozein talderi bezala. Turinera doazen talde guztiak irabaztera doaz. Halako txapelketetan talde batek lortzen du arrakasta, eta zazpi burumakur irteten dira, denak doazelako irabazteko asmoz. Eta gu horietako talde bat gehiago gara.

Eurokopa Euroligara iristeko biderik motzena al da?

Sari handia litzateke, baina titulu bat lortzea berez da erakargarria. Baina, tira, bide batez Euroligan sartzea lortzen badugu, taldearen sasoiko helburu nagusia, hobeto. Hala, presioa kenduko genuke gainetik, Errusiako Ligako kanporaketak jokatzeko.

Presio berezirik sumatzen al duzue?

Orain arte zaila zen Euroliga jokatzea, Errusiatik talde bakarra sailkatzen zelako, eta aukera hori ia beti CSKArentzako zen. Sasoi honetan, berriz, Errusiako txapeldunordea ere sailkatuko da, eta horrek borroka bizitu du, talde asko gaudelako lehian sartuta.

Liga gogorra da Errusiakoa.

Liga bitxia da, engainagarria, azken biak kenduta beste talde guztiak gogorrak direlako: Dinamo, Kazan, Triumph, Rostov... Euroligan lehiatzeko maila dute, ez diot irabaztekoa, baina bai lehiatzekoa. Gero ere, talde askok, etxean jasotzen dituzunean, behera egiten dute, baina Krasnoiarks, Perm edo Rostov kantxetara joatea oso gogorra da.

Nolakoa da Khimki talde gisa?

Talde oso gaztea da, aukera asko dituena, anbizio handikoa. Asko eman dezake, hazteko gogoa du... eta gauza berri guztiek bezala bere denbora behar du. Ez da erraza dirua gastatzen jakitea, kontu batzuetan oso gogor ari dira lanean, eta, horregatik, Scariolo fitxatu izana garrantzitsua da. Hobetu eta aldatu nahi dituen kontu askotan laguntzen dio taldeari.

ACB Ligako talde handi batekin alderatuta oso desberdina al da?

Gauza askoz hobeak eta okerragoak ditu. Bidaia kontuetan, adibidez, gozamena da. Bi hegazkin ditugu, bat Errusiako Ligarako eta beste bat Euroligarako. Han, berriz, charter txikiak dira. Khimkik punta-puntako taldea izan nahi du Europan, nola kirol mailan hala administrazio mailan.

Nolakoa iruditzen zaizu zuen bidea Zortziko Finalean?

Lehenbizi Pamesa dugu, eta ez dakit talde onena den, baina bai behintzat talentu handien duena. Izenei erreparatuta, talde izugarria da, baina izenek ez dute irabazten. Partidaren une txarrak hobekien kontrolatzen dituenak irabaziko du. Libre eta eroso jokatzen uzten badiogu, jai daukagu.

Nola ikusten duzu Zortziko Finala?

Topikoa dirudi, baina ez dut faboritorik ikusten. Benetton eta Dinamoren aurka jokatu dut, Iurbentia eta Pamesa ezagutzen ditut... eta ez dut faborito garbirik ikusten. Pamesak talentua du, Iurbentiak multzo gogor eta gotorra, Bennetton bi urte kaskarren ondoren betidanik izan den taldera itzultzen ari da, Zadarrek Kazan kanpoan utzi du... Oso parekatuta dago. Halako kanporaketa eredu laburretan garrantzitsuena lehen partida da, are gehiago esango nuke, gakoa lehen hamar minutuak dira.

Nola ikusten duzu Bilbo Basket? Espero al zenuen Turinen?

Ez diot oso gertutik kasu egin, baina ondo ikusten dut. Iragan sasoikoa bezalako arrakastaren ostean beti dago arriskua ondo ez hasi eta jendea apur bat urduritzeko. Iurbentiak arazoak izan zituen hasieran, baina orain eroso dago ACB Ligan. Zortziko Finalera iritsi da ere, eta hor mantentzen jakin du, eta hori da zailena, mantentzea.

Arlo pertsonalean zer moduz daramazu Europako jokora berriz egokitzearena?

Ondo, egia esan oso pozik nago. NBAko esperientzian neure buruari eskatzen zizkidan gauza batzuk erakutsi ondoren, gorputzak itzultzeko eskatzen zidan, eta nire ibilbidearentzako aukerarik onena hartu nuen.

Hirira eta bizitza erritmora egokitu al zara?

Nik beti esan dut kirolari profesionalak, saskibaloikoak kasu honetan, erreala ez den burbuila batean bizi garela. Etxetik kanpo zaude, baina tira, taldeko jendea duzu alboan eta gehienak ere kanpokoak dira. Hiruzpalau toki ezagutzen dituzu, jatetxeren bat... eta beste denbora guztia entrenatzen igarotzen duzu. Beraz, toki bakoitzeko errealitatea ez duzu gertu-gertutik ezagutzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.