SASKIBALOIA. EUROKOPAKO ZORTZIKO FINALA. Kaixo, Bilbo Basket gara

Iurbentiak KK Zadarren aurka jokatuko du gaur, Zortziko Finaleko final-laurdenetan

Imanol Magro. Berriemaile berezia / Turin.
2009ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Bere burua aurkezteko garaia iritsi zaio Bilbo Basketi. Europako plaza handietara iritsi berria da, eta gaur joko du atea. 'Kaixo, Bilbo Basket gara, eta egun pare batez gelditzeko asmoa dugu gutxienez. Agian, igandera arte, nork jakin?'. Khimki, Moskuko Dinamo eta Benettonen itzalean, izen gutxiagoko aurkaria izango du hasteko: KK Zadar. Izen gutxiagokoa, baina ez ahula, tradizio handia baitu Kroaziako saskibaloian. Irabazleak Khimki edo Pamesa izango du aurkari, baina horiek, izatekotan, biharko kontuak izango dira.

Azken urteetan maiz esan da Bilbo aldean Iurbentiak bere historiako beste atal idatzi behar duela. Taldea bizkor hazi da, eta zortzi denboraldi aski izan dira Eurokopako Txapelketa bateko fase erabakigarri batera iristeko. Turinen irabazteak Euroligarako txartela emango lioke, baina ezin du hain urrun begiratu hasieratik. Iurbentiak partida bakarrera edozein talderi irabaz diezaioke, baina baita edozeinen aurka galdu ere eta aukera guztiak Po ibaian hondoratu.

«Etxeko lanak egin gabe daude oraindik, eta hiru partida jokatu nahi ditugu». Txus Bidorretak ideia hori hedatu nahi izan du azken egunetan. Zortziko Finala ez da festa edo sari bat; Iurbentialehiatzera doa Turinera, eta talde handiei hortzak erakustera. Europako aurrekontu handieneko taldeei kontra egin aurretik, baina, Zadarrenak egin beharko ditu, ustez talde apalagoa baita hori.

Zadar Kroaziako saskibaloiaren plaza historikoetako bat da, eta urte luzeetako lehortearen ondoren Europako egun handietara itzuli da. Halere, inoiz ez du irabazi kontinente osoko titulurik. Zadar Turindik gertu dago, eta zale sutsurik ez du faltako alboan. Kantxa gainean, berriz, Iurbentia gehiago da, betiere bere onena ematen badu. Zadar iaz Adriatikoko Ligako Lauko Finalera iritsi zen eta horri esker lortu zuen Eurokoparako txartela.

Aurreko sasoia gozoa izan zen Zadarren; aurtengoa, aldiz, zalapartatsua. Sasoi hasiera eskasak bi entrenatzaileren kontratuak etetea ekarri zuen. Eurokopako bigarren fasea ere gaizki hasi zuen, lehen bi partidak galduta. Zmago Sagadinek, baina, dena aldatu zuen. Entrenatzaile berriak diziplina ezarri zuen urte hasieran. Defentsa zorroztu zuen eta taldea sasoi guztiko jokorik onena egiten ari da egun. Dena den, erasoan jokatzen jarraitzen du, Zadarrek sartu baitu Eurokopan puntu gehien.

Aspaldiko bizkarrezurra

Zadarrek esperientzia handiko jokalariak ditu. Juby Johnson da kutuna, taldean lau sasoi daramatzan AEBetako hegalekoa. Ez du beste talderik ezagutu saskibaloi profesionalean, eta iaz 1.100 euro eman zizkion zale talde bati partida bat ikusteko autobusa antola zezan. Kantxan, berriz, denetarik egiten du. Saskiratzaile nagusia, eta bide batez izarra, Stipcevic joko antolatzailea da. Ia partida osoa jokatuko du gaur. Taldearen bizkarrezurreko hirugarren kidea Todor Gecevski pibota da. Eskumutur finekoa, iaioa da eraso jokoan, baina Iurbentiaren pibotek haren gabezia fisikoak baliatu beharko dituzte.

Farmer eskolta iritsi berriak eta Peric hegal-pibot gazteak osatzen dute hasierako bostekoa. Pericek 26 puntu sartu zizkion Benettoni azken partidan. Biek erraztasun handia dute saskiratzeko. Aulkitik, berriz, Rancicek, Ruzicek eta Makurak laguntzen dute. Hor du zulo nagusia Zadarrek, ordezko jokalariek taldearen maila jaisten dute.

Iurbentiak talde hobea du. Jokalari on gehiago ditu, eta Stipcevic itotzen badu, lehen pausoa emana izango du. Sail luze batean faborito litzateke, baina partida bakar batean edozer gauza pasa daiteke. Irabazteko, Iurbentiak bere jokoa egin behar du: defentsa gogorra eta aurkaria ito. Erasoan izango ditu aukerak, eta denak kale eginda ere, errebotean gehiago da. Bilbokoa da txapelketako bigarren taldea saskipeko arrantzan. Zadarrekoei beldur handiena ematen dien jokalaria Banic da, eta saskipeko jokalarien jarduna izango da gakoetako bat. Bilbo Basketek ez du kaixo eta agur egun berean esan nahi, eta finalerdiak eskura ditu.

350 lagun Bilbotik

Bilbo Basket ez da bakarrik joango. 350 zalek ere egingo dute bidea taldearekin. Hegazkin bidez joanikoak atzo iritsi ziren, bidaia autobusez egingo duten ausartak, berriz, gaur eguerdi aldera iritsiko dira Piamonteko hiriburura. Ez da izango zale kopuru handiena eramango duen taldea, Zadar eta Benettonenak nagusituko direlako. Italiarrek etxean jokatuko dute, eta Zadar Turindik gertu dago. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Turismo Bulegoaren eta Bilbo Basketen lankidetzarekin, zaleak Vittorio Veneto plazan elkartzea proposatuko du gaurtik aurrera.



Drago Pasalic.Iurbentia Bilbo Basketeko jokalaria

«Amets egin dezakegu, baina pausoz pauso joan behar dugu»

I. Magro. Turin. Berriemaile berezia.

Eurokopan jokatu du hobekien Drago Pasalicek (Split, Kroazia, 1984), baina azken asteetan apur bat behera egin du. Ondo ezagutzen du KK Zadar, gaurko aurkaria.

Aspalditik zabiltzate Zadarren aurkako partida prestatzen, ezta?

Bai, egia da, duela bi aste ligan izandako atseden jardunaldia horretarako baliatu genuen.

Talde handiei neurria hartzen ari zarete azkenaldian, eta horrek konfiantza emango dizue Turinen.

Saskibaloian ondo jokatu dugula ikusi da, eta hori garrantzitsua da. Zadarren aurka horrela jokatzen badugu, irabazteko aukera izango dugu, ziur. Baina, tira, bi txapelketa desberdin dira eta ezin dugu ahaztu Zadarrek ere ondo prestatu duela partida.

Iazko sasoiaren ondoren, Zortziko Finalak zaleen ilusioa piztu du berriz.

Zaleek asko espero dute Zortziko Finaletik, eta taldearentzat lorpen handia da Europako Txapelketa batean parte hartu duen lehen aldian hain urrun iristea. Baina ez da gauza handia zaleentzat bakarrik, baita guretzat ere, jokalariontzat, eta talde guztiei irabazten saiatuko gara. Baina pausoz pauso joan behar dugu. Gero, zaila da sasoi hau aurrekoarekin alderatzea; urte desberdinak dira, taldekideak ez dira berak... Aurreko sasoian defentsan bikain ibili ginen eta atseden hartzeko eta partidak prestatzeko nahi adina denbora genuen.

Ilusio hori, hein batean, Zadar hasteko aurkari egokia dela uste delako da. Baina zuk azaldu duzu dagoeneko ez dela erraza izango.

Talde guztien izenari begiratuta, pentsa daiteke errazenetakoa dela, are gehiago Dinamo edo Khimkiren aurrekontua ikusita. Baina nik jokatu dut Zadarren, ondo ezagutzen dut, eta badiotsut punta-puntako taldea dela. Zale sutsuak ditu, eta hiria saskibaloirako bizi da. Zortziko Finalak ikusmin handia sortu du, Kroaziako egunkariak Turinera begira daude eta Euroligara itzultzeko aukera ona dela esaten dute.

Hitz egidazu Zadarrez, ondo ezagutzen duzu taldea.

Nik taldekide izandako bik jokatzen dute han. Talde gogorra da, talde lan ona egiten duena, eta eskarmentu handikoa. Taldean denbora asko daramatzaten jokalariak ditu; Juby Johnson -dagoeneko etxekoa da han- eta Todor Gecevski mazedoniarra, esaterako. Hrvoje Peric eta Damir Rancic Spliten aritu ziren nirekin, eta oso jokalari onak dira. Farmer iritsi berria da eta erasoan oso trebea. Rok Stipcevic ere talentu handiko antolatzailea da, jaurtitzaile fina.

Talde arriskutsua dela diozu, beraz.

Partida sail luze batean faboritoak izan gintezkeen. Baina hau etxetik kanpo da, partida bakarrera...

Zu Splitekoa zara, ba al duzue lehia berezirik Zadarrekoekin?

Bai, beti izan da lehia hori, baina aurkari nagusia Zagrebeko Cibona da bi taldeentzat.

Amets egiterik ba al dago?

Amestu daiteke, zergatik ez, baina errealistak izan behar dugu. Sasoi onean gaude, egia da, baina ez dugu arreta galdu behar eta astiro joan behar dugu. Halere, inork ez du guk baino aukera gehiagorik.

Zer irizten diozu bigarren sasoian egin duzun lanari.

Ez da erraza izan. Kosta egin zitzaidan erritmoa hartzea, liga hasieran min hartu nuelako. Pozik nago taldearen lanarekin, baina nik emaniko mailak ez nau bete.

Kritikoa zara zeure buruarekin.

Hobeto joka dezakedala dakidalako naiz kritikoa. Une onak egon dira, noski, baina neure buruarengandik gehiago espero dut.

Zaleek lasaia zarela uste dute.

Ez da hala, ba; nire barnean ez dago patxadarik [eskuarekin bihotz taupaden keinua egin du]. Ez da urduritasun kontua, baina batzuetan gauzak ez zaizkit irteten nik nahiko nukeen bezala.





Marko Banic Zadarreko harrobian hazi zen. Hegal-pibota taldean zegoenean irabazi zuen Zadarrek azkenekoz liga. Haren anaia gaztea beheko mailetan ari da.

Traizio egitera behartuta

I. M. Turin. Berriemaile berezia.

Jendaurrean ez du aitortu, baina gertukoek salatzen dituzte Banicen sentimenduak (Zadar, Kroazia, 1984). Bere burua traidore sentitzen du. Albokoek ideia hori kendu nahi izan diote burutik, eta kirol profesionalaren beharrek egiten dute beste guztia, baina Bilbo Basketeko hegal-pibotarentzat gaurko partida ez da arrunta izango. «Partida berezia izango da, nola ez. Ezin dut ahaztu nire lehen pausoak ematen lagundu zidan taldea. Ez nuke euren aurka jokatu nahi. Baina, tira, hala suertatu da etanire onena emango dut».

Banic Zadarreko harrobiko harribitxi ugarietakobat da. Zadar Kroaziako saskibaloiaren iturburua eta talde historikoena da. «Alderatze aldera, saskibaloi taldea Zadarrentzat Athletic Bilborentzat denaren antzekoa da». Zadar izan zen saskibaloiaren atea Kroazian, eta zaleek gertutik bizi dute jokoa. Giro magiko horretan hasi zen Banic jokatzen, 13 zenbakia bizkarrean zuela. Hamabi urterekin sartu zen harrobian, eta Bilbora abiatu aurretik Adriatikoko Ligako txapela lortu zuen.

Banicek ondo ezagutzen ditu Zadarreko zaleak, Tornadoa deritzenak, eta badaki askok egingo dituztela Turinera arte autoz dauden zazpi orduak. Beraz, Iurbentiaren zaleen lana izango da euren eraginari aurre egitea. «Bilbotik Turinera zale asko joatea espero dut, haien babesa oso garrantzitsua izango da guretzat gaur».

Zadarreko harrobiarekin duen harremana, baina, ez du eten, anaiak han jarraitzen duelako. «Emilio deitzen da. 2,03 metro luze da, 1993an jaiotakoa eta hegaleko postuan jokatzen du. Talentua badu eta urrun irits daiteke lanean jarraitzen badu». Anaiaren lanerako grina badu, ziur arrakasta lortuko duela, Banicek lanari esker egin baitu bidea. Eurokopako bosteko oneneko kide, bera izan da Iurbentiako jokalari onena sasoi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.