SASKIBALOIA. EUROLIGAKO LAUKO FINALA. Gailur historikoa

Jon Rejado.
2005eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
au Baskoniak Lauko Finala urrunegi zegoen zerbait bailitzan ikusi izan du historian zehar, bertan parte hartzen zuten taldeak beste mundu batekoak izango balira bezala. Saskibaloiaren munduan bete-betean sartuta zeuden pertsonek baino ez zuten«Europako saskibaloiaren unerik garrantzitsuenaren» jarraipen zuzena egiten. Manu Morenok Europako txapelketaren ibilera jarraitu izan du, entrenatzaile lanetan eman zituen urteen ondorioz, eta Lauko Finalen historia ulertzeko giltzak azaldu dizkio Berriari.

Lauko finalek historian zehar izan duten bilakaera ulertzeko modurik onena, Lauko Finalaren eredua ezarri aurretik eta ondoren ere, Europak berak izan duen bilakaera ikustea da Manu Morenoren ustez. 60ko eta 70eko hamarkadetan ekialdeko herrialdeak jaun eta jabe ziren Europako txapelketarik indartsuenean, baina herrialde horiek nortasuna eta bereizketa politikoa lortu ahala gertatutako sakabanaketak indarra kendu zien. «Europako txapelketak taldeek jokatzen zituzten arren garaipenak estatuenak balira bezala irakurtzen ziren, eta, testuinguru horretan, aipatu aldaketen ondorioz, txapelketa bera asko aldatu zen, dena berdindu zen», gogoratzen du Manu Morenok.

Horretaz gain, eta hasiera batean Europako txapelketa garrantzitsuenak partida bikoitzera jokatzen ziren arren, 1988. urtean ikusgarritasunaren aldeko apustua egiten da. «Historikoki AEBetako txapelketa unibertsitarioan horrela jokatu izan da, eta ikusgarritasun handiko txapelketatxoa denez, eredu hura ezartzea erabaki zen. Oso erraza da saltzen». Hortik aurrera, arestian aipatutako bilakaera hori nabaritzen da. Hasiera batean jugoslaviarrak ziren jaun eta jabe, indar geografiko handia zutelako; Jugoplastika , Split 84 edo Partizan kasu. «Ez zuten jokalari atzerritarrik, baina denborarekin ikusi da beraiek direla orain Europako talde askotako atzerritarrak», argitzen du Manu Morenok.

Indar hori gertakari politikoen ondorioz galdu zuten, eta Lauko Finaletan agerian gelditu zen hori. Hortik aurrera, eta bertan parte hartzen zuten taldeak aldatu arren, beti sartzen zen talde italiarren bat. «Italiarrak dira, hain zuzen ere, Europako txapelketan maila onena lortzeko taldea nola osatu behar duten ulertzen dutenak». Geroago greziarrak, espainiarrak eta bestelakoak agertzen dira, gero eta txapelketa zabalagoa dela erakutsiz.Historia aztertuz gero, agerian gelditzen da urte bakoitzean Lauko Finalean sartzen diren taldeak tartekatu egiten direla. «Oso zaila da bi urtez jarraian bertan sartzea, azken urteetan ligaxkara iritsi bitarteko sailkapenak erregulartasuna saritzen duen arren». Horra iritsi arte talderik erregularrenak abantaila izaten duen arren, Lauko Finalean bertan edozer gerta daiteke, oso irekiak baitira. Bertara heltzen diren lau taldeek irabazteko aukera dute. Jokoari dagokionez ez dela aldaketa handirik egon adierazten du Manu Morenok: «Gaur egungo saskibaloia eta garai batekoa ezberdinak direla entzuteaz aspertuta nago, oso gauza gutxi aldatu baita jokalarien maila fisiko eta teknikoa izan ezik; saskibaloi ona eta horren ona ez dena bereizi daitezke, hori baino ez». Jokalarien bilakaera fisikoaren adierazle garbienetako bat NBAko talde gehienetan sortu duten ikusmina da. «Teknikoki oso zailduta daude, jaurtitzaile hobeak dira, eta fisikoki hobetu ahala jokalari interesgarriak dira», dio Manu Morenok. Dena den, jokalari garrantzitsuek NBAra jauzi egiteko aukera asko aztertzen dute gaur egun, eta hori Euroligako kalitatea mantentzeko lagungarria izango da etorkizunean.Entrenatzaileei dagokienez, Jugoslaviako entrenatzaileen eragina oso handia izan da, 80ko eta 90eko hamarkadetan eurak nagusitu baitira. Manu Morenok azpimarratzen du, toki guztietan bezala, aditu multzoak daudela. «Egon badaude Bigarren Mailan aritzeko egokiak diren teknikariak, baina Lehen Mailan galtzen direnak; saskibaloian gauza bera gertatzen da». Jugoslaviar asko Euroligan oso ondo moldatzen dira, eta Europan zehar mugitzera ausartu diren lehenak izan dira. «Aro bat ezarri zuten gainera aipatutako urte horietan, eta hori bikain saldu dute».Euroligaren zein Lauko Finalaren etorkizuna argia da Manu Morenoren ustez: «Lehenago edo beranduago liga itxia izango da, taldeek jakin dezaten zenbat denbora duten euren egitasmoak ezartzeko. Euroligak ezin izango du normaltasunez bizi bestela», azpimarratzen du. Talde onenen artean egoteak zama ekonomiko garrantzitsua du uztarri, eta hori ondo irakurriz gero muturreraino eramaten ditu taldeak. Horren ondorioz krisi gogorrak ikusi izan diraVirtus Bolognari gertatutakoa horren adierazgarri. «Ezin da denean asmatu. NBAn produktu bat saltzen asmatu badute, krisi larriak igaro ondoren, zergatik ez da horrelako zerbait egingo estatu bakoitzeko Ligetan oinarrituta?».



-

Tauren jardunari buruzko iritziak



GORKA ORTIZ DE URBINA (Zeledon)

«Moskura heldu ondoren txapela janzten saiatuko dela argi dago»



«Zerbait gogoangarria da. Moskura heldu ondoren txapela janzten saiatuko dela argi dago, baina CSKAren kontra zaila izango du, haien kantxan jokatzea, haien zaleen aurreanÉ Dena den, euren jokoa eginez gero, Tau talde onenetako bat da. Denborarekin ulertuko da hobeto Moskura heltzeak zer suposatzen duen».



KARMELE JAIO (Idazlea)

«Orokorrean jendeak ez du kontuan hartzen Tauk lortu duenaren garrantzia»



«Zorioneko albistea da Tau Lauko Finalean egotea. Zaila izango du txapela janztea, baina aukerak baditu. Saskibaloiaren inguruko giroaz gain, orokorrean jendeak ez du kontuan hartzen Tauk lortu duenaren garrantzia. Futbolean horrelako maila lortuko balu euskal talde batek egunero izango genuke hedabide guztietan».



IGOR GONZALEZ DE GALDEANO (Txirrindularia)

«Oraindik handiagoa izan daitekeen pastel baten ginga da Lauko Finala»



«Azken urteetan emaitza bikaina lortu ondoren oraindik handiagoa izan daitekeen pastel bati ginga jartzea bezalakoa da Lauko Finalean aritzea. Tauk ondo baino hobeto erakutsi du edozein har dezakeela menpean, CSKAk etxean jokatu arren. Gasteizko kaleetan suma daiteke Tauren lorpena, txoko askotan hitz egiten da horretaz».



IÑIGO VELEZ DE MENDIZABAL (Futbol jokalaria)

«Urte gutxian Tauk izan duen gorakada pozgarria da gasteiztarrontzat»



«Ikaragarria da Tauk lortu duena. Urte gutxian izan duen gorakada oso pozgarria da gasteiztarrontzat. Dena den, ez zaio garrantzi gehiegirik eman, Euskal Herrian zein Espainian horrelako maila ikustea oso zaila den arren. Dena den, nahiko zaila du final handira heltzea, irabazteko faborito nagusia aurrean izanda».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.