SASKIBALOIA. EUROPAKO TXAPELKETA. Kontinente zaharra, joko bizia

Bihar hasiko da Polonian Europako Saskibaloi Txapelketa, eta Espainiako selekzioa da titulua irabazteko faboritoa

Andoni Urbistondo.
2009ko irailaren 6a
00:00
Entzun
James Naismithek asmatu zuen saskibaloia. Kanadarra zen Naismith, baina Kansasko Unibertsitatean egin zuen bidea, AEBetan. Han sortu zen saskibaloia, hangoa da selekzio onena, hangoak jokalari onenak, baina Europakoa saskibaloi onena. Biziena, taktikoki aberatsena, erakargarriena. NBAn ia dena da ahalmen fisikoa, indarra, jauzia, korrikaldiak, buruz buruko izarren berekoikeria. Europan taldeak agintzen du, buruak, giharrak baino gehiago. Jokoa pausatuagoa da, baina askoz landuagoa. Horregatik esan daiteke erratzeko beldurrik gabe Europako Saskibaloi Txapelketa egun munduan barrena jokatzen diren nazioarteko txapelketen artean politena dela.

Olinpiar Jokoetan eta Munduko Saskibaloi Txapelketetan elkartzen dira munduko onenak. AEBak, bai eta Ipar eta Hegoamerikako talde onenak ere. Egun hauetan Ameriketako Torneoa jokatzen ari da, eta han muturrekoka ari dira Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Brasil ed,o Argentina. Haiek ez dira Polonian egongo irailaren 7a eta 20a bitartean, baina Europako saskibaloiak ez du Amerikako saskibaloiaren batere inbidiarik. Alderantziz gertatzen da, Europakoa bilakatu da erreferentzia. Azken urteetan NBAra, munduko liga onenera, jauzia eman duten jokalari europar handiei erreparatu besterik ez dago. Hamarnaka izan dira, eta horietako batzuk, hogei bat, Polonian lehiatuko dira.

A multzoa

Mazedonia, Israel, Kroaziaeta Grezia

Grezia txapelketa irabazteko hautagai sendoa da, eta ez luke arazorik eduki behar lehen fasean. Munduko txapeldunordea izan zen 2006an Japonian, baina han taldeko bizkarrezur izan ziren asko ez dira Polonian egongo. Papaloukasek oporrak hartu ditu, urtetan gora doala jakitun, eta Diamantidis ere sabeleko ebakuntza batetik osatzen ari da. Spanoulis, Printezis, Vassilopoulos, Bouroussis, Koufos, Fotsis, Schortsianitis -153 kilo bakarrik pisatzen du- eta beste dauden taldea talde ona da. Kroaziak zer egingo duen asmatzea zaila da. Balkanetako selekzio guztien moduan, talentua dute borborka, baina jokalari asko gazteak dira, eskarmentu handirik gabekoak. Vujcic, Planinic eta Ukic dira jokalari zailduenak. Israelek Lior Eliyahu, Halperim eta Pnini dauzka, baina nahikoa egingo du lehen fasea gaindituta. A multzoan Mazedonia da Polonian egun gutxi batzuk pasatu eta etxera bueltatzeko hautagai argia. Joan den denboraldian ACB ligan aritu zen hirukoa da selekzioko oinarria: Vrbica Stefanov (Menorca), Vlado Ilievski (Baskonia) eta Jeremiah Massey (Real Madril). Azken hori estatubatuarra da jaiotzez.

B multzoa

Errusia, Frantzia, Alemania eta Letonia

Lau multzoetako erakargarriena da, ez baitago batere garbi zein talde geratuko den bazterrean. Atarikoak ezagutu gabe, garbi legoke. Letonia da denetan ezagunena, eskarmentu gutxien duena, baina beste hiru selekzioak ez dira beren unerik distiratsuenean iritsiko Poloniara. Errusia jarduneko txapelduna da, baina miraria litzateke final-laurdenetako langa pasatzea, eta serio jokatzen ez badu, etxera joango da azkar.Andrei Kirilenko ez da egongo, Madrilen jokalari onena izendatu zutena, ezta J. R. Holden ere, saskiratze erabakigarria sartu zuena. Khryapa ere mina hartuta dago. Alemania Nowitzki eta Chris Kaman gabe ariko da, eta Frantziak, taldean NBAn jokatzen duten bost jokalari izan arren -Parker eta Turiaf buru direla-, gorriak ikusi ditu Belgika ahula kaleratzeko atariko fasean. Letonia isil-isilik iritsi da Poloniara, 4-6 balantze txukunarekin abuztuan jokatutako lagunarteko partidetan. Biedrins, Valters, Blums eta Kambala dira jokalari ezagunenak. Alemaniako selekzioko jokalariena izango da pisu gutxien duen bidaia poltsa.

C multzoa

Espainia, Serbia, Esloveniaeta Erresuma Batua

Hilabete batzuk atzera, beldurra ematen zuen multzoa zen. Egun, ez. Espainiak sekulako taldea dauka, eta makulu sendoenak mantendu ditu, Pau Gasol kataluniarra tartean. Lagunarteko bakarra galdu dute (ostegunean, Lituaniaren aurka). Serbiak edonori aurrez aurre begiratzeko moduko taldea du, baina hutsune askorekin ariko da, eta zaila izango da dominen jokoan sartzea. Rakocevic, Stojakovic, Milicic, Jaric, Radmanovic, Gurovic... horiekin zeruraino irits zitekeen Serbia, baina... Erresuma Batua batere tradiziorik gabeko saskibaloi selekzioa da, baina herrialde hartako jokalari puska dezente ernatu dira azken urteetan: Ben Gordon, Luol Deng, Kelenna Azubuike, Pops Mensah-Bonsu... Laukote horretako inor ez da egongo Polonian, eta Erresuma Batua multzoko azkena geratuko da ezusteko handirik gertatu ezean. Esloveniako jokalarien zerrenda ikusi eta urrea irabazteko moduko talde bikaina dute, baina herrialde txiki hari osagairen bat falta zaio: kemena, izaera, eskarmentu falta... Baliteke Polonian aurkitzea, eta aurkizten badute, erne, dinamita asko baitute: Dragic, Lakovic, Beno Udrih, Nahchbar, Brezec, Smodis, Lorbek...

D multzoa

Lituania, Turkia, Poloniaeta Bulgaria

Multzo hau ere erakargarria da benetan. Batez ere Poloniak udan jokatutako lagunartekoetan erakutsi duen maila onaren ondoren. Etxekoek serio prestatu dute txapelketa, eta ezustekoren bat eman dezakete. David Logan estatubatuarra dute gidari, Ignerski Gipuzkoa Basketeko jokalari berria kanpoko lerroan, eta Marcin Gortat NBAko jokalaria, eta Lampe eta Wojcik beteranoak saskipean. Lituaniak Jasikevicius eta Siskauskas falta ditu, baina Europako garaipen zerrenda onenaren jabe dira -bost domina Olinpiar Jokoetan, Mundukoan eta Europakoan-. Natural ikasten dute saskibaloian Lituanian, berez, eta hori beti da arrakastaren bermea. Linas Kleizak hartuko du aginte makila, baina jokalari denak dira onak jaurtiketetan, eta asmatzen badute, edozein txikitzeko gai dira. Bulgaria da selekzio ahulena. Etxera joango da ostegunean. Turkiarentzat D multzoko analisiko azken lerroak, domina lortzeko hautagai serioa delako. Ilyasova eta Turkoglu dituelako, eta joko antolatzaile on bat gidari jardunean: Kerem Tunceri. Ospe handirik gabeko jokalari on asko ere baditu Turkiak, Arslan eta Savas kasu.



Selekzio ia garaiezina egin daitekePolonian ariko ez diren jokalariekin

Saskibaloiko nazioarteko txapelketa guztiek jokalari bikainak elkartzen dituzte, baina askok muzin egiten diete selekzioetako lehiaketei. Izan arazo fisikoengatik, atsedena hartzeko baliatzen dutelako, edo entrenatzaileekin duten harremana txarra delako. Poloniara joan ez diren jokalariekin selekzio on asko egin litezke, eta bakarren bat garaiezina ere bai. Zerrenda ikusgarria baita. Grezian Papaloukas eta Diamantidis falta dira, Kroazian Giricek, Errusian Kirilenko eta J. R. Holden, Alemanian Nowitzki eta Kaman, Espainian Calderon eta Fran Vazquez, Serbian Rakocevic eta Stojakovic, Eslovenian Becirovic eta Nesterovic, Erresuma Batuan Gordon eta Deng, Lituanian Jasikevicius, Siskauskas, Songaila eta Ilgauskas, eta Turkian Okhur eta Erdogan. Hamar herrialdetako 21 izar distiratsu.



Txapelketako izar nagusiak

Tony Parker

Frantzia

Jaioterria. Brujas (Belgika).

Taldea. San Antonio Spurs.

Postua. Eskolta.

Adina. 27 urte.

Garaiera. 1,88 metro.



NBAko txapeldun izan da hiru aldiz San Antonio Spursekin, eta 2006-2007ko denboraldian finaleko jokalari onena izendatu zuten (MVP), Clevelanden aurka erakustaldia eman ondoren. Geldiezina da barnealdiak egiten, azkarra eta eraginkorra jaurtiketan, eta azken urteetan asko hobetu du joko antolakuntzan.



Linas Kleiza

Lituania

Jaioterria. Kaunas (Lituania).

Taldea. Olympiakos.

Postua. Hegalekoa.

Adina. 24 urte.

Garaiera. 2,03 metro.



Hegaleko indartsua da, kementsua, baina kilo batzuk ditu soberan. NBAn ez du berarengan espero zen goranzko bilakaerarik izan, baina 12,2 milioi euroko soldata ordainduko diote Grezian bi urteko kontratuaren truke. Maisua da hiruko jaurtiketetan. Teletovic Baskoniakoaren antzeko jokalaria da.



Hedo Turkoglu

Turkia

Jaioterria. Istanbul (Turkia).

Taldea. Toronto Raptors.

Postua. Hegalekoa.

Adina. 30 urte.

Garaiera. 2,08 metro.



NBAko txapeldunordea izan zen joan den denboraldian Orlandorekin. 2007-2008 denboraldian AEBetako ligan bere jarduna gehien hobetu zuen jokalariaren saria irabazi zuen merezimendu osoz. Oso garaia da, baina jokalari osoa, bost posiziotan jokatzeko gaitasuna baitu. Hiruko jaurtiketetan moldatzen da ondoen.



Pau Gasol

Espainia

Jaioterria. Sant Boi de Llobregat (Herrialde Katalanak).

Taldea. Los Angeles Lakers.

Postua. Pibota.

Adina. 29 urte.

Garaiera. 2,13 metro.



2,13 metro neurtu arren, oso mugimendu azkarrak ditu hankekin, eta buruz ere oso argia da. Lauzpabost metroko jaurtiketa da bere gabezia garrantzitsuena, baina beste arlo denetan jokalari aparta da: txapelak, erreboteak, defentsa, borrokarako grina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.