Koparen aurreko jardunaldiak Kopan bertan eragin zuzenik izango balu, Baskoniak finalean toki bat izango luke. Astindu izugarria eman zion Estudiantesi (108-76), eta agerian utzi Madrilera gogo handiarekin bidaiatuko duela. Horren adierazlerik garbiena hainbat marka gainditu zituela da. Igandean inoiz baino hiruko gehiago sartu zituen taldeak, 16 (ACB Ligako errekorra), eta denboraldiko puntu kopuru handiena lortu zuen. Hori gutxi balitz bezala, estatistiketan agertzen ez den jarrera bikaina izan zuten partida osoan, aurkariari inolako aukerarik eman gabe.
Pedro Martinez Tauko entrenatzaile ohiak lan gehiegi izan zuen itzuleran. Tauko hegalekoek ezohiko maila erakutsi zuten, eta Drobnjak izan ezik, jokalari guztiak partidan sartuta egon ziren. Hansenen hiruko sei saskiratzeez gain, azpimarratzekoa da Ukicek egin zuen partida. Buruz buruko jokaldi bikainez gain, taldekideei ere asistentzia onak eman zizkien, eta pauso handia eman.
SASKIBALOIA. Kopa hasi aurretik letaginak zorroztu ditu Baskoniak, eta Estudiantesi astindua eman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu