SASKIBALOIA. NBA. Lakersek lehen aukera galdu du Phoenix kanporatzeko

San Antonio, New Jersey eta Miami 3-2 aurreratu dira kanporaketetan

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Los Angeles Lakersek eta Phoenix Sunsek gutxienez sei partida jokatu beharko dituzte elkarren aurka NBAko finalerdietarako nor sailkatuko den jakiteko. Lakersek aukera ona zuen atzo laugarren garaipena lortu eta txartela lortzeko. Baina alferrik, Phoenixek ez zuen huts egin etxean, eta erraz irabazi zuen: 114-97. Bi taldeok gaur gauean jokatuko dute seigarren partida. Lakersek izango du oraingoan abantaila, etxean ariko delako. Phoenixek, berriz, ezin du huts egin. Nahitaez irabazi behar du, NBAko eraztuna irabazteko lehiatik kanpo geratu nahi ez badu. Zazpigarren partida behartu nahi du, alegia, eta, orduan, etxean, kanporaketari buelta eman. Hori eginda, eraztuna irabazteko aukera dezente izango lituzke. Izan ere, estatistikek diote 1-3ko kanporaketa bati buelta eman dioten zazpi taldeetatik bostek irabazi zutela gero txapela.

Boris Diaw Phoenixeko jokalari frantziarra izan zen partidako onena. 25 puntu eta 10 errebote lortu zituen, eta denboraldi honetan gehien hobetu duen jokalaria dela berretsi zuen. Steve Nashek eta Shawn Marionek ere lan bikaina egin zuten erasoan: 43 puntu bien artean. Lakersen, nola ez, Kobe Bryant izan zen saskiratzaile onena: 29 puntu. Bryantek, hala ere, ez zuen partida amaitu, bi teknika adierazi zizkiotelako. Lamar Odom eta Kwame Brown ere nahiko txukun aritu ziren (32 puntu bien artean), baina, alferrik, Phoenixeko jokalariak goitik behera nagusitu zitzaizkien.

Etxeko taldeek ez zuten huts egin

Atzoko jardunaldiko beste hiru partidetan ere etxeko taldeek ondo baliatu zuten euren zaleen aurrean jokatu izana, eta hirugarren garaipena lortu zuten. San Antonio Spursek 109-98 hartu zuen mendean Sacramento Kings; Miami Heatek 92-78 Chicago Bulls; eta New Jersey Netsek 93-86 Indiana. San Antoniok, Miamik eta New Jerseyk garaipen bakarra falta dute finalerdietarako sailkatzeko. Hurrengo bi egunetan lor dezakete helburua.

Hiru neurketa horietan jokalari bat nabarmendu zen guztien gainetik. San Antonion, Manu Ginobili (27 puntu eta bederatzi errebote); Miamin, Dwayne Wade (28 puntu); eta New Jerseyn, Vince Carter (34 puntu eta 15 errebote). Hiru jokalarion lana erabakigarria izan zen euren taldeek garaipena lor zezaten.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.