SASKIBALOIA. Zauriak sendatzen maisua

Urtero legez, aldaketa garrantzitsuak egin ditu Tauk, arazoak arazo, eta ikusmin handia sortu du

Jon Rejado.
2005eko urriaren 7a
00:00
Entzun


Arazoak gainditzeko trebezia handia erakutsi du Baskoniak azken hamarkadako gorakako bidean, eta bukatu berri den udan egoera horren hamaikagarren adibidea ezagutu dute Gasteizen.Minduta bukatu zuten Baskoniak eta Gasteizko jarraitzaileek iragan denboraldia. ACBko finaleko azken partidan gertatutakoa alde batera utzita, aldaketa garrantzitsuak egongo zirela jakina zen. Ivanovic, Calderon eta Macijauskas. Hirukoteak utzitako hutsunea betetzea zaila zirudien, baina denboraldia hasteko egun gutxi falta dela zauria sendatuta dagoela esan daiteke.

Alde egin zutenen hutsunea betetzeko taldeak arauak eta mugak hartu zituen kontuan (kupoak), eta horien barruan Baskonia ondo baino hobeto moldatu da. Postu bakoitzean jokalari bat mantendu du Baskoniak gutxienez, jokalari berriak egokitu bitartean erantzukizuna hartzeko prest daudenak: Prigioni, Vidal, Hansen, Scola, Kornel David eta Splitter dira jokalari horiek, maila handiko hasierako bostekoa osatzen dutenak, hain zuzen ere.Ondorengo pausoak apurka-apurka eman ditu Baskoniak, baina sendotasun handiarekin, fitxaketa bakoitzean ikusmina sortuz: Tauren izaerara egokitzen den entrenatzailea (Martinez), etorkizun oparoko joko banatzailea (Ukic), maila handiko eskolta (Erdogan), eskarmentuko pibota (DrobnjakÉ). Udak aurrera egin ahala joan zirenek irekitako zauria itxi egin da. Orain gogortzea baino ez zaio falta taldeari.Ilusioa pizteko moduko taldea egin arren, aurreko urteetako arazo beraren aurka borrokatu behar izan du Tauk: taldea denboraldi aurrea igaro ahala elkartzea. Europako Txapelketa bereziki mingarria gertatu da aurten, teknikariaren irizpideak gehien barneratu behar zituzten jokalariak, Ukic eta Erdogan, orain dela aste bat bakarrik iritsi baitziren Gasteizera. Denboraldi aurrean argi gelditu da Pedro Martinezek esku artean duen jokalari sortak lan handia duela egiteko talde sendo baten itxuraemateko.Jokoari dagokionez, zaila da jakitea oraindik nolakoa izango den. Ivanovicekin denboraldian ikusiko zena jakina zen, baina aurten ikusmin handia dago, entrenatzaile denek ezberdin jokatzen eta pentsatzen dutelako. Defentsa oinarria izango dela argi dago, eta jokalarien maila aintzat hartu ezkero, erratzeko beldurrik gabe esan daiteke Baskonia edozertarako prest dagoela. Kontraerasoan ateratzeko gaitasuna du, baita geldikako jokoan aise jokatzeko, kanpoko eta saskipeko jokoaren artean oreka handia baitago.

Pazientzia saritzeko, 'bigarren' atzerritarra

Baskoniak denbora eman du taldea biribildu arte, baina fitxaketak egiteko pazientzia horrek sari polita izan du: Casey Jacobsen denboraldi batez egongo da Gasteizen, gutxienez. 24 urte ditu Tauren fitxaketa berriak, 1,98 metro da luze, hegalekoa da eta NBAn eskarmentua du (Phoenix eta New Orleans). Maila goren-goreneko jokalaria izan gabe, partidako 20 minututik gora jokatu du azken hiru urteetan, eta eskumutur fina duela nabarmendu du. Orain dela bi denboraldi NBAn hiruko lerrotik gehien asmatzen zuten hamarren artean sailkatu zen. Datu esanguratsua da hori.

Hasiera batean Baskoniak hegaleko garaia bilatu zuen, baina komenigarria da hauxe gogoratzea: Jacobsen ez da azken orduan lotutako fitxaketa izan. Alegia, ez da besterik ez zegoelako egindako fitxaketa izan. Talde askok zuten hegalekoaren eskumuturraren berri. Azken urtetan egin duen bidea gertutik jarraitu dutenek jokalariaren jarrera azpimarratu dute, Tauk bereziki eskertzen duen zerbait. Martinezek Granadan izango du jokalaria entrenatzeko aukera, Europako saskibaloira lehenbailehen egokitzen hasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.