Saskibaloia. Europako Txapelketa

Saskibaloiaren aberrian

Espainia da faborito, baina etxekoen kemena eta Serbia, Turkia, Italia, Alemania eta Frantzia izan ditzake aurkariLondresko Olinpiar Jokoetan aritzeko bi txartel daude jokoan: finaleko bi selekzioak

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Bazkalorduan hasiko da Europako Saskibaloi Txapelketa, Lituanian. Orain artekoak baino luzeagoa izanen da, eta, ondorioz, gogorragoa, lehiaketak hiru aste iraungo baitu (irailaren 18an bukatuko da). Urrea lortu nahi duen selekzioak 11 partida irabazi beharko ditu hemeretzi egunetan, eta hori zaila da edonorentzat, baita hautagai sendoenarentzat ere. Lituaniak aspaldi merezitako saria jasoko du, saskibaloia nonbait errege bada Itsaso Baltikoko herri hartan delako. Urte batzuk atzera Balkanetako herriak ziren ispilu, gaur Lituaniak du agintea. Han ez dago futbolik, ez saskibaloiari itzal eginen dion beste kirolik, eta ziurtatuta dago arrakasta.

Lehiaketa sistema konplexuak eta 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetarako sailkapenak baldintzatuko du Lituaniako txapelketa. Sei selekzioetako lau multzo egin dituzte, eta multzo bakoitzeko lehen hiru sailkatuak bigarren fasera pasatuko dira. Hamabi talde denera. Ondoren etorriko dira kanporaketak. Garrantzitsua izanen da garaipenak pilatzea, lehen fasekoak bigarrenerako balioko baitute.

Aintzat hartzeko modukoa da Londresko Olinpiar Jokoen itzal luzea. Izan ere, finala jokatuko duten bi taldeak bakarrik sailkatuko dira zuzenean hamar hilabete barru Ingalaterrako hiriburuan jarduteko. Finaletik kanpo geratzen direnek atariko bat jokatu beharko dute 2012ko ekainean, denboraldia bukatu berritan eta izar distiratsurik gabe. Egoera arriskutsua bilaka liteke.

A multzoa



Hiru faborito argi

Espainiak, Lituaniak eta Turkiak lortu beharko lukete hurrengo fasera pasatzea. Poloniak azken orduko hutsune garrantzitsu bat dauka, Thomas Kelati, eta Marcin Gortat eta Maciej Lampe gabe ere herren geratu da saskipean. Ingalaterrak ezustekoa emateko lehengaia du. Chicago Bullseko Luol Deng hegalekoa da haien izarra, eta saskipean ere jokalari sendoak dituzte: Joel Freeland eta Robert Archibald. Baskoniako Devon Van Oostrum joko antolatzaile gaztea ere Lituanian ariko da. Espainiarentzat behar luke lehen postuak, baina sobera ez haiek zuhurtzia apur batekin jokatzea. Gorriak ikusi zituzten Polonian, bi urte atzera, final-laurdenak jokatzeko, eta iaz, Turkiako Munduko Txapelketan postu kaskarra lortu zuten: seigarren. Turkia txapeldunorde izan zen, eta lan on hura errepikatzen saiatuko da. Lituania ere arriskutsua da. Etxean jokatuko du; brontzea lortu zuten Turkian, eta Espainia hankapean ibili berri dutelagunarteko partida batean. Erabateko inplikazioa dute, zaleen babesa, eta epaileena ere izan dezakete. Denetarik daukate: eskarmentua, Sarunas Jasikevicius eta Rimantas Kaukenasekin, jaurtitzaile onak, Simas Jasaitis, Mantas Kalnietis eta Martinas Pociusekin, eta Europako pibot onenetakoa, gazte-gaztea izan arren: Jonas Valanciunas.

B multzoa



Multzo gogorrena

Israel eta Letonia dira multzoko selekzio ahulenak, baina ez horregatik txarrak, eta lanak emango dizkiete beste lau multzoko kideei: Serbia, Italia, Alemania eta Frantziari. Lau horietako bat kanpoan geratuko da lehen fasean, eta kolpe latza hartu. Nor baina? Serbia da faborito, talentu handia duelako. Italia NBAko hiru izarrekin ariko da aspaldiko partez: Danilo Gallinari, Marco Bellinelli eta Andrea Bargnani. Frantziak ere badu NBAko bizkarrezurra, baina talde izaerarik ez. Alemaniak, berriz, Dirk Nowitzki eta Chris Kaman dauzka, eta hori asko edukitzea da.

C multzoa



Borroka estua

Bigarren fasera pasatuko diren selekzioen izenak asmatzen dituena aberats. Bi asmatzea erraza da, ustez: Grezia eta Kroazia. Greziak hutsune asko ditu, bi nabarmentzeko modukoak: Vasileios Spanoulis eta Theodoros Papaloukas. Bilbo Basketeko Kostas Vasileiadis eta Dimitros Mavroeidis Lituanian egongo dira. Kroaziak neurria eman ohi du kanporaketak iritsi arte, gero kale egiteko. Hirugarren hautagaiaz, Baskoniako zaleek Bosnia eta Herzegovina izatea nahi lukete, selekzio horrekin ariko baita Mirza Teletovic, baina Mazedoniak eta Montenegrok ere zeresana eman dezakete. Finlandiak ez du aukerarik.

D multzoa



Eslovenia eta Errusiari begira

Lehen fase lasaia izanen dute dominen borrokan sartzeko hautagaietako bik, baina Eslovenia da lehen postua lortzeko faboritoa. Errusiak Andrei Kirilenko tartean izan arren, hutsune asko ditu:J. R. Holden, Sasha Kaun... Beste lau selekzioen artean, Bulgariak du aukerarik handiena hirugarrena izateko, baina Georgiak ere ezustea eman dezake. Ukrainak eta Belgikak ez dute aukerarik, are gutxiago Belgikak, Axel Hervelle min hartu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.