Amaitu da 1 Formulako sasoia. Herenegun Interlagos zirkuituan jokatutako Brasilgo Sari Nagusiak eman dio amaiera zortzi hilabeteko txapelketari, edo, hobeto esanda, Sebastian Vettel eta Red Bull taldearen diktadurapean egon den txapelketari. Denboraldiaren azterketa egiteko unea da.
1. Vettelen maila
Iaz ezustean irabazi zuen titulua Sebastian Vettelek, aurretik zituen faboritoei aurrea hartuta. Orduan jada erakutsi zuen txapeldun sendoa zela. Ondo aritu zen, baina huts batzuk ere egin zituen bere gaztetasunaren ondorioz —24 urte besterik ez du—. Azken txanpan, ordea, bere jarrera aldatu, eta emaitzek lagundu egin zioten. Asko heldu zen, eta horrek aurten are etekin hobea eman dio. Hasieratik taldeko gidaritza hartu zuen, Australiako sailkatze saioan Mark Weberri segundoaren hiru laurden aterata. Webberrek ezin izan dio kolpe horri buelta eman. Bata indartu egin zuen horrek; bestea, ahuldu. Fernando Alonsok berak aitortu behar izan du Vettelek auto onenarekin irabazi duen aitzakiari mugak jarri behar zaizkiola, Red Bullekoak ez baitu ia hutsik egin. Eta egin dituenak axola ez zuten uneetan izan dira: saio libreetan. Maisu izan da lasterketa eta sailkatzeetan. Bere adinaren abiadura du, eta txapeldun handi baten buru hotza.
2. Pirelli pneumatikoak
Aldaketa askorekin etorri zen denboraldi berria: DRSa estreinatu zuten, KERSa itzuli zen, difusore bikoitzak debekatu egin ziren, eta Pirelli pneumatikoak itzuli ziren hogei urteren ostean. Talde bakoitzak denbora gehiago edo gutxiago behar izan du bakoitzera behar bezala egokitzeko. Red Bullek buruhauste bat baino gehiago izan du KERSarekin. DRSa oraindik talde batzuentzat hobekuntzarako aukera eman duen sistema izan da, azken lasterketan bertan Lotusek aleroi berria izan baitu etekin handiagoa ateratzeko. Baina, oro har, guztiek jakin dute sistema bakoitza egokitzen. Pneumatikoak, berriz, urte osoa gora eta behera ibili diren faktore bilakatu dira. Ferrarik ez du jakin goma gogorragoekin beste taldeen mailari eusten, eta urtea joan zaio horretan. Aurten hasi baina oraindik bukatu ez diren ikaskuntza prozesua da pneumatikoena. Red Bull eta McLaren, ordena horretan, ongien moldatu dira hasieratik bukaerara.
3. Red Bullensendotasuna
Iaz tituluen borroka azken lasterketara arte atzeratu zen, eta, hein handi batean, Red Bullek auto azkarrenak zituen sendotasun hutsuneen ondorio izan zen. Adrian Newey beti izan da diseinuak mugara eraman dituen ingeniaria, eta behin baino gehiagotan sormen hauskorrak pistaratu ditu. Williamsekin gertatu zen 1991n, McLarenekin 2003an, eta iaz Red Bullekin. Badirudi halako urte makalaren ostean indartsu itzultzen dela, horretan ere iraganeko ohiturari jarraituz. Aurten, Red Bull autoa ez da azkarra bakarrik izan; oso sendoa ere bai. KERSa izan da autoaren ahulezia denboraldiaren lehen zatian, baina horrek ez dio ia eragin, autoak hura gabe ere irabazteko abiadura izan baitu. Azken lasterketan ustez Vettelek aldagailu arazoak izan zituen, baina Vettel eta Webber behin bakarrik erretiratu dira urte osoan, eta biak ere autoarekin ez zuten zerikusirik: ukitua Webberrek Italian, eta pneumatiko zulatua Vettelek Abu Dhabin.
4. McLaren,gorabeheratsu
Red Bullen aurkariak ez dira aldatu urte osoan: McLaren izan zen harengandik gertuen lehen lasterketetan, eta McLaren izan da haren itzala azken lasterketetan. Udako hilabeteetan beherakada izan zuen McLarenek, batik bat puztutako difusoreen araudia lasterketa batetik bestera aldatuz zihoanean. Berriro baimendu zirenean, gora egin zuen, eta urteko azken lasterketetan ondo aritu da. McLarenek ez du izan titulua lortzeko moduko autorik, baina udako txakalaldiak eragin gehiegizkoa izan du. Lewis Hamiltonek onena eta txarrena erakutsi izanak ere ez dio lagundu.
5. Ferrari, ahul
Iaz azken lasterketara arte titulua irabazteko lehian egon ondoren, atzerapausoa eman du aurten Ferrarik. Silverstonen azkar joan zitekeela erakutsi zuen, baina ilusio bat besterik ez zen izan. Alonsok bere denboraldi onenetakoa egin du, baina bere laugarren postuak benetako egoera hobeto islatzen du. Pneumatikoak ondo erabili ez izanaren errua ez da Pirellirena, baizik eta Ferrariren esekidura, aerodinamika eta pisu banaketarena.
Sasoi bat, bost faktore
Sebastian Vettel alemaniarraren eta Red Bull taldearen nagusitasun ia iraingarriaz hasi eta amaitu da denboraldia 1 Formulan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu