Frantziako selekzioarekin Sei Nazioen torneoa jokatu berri du Scott Speddingek (Krugersdorp, Hegoafrika, 1986). Nekatuta iritsi da, asko jokatu baitu, eta indar asko xahutu. Hala ere, Racingen aurkako partidaren garrantziaz jakitun da. Torneoko esperientzia ekarri nahiko du iluntze honetan Jean Daugerren Parisko taldea mendean hartzeko (20:45, Frantziako Canal+Sport).
Sei Nazioen torneoa jokatu berri duzu. Ingalaterraren aurkako azken partida gogorra izan zen oso. Nola zaude fisikoki?
Nekatuta nago, egia da. Torneoan partida anitz hasieratik jokatzeko zortea izan dut [guztietan aritu da hasieratik, Galesen aurka izan ezik], eta horrek arrastoa utzi du. Hala ere, Baionarekin dena emateko asmoz heldu naiz. Oso partida garrantzitsua izanen da, eta nire ekarpena egin nahi diot taldeari.
Minutu anitz jokatu dituzu Torneoan. Pixkana-pixkana toki bat egiten ari zara goi mailan?
Ez dakit. Anitz ikasten ari naiz, maila gorenean jokatzea sekulako aukera delako, eta horrek mesede egin dit. Oso partida zailak jokatu ditugu, eta horrek ere bere eragina uzten du. Hala ere, saiatuko naiz azken asteetan ikasi dudana taldearen mesederako erabiltzen.
Munduko Kopa aitzin, Torneoa zen nazioarteko azken lehiaketa garrantzitsua. Zeure burua Munduko Kopan ikusten duzu?
Goizegi da hori errateko. Alde batetik, pozgarria da ikustea entrenatzaileen konfiantza izan dudala. Baina, Munduko Kopan izan nahi badut, Baionarekin partida onak jokatu beharko ditut, eta erakutsi beharko dut Ingalaterran egoteko adina merezimendu egin dudala.
Nola pasatzen da Torneotik Top 14ko errutinara?
Ez dut uste Top 14a errutina denik. Torneoak badu xarma berezi bat. Baina, Top 14an astero-astero partida oso gogorrak jokatzen ditugu, eta badakit ongi aitzina begiratu behar dudala, Top 14an hutsak garesti ordaintzen baitira.
Frantziako selekzioarekin zinela, Baionaren eta Castresen arteko partida jarraitzeko aukera izan zenuen?
Nahiko bitxia izan zen egoera, aldi berean Top 14a eta Torneoa jokatzen zirelako. Gainera, gu Italian geunden, eta telebistaz ezinezkoa zen partida ikustea. Egia errateko, Twitter bidez kasu egun nion. Oso urduri jarri nintzen, Castres 13-0 eta 16-6 aitzinean zela jakitean. Azken minutuan, zigor kolpea lortu genuela ikusi nuenean, eta Martin Bustos-Moyanok joko zuela jakinda, banekien irabaziko genuela. Eskerrak, arantza handia kendu digu garaipen horrek.
Racing espresuki ari da prestatzen partida, eta bi egun daramatza jada Baionan. Argi dago: irabaztera dator.
Badakigu Racing irabaztera etorriko dela Euskal Herrira. Asteazkenean ala ostiralean etorri, horrek ez du gauza anitz aldatzen. Baina jakinaren gainean gaude. Badakigu anbizioarekin datozela. Guri dagokigu gure maila ematea eta ez lo gelditzea eta behar diren osagaiak ezartzea irabazteko.
Zein alorretan da indartsuen Racing?
Denek ezagutzen ditugu. Zaila da ahulguneak bilatzea talde horretan! Oso talde sendoa dute, eta aitzinean min egiten dute. Gibelean ere sendoak dira, Jonathan Sextonen gisako izarrak dituzte. Bidaiatzeko moduko taldea dute: oinarrietan sendoa, eta aldea atera dezaketen kalitatezko jokalariak.
Castresen aurka, taldeak zailtasunak izan zituen zango jokoarekin. Zure itzulerak beste haize bat ekarriko dio jokoari?
Ni saiatuko naiz taldeari, laguntzen zangoz ere. Taldeak zailtasunak dituenean, beti mesede egiten du ostikada luzeak jotzeko gai den jokalariren bat izatea. Selekzioarekin, nik egin dut lan hori, eta Baionan ere laguntzeko prest naiz. Gero, Christophe Loustalot eta Santiago Fernandez ereondoan izanen ditut, eta zango jokoa elkarren artean kudeatuko dugu.
Racingi irabaziz gero, taldeak ia ziurtatuta izango du mailari eustea?
Ez. Ongi dakigu gauzak oso fite aldatzen direla Top 14an. Azken partida arte ez da deus jokatua izanen. Baina ezin da ukatu partida irabazten badugu, aitzinapauso handi bat emanen dugula. Zazpi punturen aldea daukagu jaitsiera postuekiko, eta gure eskuetan dago etorkizuna. Badakigu zer egin behar dugun.
Scott Speeding. Baionako jokalaria
«Sasoia amaitu arte dena emanen dut Baiona Top 14an uzteko»
Hirugarren denboraldia du jokalari hegoafrikarrak Lapurdiko taldean. Azkena izango da, dagoeneko akordioa lortu baitu Clermontekin datorren sasoian bertan jokatzeko. Azken ekarpena egin nahi du orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu