«Denboraldia ez da oraindik amaitu, eta UEFA Kopak utzitako sentsazio hori gainditu beharra daukagu. Hanburgoren aurkako kanporaketa jokatu eta gero ere antzeko egoera izan genuen, eta orain ezin dugu iparra galdu. Lehian jarraitzeko gauza garrantzitsu ugari dago oraindik jokoan, eta denetan garrantzitsuena mailari eustea da. Berehala lortu nahi dugu salbazioa. Egundoko atsekabea dugu, penatuta gaude, baina ahalegin bat egin behar dugu arreta Ligan jartzeko. Helburua gertu dago, baina oraindik ez dugu ziurtatu salbatuko garela. Oraindik ere UEFA Koparen oihartzuna gurekin dugu, baina Ligan jarri behar dugu burua, nahitaez. Ez gaude egoera larrian, baina Liga amaitu aurretik larri ibili nahi ez badugu, irabazi egin behar dugu».
Zigandaren ustez, UEFA Kopan egindako lan ederra eta gero atsekabetuta izatea ere ez da oso normala. «Denbora gutxi igaro da, eta une honetan finalean izateko aukera on bat alferrik galdu genuela soilik pentsatzen dugu. Hargatik, hilabete batzuen ostean ikusiko dugun bezala ikusi behar dugu UEFA Kopako ibilbidea gaurtik. Eta denok badakigu ibilbide dotorea egin dugula», onartu zuen atzo gorritxoen entrenatzaileak. Baina hori bai, bere zalantzak ere agerian utzi zituen: «Taldeak Ligan buru belarri jarri nahi duela ikusten dut, baina ea nola aritzen garen gaur Mallorcan. Egitea baino errazagoa da esatea, eta aurkaria une gozoan aurkituko dugula ere ezin da ahaztu. Etxean jokatu dituen azken sei partidak irabazi ditu Mallorcak. Oraindik salbazioa ez dugula ziurtatu ezingo dugu ahaztu».
WEBO, MIN HARTUTA. Sevillaren aurka jokatu aurretik min hartutako jokalaririk ez zuen Osasunak aspaldiko partez. Herenegun, ordea, Milosevicek eta Delportek zuntz haustura bana dutela baieztatu zuten Osasunako medikuek. Eta atzo goizean Webok ezker zangoko orkatila bihurritu zuen. Milosevicek hiru aste beharko ditu osatzeko, Delportek agur esan dio sasoiari, eta Weboren lesioa zehaztu gabe dago, baina astelehena arte atseden hartu beharko du gutxienez.
Hasierako hamaikakoari dagokionean, Zigandak sei aldaketa egingo ditu Sevillan (Espainia) aritu zen taldearekin alderatuz: Izquierdok, Cuellarrek, Corralesek, Juanfranek, Raul Garciak eta Webok, Javier Flañori, Josetxori, Monreali, Juanluri, Valdori eta Soldadori emango diete lekukoa.