Martin Larrañaga. Aiala Zarautz taldeko entrenatzailea

«Sasoia hasi aurretik baino gertuago ikusten dut mailari eustea»

Iritsi berrien ordainsaria ari da pagatzen Aiala Zarautz. Bost partida jokatuta, punturik ez du lortu, eta azkena da Ohorezko Mailan. Hala ere, «baikor» da Martin Larrañaga taldeko entrenatzailea.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2015eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Lanetik bueltan harrapatu du BERRIAren deiak Martin Larrañaga (Usurbil, Gipuzkoa, 1982). Lanetik, eskubaloia pasio baitu, baina ez ogibide, are gutxiago Aiala Zarautzen, non inork ez baitu zentimo bakar bat ere irabazten. Horrek ez du esan nahi presioa ez dutenik. «Zarauzko herria gutaz harro egon dadin nahi dugu».

Bost partida jokatuta, punturik ez duzue bildu oraindik. Inork ez zuen esan erraza izango zenik.

Bagenekien hasiera gogorra izango zela eta hau gerta zitekeela.

Partida horien artean, hala ere, alde nabarmenak daude. Bera Bera, Aula Cultural eta Ro'Casaren aurka aukera gutxi izan zenuten. Elx eta Porriñoren aurkakoetan, ordea, azken unera arte izan zineten lehian.

Ezin dira alderatu etxean eta etxetik kanpo izan ditugun aurkarien maila. Bera Bera, Aula Cultural eta Ro'Casa koska batzuk gorago daude. Bera Bera aipatu dut, etxetik kanpo jokatutako partida izan arren, etxekoa baita ia-ia. Neurketa horietan gertatutakoari bakarrik erreparatuta, badirudi ezinean ari garela, maila handi geratzen zaigula. Baina ez da horrela. Elx eta Porriñoren aurka, erakutsi dugu gai garela maila ertaineko taldeei aurre egiteko. Azken unera arte borrokatu gara bietan, eta horrek indarra eman behar digu.

Bi partida horietan, azken unean egin dizuete ihes puntuek. Eskarmentu falta deitzen zaio horri.

Hala da. Guk baditugu taldean jokalari eskarmentudunak, baina ez ohorezko mailan. Itziar Ubillosek, adibidez, badu esperientziarik maila honetan —Leonen jokatu zuen—, baina, kasualitatea, apenas jokatu ahal izan duen. Beste guztiok, ordea, eskarmenturik gabekoak gara. Eta, nahitaez, igarri egiten da hori. Huts egiten dugu, eta azken minutuetan hutsak larrutik ordaintzen dira. Eskura izan dugu, baina ihes egiten utzi diogu; sentipen horrekin amaitu ditugu Elx eta Porriñoren aurkako lehiak. Badakigu hobeto egin dezakegula, eta badakigu horretarako gogotik lan egin behar dugula. Horretan ari gara.

Denboraldi honetako helburua oso argi zenuten: mailari eustea. Bost partida jokatu ondoren, nola ikusten duzu helburu hori, gertuago ala urrunago?

Gertuago. Zergatik? Etxetik kanpo gai izan garelako lehiakorrak izateko. Galdu egin dugula, ados, baina bi partida horietan egin dugun jokoa eginez gero, gai izango gara etxetik urrun garaipenen bat lortzeko. Etxeko babesean badakit gurearen antzeko mailako taldeei irabaz diezaiekegula. Horregatik, baikor naiz. Baina oso argi dut hori lortzeko bete-betean aritu behar dugula partida osoan.

Etxeko babesa aipatu duzu. Zenbait jardunalditan inon baino zale gehiago bildu dira Aritzbatalden. Hain zuzen, haien aurrean jokatutako lehietan aritu zarete okerren. Pena hori baduzue?

Bai. Taldean badugu etsipen sentipen hori, gure jendearen aurrean ezinean aritu garela. Guk etxean jokatu nahi baitugu ondo, gertukoen aurrean. Baina uste dut hori lortzeko mesede egingo digula orain artekoak; behar genuen hil edo bizikoak ez ziren zenbait lehia jokatu, mailari neurria hartuz joateko. Okerrago izango zen dagoeneko mailari eusteko lehian ariko den talderen baten aurka jokatu eta eskarmentu faltagatik galdu izan bagenu. Zorionez, oraindik ez dugu halakorik jokatu, eta denbora izaten ari gara mailara egokitzeko.

Dagoeneko argi duzue zeintzuk diren zuen aurkari zuzenenak?

Bai. Oviedo, Valentzia, Malaga eta Leon. Eta, zer egin duten aztertuta, baikor naiz. Baina argi izan behar dugu gure benetako erronka dela haietako baten aurka jokatzen dugun egunean gure maila ematea, kosta ahala kosta. Ez badugu ematen, arazoak izango ditugu.

Zer falta du taldeak?

Eskarmentua. Gero eta sinetsiago nago talde honek baduela kalitatea Ohorezko Mailan jokatzeko. Baina falta zaiguna da larri gabiltzan momentuetan norbaitek taldea bizkarrean hartzea. Une batzuetan, denak geldi geratzen gara, elkarri begira, zain, ea nork hartzen duen erantzukizuna taldearen bidea zehazteko. Horretan zerikusi handia du taldean gehienak gazteak izatea, eta haiei gehiago kostatzen zaie ardura hori hartzea.

Zein da zuen indargunea?

Jokalari ia guztiak zarauztarrak dira, eta ez direnak gertukoak dira. Ez dugu jokatzen soldata baten truke: guk gure herria defenditzen dugu, eta gure gertukoengatik jokatzen dugu. Gure jokalarientzat, ohorea da herriko taldean jokatzea, eta pribilegiotzat dute hori egiteko aukera izatea. Jokoari dagokionez, oso oldar- korrak gara. Ez dut uste guk baino penalti gehiago behartu duen talderik dagoenik; zazpi-zortzi partidako. Gero egia da ez gabiltzala oso fin penaltiak jaurtitzen, baina, hala ere, Bera Bera eta Aula Culturalen aurkako partidetan ez, beste guztietan sartu ditugu gutxienez 23 gol. Azkenean, adibidez, 27 sartu genituen; horrek esan nahi erasoan ondo ari garela.

Nola daramate jokalariek maila nagusirako jauzia?

Kostatzen ari zaie. Ohorezko B Mailan hutsak nahiko oharkabean geratzen ziren, baina maila nagusian ez, maila nagusian erraz geratzen zara larrubizirik. Eta jokalariei gogor egiten ari zaie hori, gogorra baita zure gertukoen aurrean larrubizirik geratzea. Baina hau maila nagusia da: aurkarien maila askoz handiagoa da, eta arrisku handia dago lotsagarri geratzeko.

Nola daramazu jokalariei lehen baino gehiago eskatu behar izatea, jakinda taldean inortxok ere ez duela zentimorik jasotzen?

Aitortu beharra dut zaila dela eta batzuetan ez dakidala nola hitz egin behar dudan, lagun kuadrilla bati hitz egingo banio bezala ala maila nagusiko talde bati hitz egingo banio bezala. Oso argi dut, ordea, eskua eduki behar dudala. Denok gatoz entrenatzera lan edo ikasi ondoren, eta inorentzat ez da lehentasuna eskubaloia. Gustatzen zaigu, izugarri, baina eskubaloia baino gauza garrantzitsuagoak ditugu gure eguneroko bizitzan. Egun batzuetan, badakit ezin ditudala jokalariak estutu, konturatzen bainaiz entrenatzen ari direla baina burua beste nonbait dutela. Eta normala da, haien bizitza ez baita eskubaloia. Alde horretatik, gure ahalmenen mugan gaude, ahalegin handia ari baikara egiten. Oso zaila litzateke jauzi bat ematea, daramagun bizitzak ez digulako horretarako aukerarik ematen.

Taldea, hala ere, gogotsu dago.

Jakina! Oso giro polita dugu. Aurreko asteburuan, adibidez, Porriñon ginela bagenuen pentsatua partida jokatu aurretik goizean entrenatzea, baina atzera egin genuen, eta hor aritu ginen taldeko kide guztiak Albariño ardo pixka bat edaten eta olagarroa jaten. Behar ditugu halakoak egin, tentsioa kentzeko. Halakorik egin ezean, jasanezina litzateke hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.