Eibar 0-1 Reala

Sasoia nolako, derbia halako

Realak 0-1 irabazi dio Eibarri, eta urratsa egin du Europarako bidean. Aldiz, armaginek oso zaila dute datorren urtean Espainiako Ligan segitzea.

Alexander Isakek, Eibarko jokalariek inguratuta. Aurrelari suediarrak egin zuen partidako gol bakarra. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2021eko apirilaren 26a
22:54
Entzun

Bi taldeen bilakaerak ikusita, nekez irudika zitekeen bestelako emaitzarik. Hondoa jota dago Eibar, eta eroso ari da Reala. Orain arteko irudi horien islada bat izan da Ipuruan jokatu duten derbia. Realak irabazi du (0-1), eta Europa ligara sailkatzeko lehian abaila hartu dute txuri-urdinek, Espainiako Liga amaitzeko sei jardunaldiren faltan. Aldiz, datorren sasoian txapelketa horretan aritzeko ilusioa apaltzen ari zaio talde armaginari. Itzaltzen ari da Eibar.

Distira gutxiko partida izan da Ipuruakoa, baina denboraldian zehar ondoen ari den taldea nagusi izan da markagailuan. Bere neurketarik onena jokatzetik urrun, eraginkortasuna baliatu du Realak. Beste muturrean dago Eibar. Joko gatzila egiten dute Jose Luis Mendilibarrenek; 51. minutuan egin du arriskuko lehen jokaldia. Suspertzeko premia larrian denak ezin ditu aurreko minutu guztiak probestu gabe utzi.

Aldarteak baldintzatzen omen du soropileko jarduna. Agerian geratu da hori. Bi taldeek gutxi egin dute neurketan zehar, baina batzuen poza besteen tristura izan da. Realari nahikoa izan zaizkio pare bat jokaldi on garaipena lotzeko.

Alexander Isakek izan du horren ardura. Une onean dago aurrelari suediarra, eta konfiantza horrek lagundu egiten dio kontrarioren atearen aurrean. Aldez eta moldez saiatu da baloia Marko Dimitrovicen atean sartzen. Behin asmatu du, ordea. Atezain serbiarraren zango artetik egin du gola, 26. minutuan.

Geldikako jokaldi batean aurreratu da Reala. Mikel Oiartzabalek ateratako korner batean, Robin Le Normandek ukitu du baloia, eta Isakek oztoporik gabe egin du errematea. Hutsa egin du eibartarren atzeko lerroak, eta halakoetan asmatu ezina lasta handia da azken postuan sailkatuta dagoen talde batentzat.

Hortik aurrera, maldan gora aritu dira armaginak. Realak, berriz, patxadatsu moldatzeko beta izan du lehen zatian. Kontrarioak ez du estutu. Hala iragan da neurketa, atsedenaldira artean.

Bigarren partean hobeto ekin diote etxekoek, nahitaez erasora jo beharrean. 51. minutuko erasoaldiaren ondotik ere aritu da txuri-urdinen arearen inguruan, baina, berriz gola egiteko aukerarik onena Realak izan du. 0-2koa egiteko abagunea izan du Isakek. Huts egin du Dimitrovicen aurrean bakar-bakarrik zela.

Eibarrek aurrerako urratsa egin du, baina errematerik gabe ez da golik lortzen. Anaitz Arbillak sortu du arrisku gehien, falta batean, 87. minutuan. Ezin, ordea. Amaieran, Isaken gol bakarra nahikoa izan zen balantza txuri-urdinen aldera erortzeko, eta donostiarrek jaso dute saria. Europa gertuago du Realak. Eibarrek, berriz, bigarren mailako infernua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.