Kostatu zaio, baina heldu da Realaren sasoiko lehen garaipena. Lehen lau jardunaldietan bi berdinketa eta bi porrot lortu eta gero, Rayori nagusitu zaizkio txuri-urdinak Zubietan.
Nahikari Garcia izan da partidako protagonista, urnietarrak egin baititu gipuzkoarren bi golak. Berehala jarri zaio partida Realari aldeko, bosgarren minuturako lehen gola egina baitzuen Garciak. Bigarrena, berriz, Itxaso Uriarterekin eginiko jokaldi bat amaituz sareratu du, 77. minutuan.
Bost jardunaldi igarota, bost puntu ditu Realak. Datorren jardunaldian Zaragozarekin jokatuko du, etxetik kanpo.