Carlos Sastrek irabazi du gaur arratsaldean Frantziako Tourreko hamazazpigarren etapa: Embrun-Alpe d’Huez (210 kilometro). Maila bereziko hiru mendate igo dituzte txirrindulariek -Galibier, Croix de Fer eta Alpe d'Huez-, eta Sastrek lidergoa ere lortu du. Bigarren postuan Samuel Sanchez sartu da, 2.03ra, eta hirugarren Andy Schleck, denbora berean. Ondoren Alejandro Valverde eta Frank Schleck -gaur arteko liderra- 2.13ra. 2.15era sartu da Cadel Evans.
Sastrek Frank Schleck taldekide (CSC) eta bigarren sailkatuari 1.24 kentzen dio orain, Bernhard Kohl hirugarrenari 1.33 eta Evans laugarrenari 1.34. Denis Mentxov dago bosgarren, 2.39ra. Igandean bukatuko da Tourra, eta larunbateko 53 kilometroko erlojupekoan erabakiko da. Itzuliko aurreko erlojupekoan (Cholet-Cholet, 29,5 kilometro), kasu, Evansek 1.16ko aldea atera zion Sastreri.
Etapa ikusgarri eta gogorra
Hirugarren kilometroan ekin dio ihesari Remy Di Gregoriok (FDJ), eta berehala atzetik erantsi zaizkio Euskaltel-Euskadiko Ruben Perez, Stefan Schumacher (QST) eta Peter Velits (MRM).
Lasterketak aurrera egin ahala, eta Croix de Fer igotzen ari zirela, Schumacherren eta Velitsen erritmoa ezin jarraiturik atzean geratu da Perez, Di Gregoriorekin batera. Mugatik 63 kilometro geratzen zirela atzeman du tropelaren aurreneko multzoak Perez.Ordurako hiru minutuko aldea ateratzen zioten tropelari Schumacherrek eta Velitsek.
61,4 kilometroren faltan, Velitsek haizkorakada eman, eta atzean utzi du Schumacher. Hau Croix de Ferko gainetik gertu atzeman du atzeko taldeak. Velitsek lehenbizi igaro du gaina, xx-eko aldearekin.
Jaitsieran, Alpe d'Huezerako bidean, Jerome Pineauk Velits harrapatu du. Atzeko multzoa –liderra barne- 1.55era zihoan.
Alpe d’Huezen lehenbiziko maldetara 57 segundoko aldearekin iritsi dira Pineau eta Velits. Gutxira atzeko multzotik atera, eta haien bila joan da Carlos Sastre (sailkapen nagusian liderretik 49 segundora). Haiek gainditu –atzeko multzoak ere-, eta aldapa latzetan gora segitu du espainiarrak, atzetik eraso saio ugari gertatzen zirelarik. Frank eta Andy Schleck anaiak, Cadel Evans, Bernard Kohl, Alejandro Valverde, Christian Vandevelde eta beste batzuk izan dira Sastre harrapatu nahian ibili direnak. Hauekin bat egin du Denis Mentxovek, helmugarako 6,5 kilometro geratzen zirela. Artean 1.30eko aldea zeraman Sastrek.
Alde hori handitzen joan da, eta 2.30 izatera ere iritsi da. Azkenean 2.03ko aldea atera dio bigarrenari.
Txirrindularitza
Sastrerentzat izan da Tourreko gaurko etapa, eta lidergoa eskuratu du
Alpe d'Huezko maldetan behe-behean jo du erasoa. Frank Schlecki sailkapen nagusian 1.24ko aldea kentzen dio, Kohli 1.33koa eta Evansi 1.34koa. Larunbateko 53 kilometroko erlojupekoan erabakiko da itzulia. Gaur Samuel Sanchez sartu da bigarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu