1 Formula

Schumacherrek ez du Valentzian parte hartuko

Atzo gauean Ferrari taldeari esan omen zion ez zegoela 1 Formula auto baten esfortzuak jasateko moduan. Luca Badoerrek ordezkatuko du Massa.

Laurentzi Garmendia
2009ko abuztuaren 11
16:49
Entzun
Azken orduko berria da, baina itxura guztien arabera, Michael Schumacherrek ez du Europako Sari Nagusia korrituko Valentzian. Nahiz eta bi aste daramatzen bere sasoia hobetzen, otsailean izandako moto istripuaren ondorioak hor diraute. Schumacherrek berak atzo gauean Ferrari taldeari esan omen zion ez zegoela 1 Formula auto baten esfortzuak jasateko moduan: "Ezin dut Felipe Massa ordezkatu". Luca Badoer italiarrak ordezkatuko du Massa, Ferrarik jakinarazi duenez.

Schumacherren inguruko albistea BBC kateak eman berri du, baina horrez gain badira zentzu horretan bat egiten duten albiste gehiago. Adierazgarriena da Willi Weberrek, Schumacherren managerrak, merchandising ekoizpen guztia geldi arazi duela. Haren esanetan: "Itzulera ehuneko ehunean ziurra ez den bitartean, ez dugu ezer ekoiztuko". Jakina da 1997an, Schumacher titulua irabaztear izan zenean, milioi bat euro xahutu zituela hura txapeldun agertzen zen artikuluetan, baina azkenean Villeneuvek eraman zuen titulua, Jerezen.

Schumacherrek bere web orrian adierazpen bat argitaratu du oraintxe, eta hala dio: "Atzo gauean, Luca di Montezemolo Ferrariko presidenteari eta Stefano Domenicali taldeko nagusiari jakinarazi nien zoritxarrez ez naizela Felipe ordezkatzeko moduan izango".

Lepoa da arazo gehien eman diona: "Benetan saiatu naiz behin-behineko itzulera posible egiten, baina nire zoritxarrerako ez da posible izan. Ez dugu lortu Mugellon 1 Formula saio pribatua eta gero lepoan agertu zaidan oinazea kentzea, nahiz eta modu guztiak saiatu, mediku eta terapeutikoak barne".

"Dezepzionatua nago erabat. Izugarri sentitzen dut Ferrariko jendeagatik eta nire alde egin duten guztiengatik. Nire esku zegoen guztia saiatu dudala bakarrik errepika dezaket. Orain egin dezakedan bakarra, taldeari hurrengo lasterketetan zorterik onena desiatzea da".

Hala, taldeak beste gidari bat topatu beharko du, abuztuak 23ko lasterketarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.