Luis Scolak NBAn jokatuko du datorren denboraldian, Houston Rockets taldean, eta gaur agurreko prentsaurrekoa eman du Gasteizen. 2000. urtetik bertako klubean izan da: Tau Baskonian. "Pixka bat triste noa Gasteiztik, azkeneko zazpi urteetan nire etxea izan delako". Ondoan izan du Joxean Kerejeta Baskoniako presidentea.
NBAn jokatzea "erronka" duela esan du Scolak (27 urte), baina "arrakasta" izateko itxaropena dauka. Taun, behintzat, maila ona eman du urteotan. "Scola gurekin izan den urteetan, gure historiako emaitzarik onenak lortu izan ditugu: ACB Liga bat, Espainiako hiru Kopa, Espainiako bi Superkopa, Euroligaren azken fasean hiru aldiz izan gara...", adierazi du Kerejetak. "Klubaren jokalaririk garrantzitsuena izan da". Scola bera, esaterako, hiru aldiz izendatu izan dute Euroligako jokalaririk onena bezala, eta Baskoniaren inoizko saskiratzailerik onena da.
Scolak eskerrak eman dizkie Tauren jarraitzaileei, zuzendariei eta bertan izandako entrenatzaileei, eta azken horien artean, Dusko Ivanovic nabarmendu du. "Niretzat mugarria izan zen Ivanovicen aroa, gauza garrantzitsu asko erakutsi zizkidalako jokalari gisa hobetzeko".
Kerejetaren ustez, jokalariak NBAn ere lorpen onak izango ditu. "Eta urte batzuetara Gasteizera etorriko dela uste dut, bada ere urtebetean gurekin jokatzeko".
Argazkian, Luis Scola, gaur, Gasteizen. (Argazki Press)
Saskibaloia
Scolaren agurra
NBAn aritu aurretik, Gasteizen izan da gaur. "Pixka bat triste noa, azkeneko zazpi urteetan nire etxea izan delako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu