Sebastian Vettelek (Red Bull) 1992tik indarrean zegoen marka berdindu zuen atzo, urte berean hamalau pole lortuta. Oraindik aukera du, gainera, marka hura gainditu eta hobetzeko, Brasilgo proba falta baita. Lewis Hamiltonentzat (McLaren) dena prest zegoela zirudien, ostiral goizeko saioa kenduta beste guztietan ingelesa izan zelako azkarrena. Baina behar zenean azaldu zen Vettel, azken itzulian. McLareneko bi autoak izango ditu atzean; Jenson Button ere oso gertu ibili zen.
Vettelek Nigel Mansell britainiarrak Williams auto batekin egindako errekorra berdindu zuen egunean bertan, Williams taldeak historiako sailkatze probarik txarrena izan zuen. Rubens Barrichellok ez zuen denborarik markatu olio ihes baten erruz, eta Pastor Maldonadok zuen hamar postuko zigorragatik, talde ingelesa azken lerrotik aterako da. Hirugarren lerrotik aterako dira, bestalde, Ferrariko bi gidariak. Denbora aldeak ez ziren horren handiak izan, batez ere itzulia osatzeak 100 segundo eskatzen dituela jakinda. Baina McLaren eta Red Bull haien aurretik daude.
Iaz Abu Dhabin erabaki zen titulua Vettelen alde, eta Fernando Alonso (Ferrari) Vitali Petroven (Renault) atzean izan zen ia proba guztian. Gaur ez da halakorik gertatuko, guztia erabakita baitago, eta Petrov 12. aterako baita. Hamilton eta Felipe Massa (Ferrari) ere nahiko urrun daude. Lehen bihurgunera McLaren auto bat aurretik iritsi ezean, Vettelek eskura izango du sasoiko hamabigarren garaipena.
Sebastian Vettelek urteko hamalaugarren 'pole'-a lortu du Abu Dhabin
Nigel Mansell britainiarraren errekorra berdindu du alemaniarrak, eta Brasilen gaindi dezake
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu