Jexuxmari Ormaetxea 'Urki'. Euskadiko sega txapelduna

«Sega munduan, irabaziak bainoago diru galerak ditu txapeldunak ere»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hernani
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Segalari gisa urte asko daramatza Jexuxmari Ormaetxea Urki-k (Orendain, Gipuzkoa, 36 urte). «Odolean» daramala onartu du, baina bere kirolari ez dio etorkizun onik ikusten. Hasi zenetik, okerrera egin du segak, eta aurrera begira ere, gaitz erdi. Gazteek ez omen dute sufritu nahi... Baina lehian jarraitzen du berak, ondo jarraitu ere. Igandean irabazi zuen bere hirugarren Euskadiko Txapelketa —2003an eta 2010ean izan zen txapeldun—. Haatik, pozaz gain ez du onurarik lortzen, irabazi bai, baina dirua galtzen baitu txapeldunak ere. Txillida Leku museoan lanean irabazten ditu sosak, hango belardiak segaz ezin mozteak amorratzen duela.

Hirugarren txapela lortu duzu. Espero zenuen?

Itxaropena banuen, behintzat. Gipuzkoako Txapelketan ez nintzen aritu, pneumoniak jota. Eta pentsatu genuen prestaketan aurrera egin ahala ikusiko genuela nola nengoen. Nahiko ondo osatu nintzen, eta parte hartu nuen; lana ondo eginda, gainera.

Iaz ez zenuen parte hartzerik izan.

Ez, iaz disko herniak jota egon nintzen.

Arantzatxoa atera duzu aurten…

Egia esan, bai. Gainera, hilabete bat entrenatu gabe egonda, eta hain gutxi prestatuta, pozik egoteko modukoa da.

Hiru txapelen artean zein izan da bereziena?

Lehena beti da polita, baina irabazi berri dudana izan da bereziena. Azkenaldian izan dudan zorte txarrak eta zailtasunek egin dute berezi. Gainera, Lizaso iazko txapelduna ere bertan zegoen, eta galduz gero esango zidaten: «Ezin al duzu aitona bota?» [51 urte ditu Juan Joxe Lizasok].

Nolakoa izan zen finala?

Nahiko gogorra izan zen. Belarra ona zen, baina hasieratik atzean utzi ninduten. Belarra beheragotik moztu nuen, eta horrek gehiago nekatzen du. Uneoro egon nintzen atzetik, baina neure buruari esaten nion ondo mozten ari nintzela. Eutsi egin nion, eta, azkenean, nik lortu nuen kilo gehien.

Estrategia horrekin atera zinen?

Nik beti egin dut belarra beherago moztearen alde, gehiago kostatzen den arren. Uste dut segalari guztiek hala aritu behar dutela.

Horrek ba al du garrantzirik?

Badu garrantzia, bai. Belarrak beheran pisua badu, ondo dator beheragotik moztea, atzean geratuta ere. Baina pisurik ez badu, alferrik da.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Aita segalaria nuen, Urtainekin aritua. Eta aita aritzen zenean, haren ondoan jarri, kolpe batzuk eman, eta gustatzen zitzaidan.

Urte asko daramatzazu goi mailan.

Hala da. Zaletasun kontua da, odolean daramadan zerbait. Izan ere, sega urtean hiru hilabeterako baino ez da. Sasoia baino luzeagoa da prestaketa garaia.

Ilusioa eta gogoa dituzu oraindik?

Jarraitzeko ilusioa mantentzen dut, are gehiago aurten txapela lortuta. Oraindik sasoian nago, eta jarraitzeko indarra badut.

Zein etorkizun ikusten diozu segari?

Ezer onik ez. Gastu asko ditu segak. Irabazita ere, galerak izaten ditut. Dauden diru sari apurrak ere asko murriztu dituzte. Azkenerako, sarian lortutakoa baino gehiago da ordaindu beharrekoa.

Eta belaunaldi berriak…

Gazteek ez dute aritu nahi, bestelako kirolak dituzte nahiago. Hasten direnek itxaropena galtzen dute, hasi eta berehala nahi baitute ondo aritu. Eta ez da horrela.

Zenbat aldatu da sega mundua zu hasi zinenetik?

Asko aldatu da. Lehen jende asko aritzen zen, eta sekulako maila zegoen. Finalean sartzea soilik oso zaila zen. Orain, aldiz, finalean lau elkartzeko ere zailtasunak izaten ditugu.

Nolako prestaketa egiten duzu?

Neguan pesak egiten ditut, baina ez askorik. Eta ondoren, mendian eta bizikletan ibiltzen naiz, eta korrika pixka bat. Sasoia hasi baino hiru hilabete lehenago hartzen dugu sega.

Noiz arte ariko zara sega munduan?

Ez dakit. Familia ere hor dago, eta kirolak denbora asko kentzen dit. Lizasok bezainbeste ez dut uste iraungo dudanik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.