Olaizola II.a 22. Bengoetxea VI.a 13

Segi edo lehertu

Olaizola II.ak erritmo biziarekin ito du Bengoetxea VI.a, eta neke hori baliatuz ia perfektu jokatu du

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Iraupena. 56:15.

Pilotakadak. 259.

Saketik. Olaizola II.ak 2; bengoetxea VI.ak bat.

Lau t'erdiko pasak. Olaizola II.ak 1.

Markagailua. 3-0, 3-1, 4-1, 4-2, 6-2, 6-3, 10-3, 10-8, 12-8, 12-9, 13-9, 13-10, 15-10, 15-11, 17-11, 17-12, 18-12, 18-13 eta 22-13.

Bestelakoak. Sarrera bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan, bete egin zen. Apustuak doblean irten ziren Olaizola II.aren alde.

Galtzaile batek gutxitan jaso du Oinatz Bengoetxeak atzo adina txalo. Merezitakoak, makina bat kilometro egin zituelako ziztu bizian korrika kontrakantxa eta ezker paretaren artean. Gehienak, baina, kilometro antzuak izan ziren, ia ordubetez Olaizola II.ak jotako musikan dantzan aritu baitzen. Iazko txapeldunak agindu zuen, diktatore baten moduan, ia tanto guztiak izan baitzituen mendean. Bengoetxeak, halere, korrika jarraitu zuen, lurrean jota bukatu arte. Une batzuz irabaz zezakeelako ilusioa sortu eta guzti egin zuen; baina hori zen, ilusioa, Olaizola gehiago zelako, eta ondo merezita irabazi zuen. Ia perfektu jokatuz bukatu zuen, eta hamabost tanto egin zituen jokoan.

Patu ankerraren aurka borrokatzen den orok sortzen du miresmena, edo errukia. Errebeldiak erraz hunkitzen du, eta hori izan zen atzo Bengoetxea: partidaren gidoi logikoaren aurka borrokan ari zen iraultzailea. Lehiaren hasieran ez zuen pilota bakar bat ere galdutzat eman, hogei pilotakadatik gorako tantoetan, eta garesti ordaindu zuen. 9-3rako 120 pilotakada joak zituzten, eta Bengoetxeak, arnasestuka, hirugarren atsedena eskatu behar izan zuen.

Jota zegoen leitzarra, eta arriskatzea erabaki zuen. Itsu-itsuan aritu zen erasoan, kale edo bale, eta tartea asko murriztu zuen (12-9). Eroaren ausardia zen, galtzeko ezer ez duenarena. Segi edo lehertu. Baina nekeak eragindako txakalaldia zama astuna da, eta 10-7koan aldagelara joan behar zuen eskua sabelean zuela eta zorabioak jota. Barea zen.

Bataren sufrikarioak bestearen patxadarekin izan zuen aurrez aurrekoa. Olaizolak ere korrika saioak egin behar izan zituen, biziak, baina agintzeak ez du hainbeste nekatzen. Azken txanpan, gainera, bikain jokatu zuen. Bengoetxeak zuloak utzi zituen, eta iazko txapeldunak maisuki baliatu zituen ezkerrez tantoak egiteko. Azken hiruretatik bi sake errematez egin zituen, eta azkenekoa saketik, zabalera aterata. Bengoetxeak ageriko atsekabe keinua egin zuen tantoa hala jaso ondoren.

A multzoko beste partidan Iker Arretxek 22-12 irabazi zion herenegun Xalari. Duela bi urte ere irabazi zion arren, ustekabeko handia izan zen. Arretxek oso ondo jokatu zuen, eta hasieran hautsi zuen partida (1-10 eta 3-18). Xalak irudi oso kaskarra eman zuen, ia kezkagarria, eta azken txanpan bakarrik atondu zuen emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.