Jose Luis Mendilibar. Osasunako entrenatzailea

«Segurtasuna eman behar dit taldeak, ezin digute irabazi gure opariengatik»

Ligako lehen zazpi jardunaldiak jokatuta, Osasuna azken-aurrena da sailkapenean. Ez da egoera samurra, baina Jose Luis Mendilibar lasai dago. Sasoia hasi besterik ez dela egin dio behin eta berriro, eta hamabi-hamahiru talde oso parekatuta daudela, eta norbaitek egon behar zuela orain behean. Hortik azkar irtetea espero du, halere.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Osasunara iritsi zenetik dena aldapa behera izan badu ere, sasoi honen hasiera aldapa gora egiten ari da Jose Luis Mendilibar (Zaldibar, Bizkaia, 1961). Zazpi partidatik bost galdu ditu Iruñeko taldeak, eta azken-aurrena da. Gauzak asko hobetu behar dituztela badaki, eta bere erruak aitortzeko lotsarik ez du. Nolanahi ere, Liga hasi besterik ez da egin, eta lasai egon behar dutela dio.

Atseden egun hauen ondotik, nola itzuli dira jokalariak lanera?

Bi egun eta erdi jai izan eta gero, lehen entrenamendua egin dugu, eta normalean lehendabizikoa ez da saio onena izaten. Halere, ondo ikusi ditut lanean, eta eguraldiak ere lagundu egin du. Iganderako asko falta da oraindik, ordea.

Luze egin da Betisen aurkako partida egunerako tartea?

Ez dut uste, joan zen ostegunean lagunartekoa izan genuen Frantzian, handik itzuli eta beste bi entrenamendu egin genituen, eta orain atseden hartu ostean lanean gara berriz. Okerrak zuzentzeko, ondo etortzen dira aste hauek. Ondo egin dugu lan, eta, domekan txarto jokatzen baldin badugu, ez da izango partida batetik bestera denbora gehiegi izan dugulako. Taldean ez dugu sailkapenaz hitz egiten, eta buruz ondo gaudela uste dut.

Zu zeu nola zaude? Buruari buelta asko ematen?

Bai, normala da. Entrenamenduetan lanean ondo ari garela uste dut, hamaikakoak erabakitzeko orduan nahi baino gehiago pentsatzen ari naiz, baina, partida borobil bat jokatu ezean, normala da zalantza apur batzuk izatea, ez akaso postu guztietan, baina bai zenbaitetan. Segurtasun horren bila ari naiz, eta taldeak eman behar dit hori. Eta segurtasuna ez da irabaztea. Gauzak ondo egitea da kontua. Gero akaso gerta daiteke aurkariak zuk baino hobeto jokatzea eta galtzea, baina segurtasuna eman behar dit taldeak, ezin digute irabazi gure opariengatik. Larregi iritsi zaizkigu arerioak gure atera lehia guztietan.

Zalantza horiek azkar argitzea komeni da.

Aldaketa asko egin ditut, zigorrak eta lesioak ere izan ditugu, eta bi aste jarraian hamaikako bera errepikatzerik ez dut izan. Horrek ez du ezer esan nahi, horretarako ditut 25 jokalari, baina Armenteros ez zegoen jokatzeko moduan hasieran, Puñal lau partidarako zigortu zuten gero, eta ondoren Damiak eta Bertranek min hartu zuten. Ea astiro-astiro arazoak konpontzen diren. Talde gogorra izatea da lehen helburua. Akaso erasoan ezin izango ditugu aukera asko sortu, baina gure ateari hutsean eustea da garrantzitsuena. Hori lortu dugun aldi bakarrean irabazi egin genion Levanteri. Beste partida guztietan golak sartu dizkigute, eta horrela zaila da irabaztea. Aurreko sasoitik hona gola sartzeko aukera asko galdu dugu. Eta Cejudok, Lamah-k, Sisik eta Armenteros erdilariek hasi egin behar dute golak sartzen, ezin dugu aurrelarien golen zain soilik izan.

Jendea zurekin dagoela uste duzu?

Bai, zaleengatik diozu?

Bai.

Ez naiz larregi ibiltzen Iruñetik,baina taldearekin daudela uste dut. Levanteren aurkako partidan protestak izan ziren, baina hori ona dela uste dut nik, taldeak ongi ez badu jokatzen normala da jendea haserretzea. Gauzak ondo egiten hasi orduko, berehala animatzen gaituzte. Guk eman behar diegu nahi dutena. Partida irabazteko adina egiten ari ez garela ikusten baldin badute, normala da zaleak gustura ez egotea.

Talde deserosoa izatea izan da beti zure helburua Osasunan, baina zazpi partidetatik bost galdu dituzue.

Aurreko sasoian ez dakit zenbat partida galdu genituen, baina sei, zazpi edo zortzi izango ziren [hamar izan ziren]. Atera kontuak hasi orduko bost galdu baldin baditugu. Garaipenak nekez lortzea logikoa ere izan daiteke, baina hain erraz galtzea ez da normala. Etxean golak sartzeko aukera izan behar dugu, eta etxetik kanpo geuri hainbeste sartzeko aukerarik ez ematea da gakoa. Galtzen hasi garen partidetan erreakzionatzeko gaitasunik ez dugu izan.

Etxean partida bakarra galdu duzue.

Nik beti esan dut etxean edo kanpoan jokatu berdin zaigula, puntuak toki guztietan atera behar direla. Baina lau partida jokatu eta laurak galdu ditugula ikusita, eta lau partida horietan gol bakarra sartu dugula ikusita, argi dago zerbait gaizki egiten ari garela Iruñetik at. Edo nik planteamendu okerrak egin ditut edo jokalariek mentalizazio txarra izan dute etxetik at. Aurkarien zain geratu izan gara, eta gola sartzen digutenean soilik jotzen dugu aurrera. Normalean beranduegi izaten da hori beti. Aurkarien erara jokatzeagatik galtzea tristea da. Guk nahi bezala jokatu behar dugu.

Martin Gonzalez kirol zuzendariak esan du golik ez sartzea dela Osasunaren arazo nagusia. Jasotakoengatik kezkatuago ikusten zaitut zu.

Biak dira gauza garrantzitsuak. Gol gutxi sartzea gauza bat da, eta aukerarik ere ez izatea beste bat. Eta, tamalez, sasoi honetan aukera gutxiegi izan dugu. Zelai erdiko jendea gutxi iristen da aurkariaren areara, eta askotan arean jokalari bakarra dugunean egiten ditugu erdiraketak. Horrela zaila da golak sartzea. Sartu zizkiguten golei dagokienez, aurreko sasoian ere gol dezente sartu zizkiguten. Baina, orduan, hiru partidatan hogei gol sartu zizkiguten, eta, aldiz, sasoi honetan partida bakoitzean bat edo bi. Horregatik nioen aurreko sasoian hobe dela behin 7-0 galtzea eta ez zazpi aldiz 1-0.

Gola sartzeko erraztasuna galdu duzuela diozu. Nork hartu behar du Raul Garcia, Nekunam, Ibrahima edota Lekicen lekukoa?

Aurrelariek batik bat, baina baita erdilariek ere. Gero geldikako jokaldietan lantzean behin golen bat sartzen baldin badugu, hobe, baina arlo horretan aurreko sasoian baino ahulagoak gara, Raul Garcia, Nekunam edo Sergio gabe. Jende azkarragoa dugu zelai erdian orain, eta horiek gol gehiago sartu behar dituzte.

Asko nabari aduzu Raul Garciaren falta?

Hasieran, arazoak izan nituen harekin. Euskarrian aritzeko ekarri genuen, baina berehala konturatu nintzen nik eskatzen niona ez zuela egingo hor. Baloiari atzetik irteera ona ematea eskatzen nion, baina gora jotzen zuen beti. Aurrerago jarri nuen gero, eta sasoi bikaina egin zuen. Konfiantza berreskuratu zuen, eta, orain, ondo ari da Atletico Madrilen berriz. Joko askorik ez zigun eman, baina bai erremate mordo bat. Buruagaz, oin biekin, edozein eratan errematatzen du. Eta orain ez daukagu horrelakorik. Armenteros ezberdina da, joko gehiago eman ahal digu, eta golak ere sartuko ditu, baina oraindik ez dago sasoiko. Falta zaiguna eman ahal digu, dena dela.

Sisi, Cejudo, Lamah… dotoreak bai, baina Raulen gose hori falta zaie.

Bai. Askotan pase on bat egitearekin konformatzen dira. Baloiarekin gauza onak egiten dituzte, baina baloia beste norbaitek duenean areara iristea eta gola sartu ahal dutela sinestea falta zaie. Roberto Torres ere hor daukagu, biguna da, baina horrek bai, horrek gola sartzeko gosea badauka.

Joseba Llorenterena izan zen golak sartzea ziurtatzeko apustu nagusia. Nola ikusten duzu?

Gura duela ikusten dut, gauzak egin nahi dituela. Oraindik ez dago ondo, ez dakit zergatik, lesioarengatik, azken bi urteetan gutxi jokatu duelako edo adinarengatik, ez dakit zergatik. Ondo entrenatzen da, gogo ikaragarria sumatzen diot, baina partida batzuetan gura duela baina ez dela ailegatzen ikusi diot. Lehiaketak ematen duen indar hori hartzea faltako zaio agian. Sasoi honetan zazpitik sei jokatuak ditu, eta ea horrek laguntzen dion erremateetara hobeto iristen. Gainontzean oso ondo etorri da.

Talde baten gakoa euskarrietan izaten dela diote entrenatzaile askok. Eskarmentu gutxiko jokalariak aritu dira hor: Timor, Raoul Loe, Annan... Eskarmentu gabezia horrek baldintzatu al du Osasunaren jokoa?

Akaso bai. Lehen bi partidak Puñalek eta Raoulek jokatu zituzten, eta, galdu arren, partida onak egin genituen. Gero Puñalen zigorra etorri zen, eta probak egin behar izan ditut. Timor eta Raoul gazteak dira, Bigarren B Mailatik datoz. Annan, berriz, beste Liga batetik dator, egokitzen ari da, eta, berandu iristeaz gain, bi aldiz izan da bere selekzioarekin. Aurreko sasoian Nekunam eta Puñal ziren euskarriak, eta sasoi honetan ez dute jokatu ez batak eta ez besteak. Hor hobetu dezakegu, baina ez hor bakarrik, atzean eta erasoan ere bai. Eta erru handiena nirea izango da ziurrenik, gainera, denboraldi-aurrean egin behar baitira probak, ez sasoia hasita. Hala ere, esperientzia eman behar digun jokalaria faltatzea nahikoa da beste guztiak haren hutsunea igartzeko eta dena hankaz gora jartzeko.

Puñal berriz jokatzeko moduan izatea albiste ona da, baina marka da gero. 37 urte ditu, eta oraindik ere haren zain egon behar du Osasunak?

Bai, eta jende askok Puñali txistu egiten ziola gogoratuko du orain, beti izan dituelako aldekoak eta kontrakoak. Orain, 37 urtegaz funtsezkoa dela ikusteak zerbait pentsaraziko die txistu egiten ziotenei. Taldean aldaketa asko izaten direnean eskarmentu handiko jokalariak ezinbestekoak bilakatzen dira, eta Puñalekin hori gertatu da. Sasoia hasi aurretik urtebete geratzen zitzaiola esaten nion txantxetan, gehienez ere beste bat oparituko ziotela, baina orain gutxienez beste hiru denboraldi geratzen zaizkiola esaten diot. Ez du inoiz min hartzen, entrenamendu eta partida guztietan prest izaten da… Gauza horiek ere esanahi handia dute.

Timor Puñal baino dotoreagoa da.

Baina gutxitan jokatu du euskarrian. Hiru euskarrirekin euskarri aurreratua izaten badaki, baina taldekideei irteera emateko zein tokitan egon behar duen jakitea falta zaio, eta erasotik defentsarako trantsizioak ere kosta egiten zaizkio. Ezaugarri bikainak ditu, bai, ezker dotorea du, futbola bikain ikusten du, baina arazo hori dauka, ez da euskarri peto petoa eta erdi-punta ere ez, ateari bizkarra emanda jokatzeko arazoak baititu. Euskarri bikaina izango dela seguru nago, baina guk orain behar dugu, eta hori da Timorren arazo bakarra.

Levanteren aurka urduri aritu zen taldea lehen zatian. Betisen aurka hori errepikatzearen beldur zara?

Beste itxura bat ematea espero dut. Ezer asko egin gabe irabazteko gai den aurkaria izango dugu aurrean, dena dela. Baina lasai egon behar dugu. Hamabi edo hamahiru talderen arteko oreka ikaragarria dago; gu 19. postuan egotea ez da harrigarria, norbaitek hor egon behar baitu. Nahiago nuke hor ez egotea, baina hau hasi besterik ez da egin.

Gaiaz aldatuta, zein da zure kirol ibilbideko unerik gozoena?

Une gozo asko izan ditut! Arratiarekin Preferentean hasi nintzen eta bi urte dotore egin nituen han, bigarren urtean mailaz igota. Gero Athleticen harrobian zazpi urte egin nituen, Baskoniarekin urte bikaina osatu nuen, eta Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara igo. Yeste, Aranzubia, Luis Prieto… jokalari bikainak izan nituen. Lanzarotera joan nintzen gero, eta bi urtetan Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa jokatu genuen. Eibarrekin laugarren postuan amaitu nuen hurrengo sasoia. Leku guztietan izan ditut une gozoak, Valladoliden ere bai. Baten ez beste guztietan, Athleticen lehen taldearen ardura hartu nuenean. Osasunarekin egin lehen sasoian hamabost partidatik zortzi irabazi eta bederatzigarren postuan utzi genuen taldea. Iragan sasoian zazpigarren…ezingo nuke une bat bakarrik aukeratu.

Eibarrekin azken jardunaldia arte Lehen Mailara igotzeko borrokan izatea bezalakorik ez dakit bada...

Hor egin nintzen ni ezagun. Eibarrek eman zidan izen ona, eta, neurri handi batean, horregatik nago orain hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.