Gaintzako igoera-jaitsierek eta Arratek lanak izango dituzte Markina-Xemeingo erlojupekoa orekatzen. Hori da gehienen ustea. Urtero bezala, oso gorabeheratsua, amaiera zail askokoa, eta ikusgarria dator aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Baina gaurtik ostiralera nahiko orekatuta gera daitekeen sailkapena erabat hankaz gora jar dezake larunbateko 25,9 kilometroko erlojupekoak. Azken urteotako saioak baino luzeagoa izango da Markina-Xemeingoa, eta Santa Eufemiako igoerak dezente gogortuko du hiru ordu laurdenera gerturatuko den ahalegina. Tropel nagusia txikitu bai, baina, ondo bidean, faboritoen multzoa ez dute gehiegi mehetuko Gaintzak (gaur), Zugarramurdi eta Urdazubi inguruko tranpa txikiek (bihar), eta, Markina-Xemeinera iritsi aurretik, Aiastiako gainak (ostiralean).
Ibilbideak ibilbide, ordea, ia ezinezkoa izango da tropeleko izarretako asko baretzea, eta lehia dotorea espero da astebeteko leherketan. Alberto Contador (Saxo) eta Alejandro Valverde (Movistar) ageri dira faboritoen goiko muturrean, baina gertutik zaindu beharrekoak izango dira beste hainbat ere: Michal Kwiatkowski (Omega), Tejay van Garderen (BMC), Rui Costa (Lampre), Jean Christophe Peraud (Ag2r), Simon Spilak (Katuxa)... Eta taldearen egiturak baimentzen duten neurrian, goi-goian ibili beharko lukete erdi ezkutuan iritsi diren beste txirrindulari batzuek ere. Multzo horretan daude Carlos Alberto Betancur (Ag2r), Beñat Intxausti (Movistar), Roman Kreuziger (Saxo), Robert Gesink, Bauke Mollema (Belkin), Robert Kiserlovski, Andy eta Frank Schleck (Trek), Tom Jelte Slagter (Garmin)...
Euskaltel-Euskadiren aroa igarota, dezente apaldu da euskal txirrindularien kopurua. Azken orduko aldaketarik ezean, hamar abiatuko dira bihar Ordiziatik: Beñat Intxausti, Ion eta Gorka Izagirre (Movistar), Mikel Nieve, Xabi Zandio (Sky), Haimar Zubeldia (Trek), Koldo Fernandez de Larrea (Garmin), Romain Sicard (Europcar), Amets Txurruka eta Omar Fraile (Caja Rural). Urruti geratu dira orain bi urteko kopurua —hamabost— eta iazkoa —hamazazpi—.
Iazko elur malutak eta eguraldi txar-txarra gogoan, erabat bestelakoa dator aurtengoa. Askorentzat petrala oraingoan ere. Sargori puntua iragarrita dago gaurko —23-24 gradu—, eta erritmo altuari beroa eta Goierri aldeko gogortasuna gehitzea nahikoa izango da ezustekoen zakua izenez betetzeko. Beroketa lanerako, Ordizian hasi eta bukatu, klasiko txiki bat dauka gordeta gaurko etapak, zortzi igoera motzekin. Gertutik zaindu beharrekoa da biharkoa ere, Ordizia eta Dantxarinea lotuko dituena: Usategietako baserri bidea eta Lizaieta lehen mailako mendatea igotzeaz gain —50 kilometro daude bertatik helmugara—, segundo gutxi batzuk irabazteko (eta galtzeko) aproposa delako azken zatia, Berruet bentatik barrena Zugarramurdi eta Urdazubi ingurutik igaroko dena. Talde lanerako tarte zaila da hori, eta min egingo du azken hamar kilometroetan sartuta dagoen landa bideak.
Gasteiz eta Arrate, bi klasiko
Urdazubitik abiatuta, klasiko bihurtzen ari den amaiera dago prest asteazkenerako, Gasteizekoa. Esprinta izan da bertan azken bi urteotan, eta Daryl Impey hegoafrikarrak gozatua hartu zuen bi kasuetan. Oricako txirrindularia ez da izango irteeran. Klasikotik klasikora jauzi eginda, sekretu gutxi dauka osteguneko etapak, Gasteiz eta Arrate lotuko dituenak. Ixua, Aiastia eta Arrate igo beharko dituzte azken 40 kilometroetan sartuta, eta urteroko segundo jokoa izango da santutegira bidean. Ostiralean eta larunbatean, berriz, Markina-Xemeinen izango da zalaparta. Aiastiako azken igoera arriskutsua izango da ostiralean, eta 25,9 kilometroko erlojupekoa erabakigarria biharamunean. Luzeegia, gogorregia, agian? Hori ematen du. Eguraldia ere txar samarra dago iragarrita, eta dezenteko aldeak sor daitezke lehenengo zati erosoan eta Santa Eufemiako igoeran.