Beste esprinterrenak, ordea, Petacchik Italiara joatea hobestea. Bestelakoan ez baitute zereginik. Santanderren erraz irabazi zuen. Errazago atzo. Trenti taldekide eta esprint bideratzaileak zeharo tenkatu zuen tropela azken zuzengunean, eta Petacchik berak eta Angel Edo kataluniarrak (Maia) eutsi zioten. Petacchi ez zen horretaz jabetu eta bete-betean ekin zion. Bere gurpilera itsasten saiatu zen Edo, ostera, gainditzen ahalegintzeko, baina gurpila hartzeko ere ezinean aritu zen eta burumakur helmugaratu zen.
Keinu ikusgarria egiteko denbora eduki zuen italiarrak helmuga zeharkatuta. Sei hatz altxa zituen aurrena, Giroan lortutako garaipenak gogoan. Lau hurrena, Tourrekoak. Eta bi azkenik, Vueltakoak. 12 etapa irabazi ditu urte berean egutegiko hiru itzuli handietan.
Igor Astarloarenahalegin antzua
Soria 1.000 metrora dago eta Zaragoza 800 beherago. Beheraka egiten zuen ibilbideak ia etapa osoan eta errepideak Ebro ibaiaren bidearekin bat egin ostean, aldeko haizea izan zuen lagun tropelak, Nafarroako Erriberan hain ohikoa den ipar gorria, ipar mendebaldeko haize freskoa, hain zuzen ere.
Tropelarentzat oso egokia zen ibilbideari eta ipar gorriari desafioa egin zieten lau txirindularik. Goiztiar ekin zioten ezinezkoa zen abenturari, bederatzigarren kilometroan. Karsten Kroon (Rabobank), David Navas (Relax), Mariano Piccoli (Lampre) eta Igor Astarloa ermuarrak (Saeco) osatzen zuten laukotea. Azkar egin zuten zuloa, tropela ez baitzen gehiegi aztoratu. Azken 75 kilometroak lauak ziren eta babesik gabeko ordeka lau hartan ez dago tropela baino azkarrago joango denik.
Lanzas Agudas gainean, eguneko mendate bakarrean, lortu zuten alde handiena ihes eginda zihoazenek: sei minutu. Hortik aurrera, aurrekoen errenta jan eta jan jardun zuen tropelak. Segundoka baino minutuka jaitsi zen aldea. 10 kilometroero minutua galtzen zuen laukoteak. Txirrindulari zailduak dira ihesaldietan Piccoli eta Kroon. Astarloak ere sobera erakutsi du bere maila, baina ibilbide lauean ito zen euren ahalegina.
Zaragozako helmugara iristeko 13 kilometro geratzen zirela irentsi zituen tropelak. Fassa Bortolok Telekom eta Alessioren laguntza izan zuen, baina txerria alferrik gizendu zuten, betikoak bakarrik jan zuelako.
z
Datua
Fassa Bortolok 52 garaipen daramatza urte honetan
Alessandro Petacchi (argazkian atzo, podiumean) da Fassa Bortoloko izarretako bat, zalantzarik ez. Bera da taldean garaipen gehien lortu dituena, baina ez bakarra. Fassa tropeleko talde indartsuena ere bada, bai behintzat garaipen gehien lortu dituena. 52 garaipen lortu ditu sasoia hasi zenetik gaur arte. Petacchik langile onak ditu alboan, baina baita txirrindulari garaileak ere.