Zonakako defentsa

Sei: poza eta tormentua

Andoni Urbistondo.
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Festa eta tristura. Panorama gertutik ikusi gabe, kosta egiten da batean eta bestean zer giro dagoen sinestea. Udaberria bizi-bizi sartu da Bilbon; loraldi betean daude. Bartzelonan garaipen handia lortu zuten, eta ia-ia segurtatuta daukate liga erregularra zortzi onenen artean bukatzea. Hori lortuta, Europara bueltatzea datorren sasoian. Pozik bizi dira Bilbon. Donostian, aldiz, neguko lainotzarrak dira nagusi oraindik. Negukoak edo udaberrikoak, Lagun Arok 2011n bildutako uzta benetan penagarria baita: hamasei partida jokatu, eta hamalau galdu. Sei daramatza orain jarraian, eta ligako azken sei jardunaldiak tormentu baten parekoak izango dira Donostian, taldea batere grinarik gabe ari delako, batere motibaziorik gabe, liga bukatu eta oporrak hartzeko gogoarekin, baina zaleek dirua ordaintzen dute saskibaloia ikusteko, eta jendea haserre dago Donostian. Batez ere, erabakiak hartzen dituztenekin. Zaila da jakitea azken sei jardunaldiek zer sentimendu eragiten duten Gasteizen. Estudiantes jipoitu zuten aise, baina Euroligako belarrondokoak oso presente jarraitzen du.

Banaketa. Zuzendaritza bide batetik doa, Pablo Lasori kontratua berritzea erabakita. Jokalariak ere bere bidetik, kontratu berritze horri batere interesik gabe erantzunez, eta Illunbera sufritzera joaten direnak hirugarren bidetik. Haserre jokalariekin, baina haserreago lemazainarekin eta erabakiak hartzen dituztenekin. Sinetsita baitaude Lasok zerikusi handiagoa duela taldearen gainbeheran, jokalariek baino. Ikustekoa izango da larunbat iluntzeko giroa Illunben, Unicajaren aurka. Taldeak galtzen badu, trumoia izango da, eta porrot horri jarrera traketsak laguntzen badio, erauntsi handi samarra. Orduan ere Gorka Ramoneda presidenteak proiektua emaitzak baino garrantzitsuagoa dela esatea bakarrik falta zen. Zer proiektu, baina? Orain bi urteko hamahiru garaipenak berdinduko ez dituena? Agian joan den sasoiko 11 garaipenera iritsiko ez dena? ACB ligako hamaseigarren postuan sailkatuko dena? Galdera sortak erantzun bat merezi du.

Hazten. Bakoitzari berea, eta gauzak, neurrian. Bilbo Basketek Bartzelonan irabazi izanari balioa kendu nahi izan dio zenbaitek, kataluniarrak buruz-eta jota zeudela, eta horregatik irabazi zutela bizkaitarrek. Horregatik izan zuen hamazazpi puntuko aldea bitan Bartzelonak, buruz jota zegoelako eta partida irabazi zein galdu ez zitzaiolako askorik axola. Bartzelonan irabaztea beti da zaila. Han irabazi duten taldeen zerrenda murritzari erreparatzea baino lan errazagorik ez dago. Ona da irabazi izana, garrantzitsua, eta Fotis Katsikarisen taldeari halako puntu bat ematen dio: handien kantxan irabazteko gai dela dioen puntu berezi hori. Esanguratsua da garaipena luzapenean lortu izana, bizkaitarrak inoiz ez direla belaunikatzen erakusten duen datua. Bi garaipenera dute Kanaria Handia, 9. sailkatua, eta lanean jarraitu beharra dago, baina Bilbo Basketek egina dauka: zortzi onenen artean bukatuko du liga, sekulakoren bat gertatzen ez bada.

Banaketa. Estudiantesek ere Bilbo Basketek egin zuenaren antzekoa egin zezakeela zirudien, baina hankapean ibili zuen Baskoniak, Israelen jasotako muturrekoak eraginik izango ez balu bezala. Joan den sasoian ere antzera gertatu zen. CSKAk Baskonia kaleratu, eta dena zen ezkortasuna. Bartzelonari liga irabazi zionean bezalaxe. Sasoi honetan are okerragoa da panorama, taldea joan den sasoian baino nabarmen okerrago ari delako ligan. Falta diren sei partidak irabaziz gero, orain arte emandako itxura txarrari buelta emateko gai izango al dira arabarrak? Liga erregular bukaerako sailkapenak eman edo kenduko du arrazoia. Laugarren postuak Bartzelonarekin parekatuko luke Baskonia finalerdietan. Hirugarrenak, finalean bertan, gauzak ondo. Eta finalerdia hutsaren hurrengoa da Baskoniarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.