Trainerillen aurtengo denboraldia datorren asteburuan bukatuko dute arraunlariek. Espainiako Txapelketa jokatuko dute Castro Urdialesen (Espainia). Senior gizonezkoei begira egongo dira begiak. Batek irabaziko du. Joan zen asteburuan Kaikuk Euskadiko Txapelketa irabazi zuen bezala. Eta, aurretik, San Juanek Gipuzkoakoa eta Kaikuk berak Bizkaikoa irabazi zuten bezala. Emaitza horiek hartu, eta hilabete barru hasiko den traineru denboraldirako —ekainaren 30ean jokatuko da San Miguel ligako lehen estropada, Zierbenan (Bizkaia— fidagarriak al dira? Esan nahi da, trainerilletan ondo ibili denak denboraldi ona egingo al du gero ontzi luzeagoan?
Joseba Fernandezek (Pasaia, 1974) argitu ditu galderak. San Juaneko entrenatzailea da aurten, eta denboraldi ederra egin dute ontzi txikian, zazpikoan: Gipuzkoako liga eta txapelketa irabazi dituzte, eta Euskadikoan hirugarren izan dira. Ligan, zortzi estropadetatik seitan astindu dute bandera. «Trainerilletan ondo ibiltzen denak lan ona egiten du traineruan, normalean», azaldu du pasaitarrak. Baina lotura erabatekoa ez dela gaineratu du gero: «Ez dauka garrantzi erabakigarria».
Hasierako hitz horiek arrazoituz, azaldu du «trainerilletan aritzen diren sei arraunlariak taldeko onenak izaten» direla. Bere kasuan, behintzat, hala lan egiten du. «Horrek esan nahi du talde denetan sei arraunlari onenak aritzen badira emaitza horiek fidagarriak direla gerorako». Ñabardurak ikusten ditu, ordea, ontzi txikiko eta handiko lanak parez pare jartzean: «Bakoitzak bere ezaugarriak dauzka; ontzi ezberdinak dira. Trainerua beste era batera jarri behar izaten da neurrietan eta nibeletan, eta horrek ere eragina izaten du».
Fernandez konturatu egin da azken urteetan talde denek berdin prestatzen dutela trainerilletako denboraldia: «Lehiaketa dagoen bitartean bakarrik egiten ditugu entrenamenduak. Horrek esan nahi du egoera berean lehiatzen garela denok, eta, alde horretatik ere, kontuan hartzekoak dira ontzi txikiko estropadetan izandako emaitzak eta erreferentziak». Talde batetik bestera, ordea, aldea dago prestakuntzan. Batzuek garrantzia ematen diote trainerillen lehiari, eta horretara bideratzen dituzte arraunlari onenen entrenamenduak, ontzi lehiakorra ateratzeko; beste batzuek, aldiz, traineruko lanarekin segitzen dute. Asteko entrenamendu kopuruetan ikusten da aldea: «Gu, adibidez, astean hiru aldiz entrenatu gara trainerilla onarekin lehiaketak iraun duen artean, eta beste arraunlari guztiek traineruan jarraitu dute lanean». Beste klub batzuetan, asteko egun batean bakarrik hartzen dute trainerilla. Fernandezek sekretu txiki hau aitortu du: «Neguan ere egin dugu lan pixka bat zazpikoarekin; gutxi, baina zerbait bai, lauzpabost egunetan edo». Antzemango zen hain emaitza onak lortzeko orduan.
Ezustekoak egon izan dira
Trainerilla bat ona duenak gero traineruan ondo moldatzeko aukera badu, logikak esaten du bi onak dituenak bereak eta bi egin beharko lituzkeela ontzi handiko denboraldian. Baina Fernandez ez dator bat osotasunean, eta San Juani gertatua jarri du adibidetzat: «Tradizio handia dugu trainerilla ondo lantzeko, eta aurten ere bide horri eutsi diogu. Gogoan dut duela urte batzuk, bat ez ezik, bi eta hiru trainerilla onak ere ateratzen genituela uretara. Aldiz, gure aurkari San Pedrok bakarra izaten zuen lehian, baina gero, traineruan, gure aurretik ibili zen».
Hortaz, Fernandezen teoriaren arabera, ontzi txikiko emaitzak fidagarriak dira ontzi handiko lana aurreikusteko. Normalean hala izaten da, baina salbuespenak ere badira. Kontuan hartzekoak dira, behintzat. Denboraldi honetan puntan ibili dira edota erregularrenak izan dira Kaiku, Urdaibai, San Juan, Hondarribia eta San Pedro, San Miguel ligakoei bakarrik erreparatuz gero. Hilabete batzuk atzera eginez gero, neguko traineru jaitsieretan ere maila onean moldatu dira guztiak. Datu eta emaitza denak lapiko berean sartuz gero, usaina har daiteke ontzi horiek denak baleko denboraldia egingo dutela traineruetan.
Baina arrauna ez da matematika zehatza. Beti ez, behintzat. Seitik hamahirura zazpiko tartea dago. Zazpi arraunlari gehitu behar zaizkio trainerilletako seiko onari. Eta zazpiko horren maila aldatu egiten da talde batetik bestera. Hortaz, trainerilla ona izatea ona da traineruko lanerako, baina beste zazpi arraunlariek ere balekoak izan behar dute lana biribiltzeko uda garaian, bestela ezer gutxirako balio du trainerilletan egindakoak. Fernandezek hasieran azaldu duen bezala, «fidagarriak dira emaitzak, baina ez dute erabateko garrantzia».
Seitik hamahirura tartea dago
Trainerilletako emaitzek eta traineruetakoek lotura duten aztertu du Joseba Fernandez San Juaneko entrenatzaileak. Ontzi txikian ondo aritzen dena traineruan ondo aritzen dela dio. Halere, ez da erabakigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu