Futbola. Frantziako Eurokopa: E multzoa. Jon Errasti. Spezia taldeko jokalaria

«Selekzio bizia eta oldarkorra da Italia, eta, noski, oso lehiakorra»

Beti gustatu izan zaio Italiako selekzioa eibartarrari, eta orain gehiago zaletu da, Italiako Bigarren Mailan ari delako. Ondo ezagutzen du selekzioa, eta belaunaldi aldaketa handi batean murgilduta ikusten du.

«Selekzio bizia eta oldarkorra da Italia, eta, noski, oso lehiakorra».
Aitor Manterola Garate.
2016ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Bete du aurreneko denboraldia Italian Jon Errastik (Eibar, Gipuzkoa, 1988). Spezia taldeak fitxatu zuen aurreko urteko abuztuan, eta gozotik bukatu du sasoia, ia partida guztiak jokatuta. Bigarren Mailako taldea da. Datorren denboraldian ere han jarraituko du. Orain, oporretan dago Euskal Herrian, eta hementxe harrapatu du BERRIAk, Italiako selekzioaz eta bihar Frantzian hasiko den Eurokopaz hitz egiteko. Ondo ezagutzen du italiarren talde nagusia, eta dotore xehatu ditu ezaugarriak. Antzematen zaio futbola ikustea eta ikastea gustatzen zaiola, erantzunak pisuzkoak eta zentzuzkoak ematen dituelako. «Italia beti da Italia, jokalari batzuekin edo besteekin», esan du, eta horrekin dena esanda utzi du.

Nolako itxura hartzen diozu Italiako selekzioari?

Aldaketa ari da gertatzen belaunaldien artean. Zaharrak badoaz, eta berri asko ari dira azaltzen. Zaleen artean, ez dago itxaropen handirik txapelketa ona egiteko. Baina Italia da, eta, ospe handiko selekzioa izateaz gainera, bere lana oso ondo egiten dute txapelketa guztietan. Entrenatzailea ere oso ona da, Antonio Conte, eta, Chelseara doanez datorren denboraldian, selekzioa utzi nahiko du zerbait handia lortuta.

Bi jokalari garrantzitsu ez dira izango lesioengatik: Marco Verratti eta Riccardo Montolivo. Arazo horretaz gain, aurrealdean ere zerbait falta zaio?

Baietz uste dut. Verratti eta Montolivo jokalari oso onak dira, nahiz eta Montolivok ez duen denboraldi ona egin Milanen. Gero, egia da aurrean falta zaiola golegile bat. Juventuseko Simone Zaza izan daiteke, baina ikusi egin beharko da nolako maila ematen duen. Ematen du egin gabeko jokalariak direla aurrealdekoak.

Italiaren indarra atzealdean dago?

Bai. Hor dauzka jokalari beteranoak, eta Gianluigi Buffon atean ere bai. Hiru erdiko atzelarirekin jokatzen du Contek, eta, bi hegalekoak gehituz gero, bosteko lerroa osatzen du. Oso zaila da Italiari gola sartzea. Indartsuak dira defentsan.

Zer eman diezaiokete jokalari berriek selekzioari?

Taldean jarraitzen duten beteranoen antzekoak dira ezaugarri honetan: oso italiarrak dira, oso lehiakorrak. Sena da beraiena, eta ez da galtzen belaunaldiak aldatuta ere. Dena dela, ematen du zaleentzat eta komunikabideentzat hori ez dela nahikoa, eta beste zerbait gehiago eskatzen zaie berri hauei.

Zuri konfiantza ematen dizu Italia honek?

Interesgarria da jokalari zerrenda: indartsuak dira, eta ziur nago lanak emango dituztela Eurokopan. Baina ikusi egin beharko da noraino heltzen diren.

Antzeko giro ezkorra zegoen Italiaren inguruan 2006ko Munduko Kopan, eta, gero, txapeldun izan ziren.

Hala da, bai. Jokalariak alderatzen hasita ordukoak eta oraingoak, uste dut aldea dagoela. Andrea Pirlo, Alessandro Del Piero, Gennaro Gattuso... jokalari handiak izan dira. Ikusi dut Eurokopara doazenen zerrenda, eta nik ezagutzen ditut, han ari naizelako jokatzen, baina nahiko ezezagunak dira. Espainiaren aurka jokatu zuenean, Aritz Adurizen estreinako partidan, oso partida oldarkorra jokatu zuten jokalari ezezagun horiek guztiek. Italia da, azkenean.

Zer da italiarren berezko lehiarako jarrera hori?

Italiara jokatzera joan aurretik, uste nuen defentsako lan zorrotza dela Italiaren oinarria. Baina ez da hori. Partida guztiak azkena balitz bezala hartzen dituzte jokalariek. Gogorrak eta lehiakorrak dira, eta ez dute inoiz amore ematen. Italiaren azkenaldiko emaitzak hartzen badituzu, ia denak oso motzak dira, ez dute galtzen eta irabazten nabarmen. Ligan ere estuak izaten dira emaitzak. Taktikoki, oso ondo antolatutako taldeak dira. Baloia alferrik ez dute edukitzen, azkar ateratzen dira kontraerasoan. Zaleei ez zaie gustatzen baloia edukitzea; nahi dute baloia taldeak hartzea eta azkar ateratzea erasora.

Aurreko entrenatzailea, Cesare Prandelli, saiatu zen baloiaren jabetzan oinarritzen, eta lortu zuen neurri batean. Conterekin berriz ere betiko Italia izatera joan da selekzioa?

Bai. Prandellik jokalari egokiak zeuzkan baloia erabiltzeko: Pirlo, Montolivo... Orain ez dago horrelako jokalaririk, eta Contek hori ikusi du. Bestelako Italia bat nahi du. Oso talde dinamikoa eta oldarkorra da, bizia. Zaila da beraien aurka jokatzea.

E multzoan izango da, Belgika, Suedia eta Irlandako selekzioekin batera. Multzo zaila dirudi, ezta?

Bai. Zail itxura dauka multzoak. Belgika Eurokopako ezustea izan daiteke; horrela joan zen aurreko Munduko Kopara, eta lan ona egin zuen. Iruditzen zait, gainera, multzoen fasea gainditzen badu oraindik eta arriskutsuagoa bilakatuko dela, jokalari gazte trebeak dauzkalako. Horrelako txapelketetan, jokalari onak beti azaltzen dira, eta baditu horrelakoak: Kevin De Bruyne, Eden Hazard... Gero, Suedia dago, eta denok dakigu zer den Suedia: Zlatan Ibrahimovicen inguruan dago antolatuta taldea. Azkenik, Irlanda dago, eta ematen du multzoko ahulena izango dela, baina horiek ere gogorrak dira. Lehen partida tokatzen bazaizu Irlandaren aurka, eta gauzak ez bazaizkizu ondo ateratzen, kontuz gero. Eurokopan eta Munduko Kopan, aurreneko partidak oso zailak izaten dira, eta oso arriskutsuak. Begira Espainiari zer gertatu zitzaion 2010ean Munduko Kopa irabazi zuenean. Suitzaren aurka galdu egin zuen aurrenekoan —1-0—. Duela lau urte ere, astindua eman zien Herbehereek —5-1—. Ondo hastea oso garrantzitsua da horrelako txapelketatan.

Italiaren alde egongo zara?

Han jokatzen dudanez, normala da bere alde egitea. Erakarri egiten nau, eta zaleak ere ezagutu ditut, eta horiek ere eragina dute.

Han jokatzen ari zarelako gustatzen zaizu Italia, ala lehendik ere gustukoa zenuen?

Beti gustatu izan zait, eta orain gehiago, Italian ari naizelako jokatzen. Txapelketa ona egiten badu, ni pozik egongo naiz.

Kluben aldetik, Juventus Txapeldunen Ligako finalera heldu zen 2014-15eko denboraldian, baina beste gainontzean, Europan nahiko apal dabiltza azkenaldian.

Horrela da, bai. Azkenaldian ez dabiltza garai batean bezala, eta Juventusek salbatu du, nolabait esateko, Italiako futbola Europan. Iruditzen zait hango futbolak behar duela poz handiren bat, eta ea Italiak ematen dion Eurokopan. Ondo etorriko litzaioke hango futbolari.

Nolakoa izango da bihar hasiko den txapelketa hau?

Faborito argirik ez dut ikusten orain. Duela bi urteko Munduko Kopan, Alemania ikusten nuen indartsuena, eta erakutsi zuen gero txapeldun izanda. Orain ez dit konfiantza handirik ematen. Zelai erditik aurrera oso jokalari onak dauzka, edozer egoteko gai dira, baina atzealdean ahul samarrak direla uste dut; ez zait gustatzen Alemania hau atzealdean. Gero, agian, sekulako Eurokopa egingo du, baina ez dakit... Espainiak sekulako taldea eta jokalariak dauzka, baina ikusi egin beharko da nolako mentalitatearekin azaltzen diren. Badakigu kalitate aldetik onenetakoak direla, baina ea irabazteko gosea duten. Frantzia ere faborito ikusten dut, zaleen aurrean jokatzen duelako eta oso jokalari onak dauzkalako, nahiz eta Karim Benzema ez den egongo. Belgikak ere talde ona dauka, eta bestea Ingalaterra aipatuko dut, talde gaztea dauka, eta, aspaldiko partez, gose handiarekin ikusten ditut. Eta kontuz Italiarekin! [barrezka].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.