kirola

Selekzio ofizialaren aldarrikapena berriz ere

ESAITek antolatuta, adierazpena irakurri dute Bilbon. 19:00etan manifestazioa egin dute milaka lagunek. Euskal Selekzioak 0-2 galdu du Tunisiaren kontrako lagunarteko partida.

2011ko abenduaren 28a
22:53
Entzun

Gizonezkoen futboleko Euskal Selekzioaren partidaren atarian, eta ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak antolatuta, gaur goizetik festa ospatu dute Bilbon, euskal selekzio ofizialaren alde. Arratsaldeko ordubatean ekitaldia egin dute, adierazpen batean horixe aldarrikatuz. Eragile politikoen artean Bilduko eta Amaiurreko ordezkariak izan dira.

11:30ean Pirritx eta Porrotx pailazoak izan dira, eta musika talde batzuen txanda izan da geroago. 19:00etan manifestazioa abiatu da Areatzatik Indautxura, Indarrak bilduz, ofizialtasuna lelopean. Milaka lagun bildu dira. Partida ikustera zelaira joaterik ez dutenentzat pantaila handi bat jarri du ESAITek Areatzako karpan.

20:45ean hasi da Euskal Selekzioa-Tunisia lagunartekoa, San Mamesen (ETB1), eta etxekoek 0-2 galdu dute. Tunisiak bigarren zatian sartu ditu golak: 67. minutuan Masknik eta 83.ean Chadlyk.

Hau izan da Euskal Selekzioaren hamaikakoa: Iraizoz; Iraola, Mikel Gonzalez, Amorebieta, Siriex; Prieto, Aranburu, Iturraspe, Zurutuza, Gabilondo; Aduriz. Atsedenaren ondoren Xabi Alonso, Agirretxe, Beñat Etxebarria, Riesgo, Barkero, Toquero, Susaeta, Aurtenetxe, San Jose eta Iñigo Martinez aritu dira.

Urteko bigarren lagunarteko partida izan du euskal selekzioak gaurkoa. Estoniaren aurka aritu zen azkenengoz, iragan maiatzaren 25ean. Jokatutako azken sei partidetan, gainera, ez zuen bakar bat ere galdu. 1990az geroztik 22 lagunarteko jokatu ditu jada, eta emaitza onak lortu: hamalau irabazi ditu, bost berdindu eta hiru galdu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.