Seme kutunaren parabola

Zauria itxita ez dagoenez, kargu hartu zioten Realeko zaleek Antoine Griezmanni Bresten kontrako lagunartekoan. Jokalariak aitortu du espero zituela eta «ulertzen» dituela.

Donostia
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Bi mila eta bederatziko irailaren bian jokatu zuen lehen neurketa ofiziala Realarekin Antoine Griezmannek (Macon, Frantzia, 1991). Espainiako Kopako bigarren kanporaketa zen, eta Rayo Vallecano zuen aurkari talde txuri-urdinak Anoetan —0-2 galdu zuen Realak, eta lehiaketatik kanpo geratu zen—. Bere lagun Carlos Bueno ordezkatuz zelairatu zuen Martin Lasartek Griezmann. Harrezkero, koskak igo eta igo, frantziarraren ibilia geldiezina izan da. Datuak lekuko. Txuri-urdinek jokatutako 82 neurketetatik 79tan hartu du parte. Hamahiru gol sartu ditu guztira. Bai mailaz igotzeko, baita mailari eusteko ere funtsezkoa izan zen. Halakoxea da bere pisua harmailetan, batez ere, gaztetxoenen artean.

Frantziako selekzioan ere bada norbait, eta, gauzak ongi, nagusiekin jokatzen hasiko da aurki. Denboran atzera eginez, Xabi Alonsoren agerraldiarekin baino ezin liteke aldera. Tolosarrak hautsak harrotu zituen lehen minututik, eta jakin bazekien, Griezmannen moduan, zenbat eta hobeto jokatu orduan eta urrutiago zegoela Realetik; bataren eta bestearen bideak bereizi egingo zirela berandu baino lehen. Liverpoolera jo zuen aurrena, Real Madrilera ondoren, hogei milioi euro inguru utziz gipuzkoarren itsulapiko meharrean. Prozesu horrek gertatu beharra zeukan. Berez, behartu gabe. Horretan egon da diferentzia nabaria. Xabi Alonsok ez zuela inolako hordagorik bota. Ez zituela bazterrak nahastu. Horrek sumindu du jarraitzailea. Ez du ulertu nola soka hainbeste tenkatzera irits zitekeen euren jokalari kutuna Atletico Madrilen jokatzeko. Espainiako hiriburuko taldeko zaleei botatako lorea izan da beharbada arantzatsuena. Zergatiak soberan daude. Hanka sartzea gutxi ez, eta gorputz osoa barrura. Horregatik egin zioten txistu joan zen larunbatean Anoetan, Bresten aurkako lagunartekoan. Lehen oztopoarekin egin du topo.

Bigarrenez barkamen eske

«Barkamena eskatzen diot realzaleari. Espero nituen txistuak, eta ulertzen dut», esan zuen atzo frantziarrak Zubietan. Bigarren ahalegina du, damu itxura muturrera eramanez. Aldagelak behintzat, lurra bota dio suari, polemika itzaltzeko. Ezker hegalekoa babesteko. «Hasieran txistu egin badiote ere, bukaeran txaloak entzun ditu. Realeko jokalaria da, hemen hazitakoa eta gure artean jarraitu nahi du. Zalegoak ulertu du hori, eta gauzak bere onera itzuliko dira». Phillipe Montanierrek esana aurreko larunbateko lagunartekoaren ondoren. «Jokoari baino ez diogu erreparatu behar, gure lanean kontzentratu denek bat eginez. Ezinbestekoa da Realarentzat», esan zuen atzo Dani Estradak. Jokin Aperribai presidenteak, berriz: «Jokalariak zer esana izan zuen, baina askoren artean sortu ohi den istorioa izan da. Urteroko kontua. Aurten, ordea, gutariko bati egokitu zaio, ona denaren seinale. Luze egin zaio uda, baina asko emango digu aurrerantzean». Aurrera begiratzeko nahia jokalariak erakutsi du. «Udan gertatutakoak atzean utzi nahi ditut, eta txistuak txalo bihurtu. Bartzelonaren aurka jokatuko dugu, eta horretan baino ez dut pentsatzen», aitortu zuen atzo.

Futbolaren errota etengabean mugitzen denez, Griezmannen gaiari aurki aterako zaizkio armiarma sareak. Begira zer gertatu zitzaion Darko Kovacevici 1990. hamarkadaren amaieran. Real Madrilekin izan zuen hark amodio jolas txoroa, baita damutu ere. Golak sartzen jarraitu zuenez, di-da batean adiskidetu zen Anoetarekin. Denboraldi amaieran, Juventus Italiako taldeak fitxatu zuen garaiko 3.400 milioi pezeta ordaindu eta gero. Jokalari maitatua da oraindik, bere ekarpena sekulakoa izan baitzen. Adibide aproposena 20 urteko mutilarentzat. Badaki zertan egin duen huts eta nork jarri dizkion buruko txoriak dantzan. Hegalekoak berak esan zuenez, ordezkariarekin duen lan hitzarmena datorren azaroan amaitzen zaio, eta ziurrenik besteren batekin hasiko da. Itxuraz, aitarekin.

Berehalako arrakastak, Griezmann ez ezik, ingurukoak ere itsutu ditu. Igoaldi lasterraren ajeak dira. Guztien artean agintari txuri-urdinak estutu nahi izan zituzten, frantziarra saltzeko. Realak halako premiarik ez, eta, horretarako aukera hobea izango duelakoan, Atletico Madrilen eskaintzari muzin egin zion.

Kontuak kontu eta bere ospeak behera egin arren, bere balioak futbolari bezala gorantz egin behar du. Asko eman dio taldeari, Realaren berpiztea ez dago ulertzerik haren irudirik gabe, eta oraindik eta gehiago emateko gai da. Nahasten ez bada behintzat. Xabi Alonso eta Kovacevicen adibideak ditu horretarako. Badaki zer bide hartu behar duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.