Pedro Horrillo (Ermua, Bizkaia; 1974) Rabobank taldeko txirrindularia hasi da maiatzaren 16an Italiako Giroan izandako eroriko larriari buelta ematen, gaur jaso baitu sendagiria. Nafarroako Unibertsitateko Klinikoan egon da ekainaren 1etik, eta bi ebakuntza egin dizkiote: izterrezurrean ekainaren 3an eta ornoetan 9an. Etxean da jadanik.
Bihar bertan ekingo die osatze lanei, arrabolan hasita. Dena dela, itzulerako ez du eperik jarri nahi. "Oraingoz, bizimodu normala egitea da nahi dudana", esan du Horrillok gaur. Hori bai, berriro bizikletan ibiltzeko "ilusioa" dauka. "Aro berria hasiko dut".
Giroko zortzigarren etapan izan zuen eroriko larria, Culmine San Pietro mendatea jaisten ari zenean. Ezkerrerantz eman beharreko bihurgune batean ezin izan zuen bizikleta kontrolatu, eta 60 bat metroko amildegitik jausi zen. Erorikoan kolpe gogor bat hartu zuen buruan eta izterrezurra apurtu zuen. Saihets asko ere hautsi zituen, horiek biriketan iltzatu zitzaizkion, eta horrek neumotorax bat eragin zion. Horregatik bere kabuz arnasa hartzeko zailtasuna eduki du. Era berean, haustura txiki batzuk izan zituen ornoetan.
Txirrindularia zegoen tokira iristeko arazoak eduki zituzten eta, horregatik, Italiako goi mendietako zerbitzuen laguntza behar izan zuten Giroko antolakuntzako kideek. Soka batekin beherantz egin, eta hasieran ez zuten aurkitu. Hortaz, berriro gorantz egitekotan izan ziren larrialdi zerbitzuetako kideak, baina hogei metro gehiago jaitsi, eta han zegoen Horrillo.
Berak gaur aitortu du ez duela erorikoaren unea gogoratzen. "Bertsioak ditut, besterik ez". Lehen bizpahiru egunetan shock egoeran egon zela adierazi du, eta gero hasi zela onartzen zauri larriak zituela.
txirrindularitza
Sendagiria jaso du Horrillok
Maiatzaren 16an eroriko larria izan zuen Italiako Giroan, eta Nafarroako Unibertsitateko Klinikoan ebakuntzak egin dizkiote izterrezurrean eta ornoetan. Gaur utzi du erietxea, eta ez du itzulerako eperik jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu