Hebrehereek eta Txilek, biek erakutsi zuten aurreneko bi partidetan bi talde handi direla. Bakoitza bere ereduarekin, eta biak ere sendo. Gaur, elkarren aurka aritu behar, B multzoko lehen bi postuak finkatzeko. Aldez aurretik, Txileren aldeko zerbait ez ote zegoen aurreikuspen askotan. Talde bizia da, azkarra, intentsitate eta erritmo handia jartzen die partidei, eta konfiantzaz gainezka heldu da partidara. Aurkari arriskutsuenetakoa dela erakutsi du orain arte.
Herbehereek aldaketak 11koan. Kuyt eta Wijnaldum hasieratik, Van Persie eta De Guzmanen ordez. Baina berera Van Gaalen taldea: baloia Txileri eman dio, eta bere zelaian jarri zaio zain, zenbait jokalariri buruz buruko zaintzak eginez egoera batzuetan: Alexisek eta Diazek nozitu dute hori gehien. Txile baloiarekin, zuloak bilatuz eta nahi baino gutxiagotan aurkituz. Zabaldu bai, zabaldu du jokoa, baina Herbehereak ederki ireki da defentsako lanean. Sakontasuna, aldiz, ohi baino gutxiago Sampaoliren taldeak. Vidalek ez jokatzea txarrerako erasoan, barruko jokoa egiteko.
Herbehereek kontraerasoa izan dute helburu. Robben eta Lens goian utzita horretxen bila ibili dira, baina lortu ez dute askotan lortu lehen zatian. Noizean behin, Van Gaalen taldeari ere egokitu zaio jokoaren ekimena eramatea, eta horretan gaizki ez, baina Txileri minik eman gabe.
Partida lotua zihoan. Zerbait falta zuen. Hau akaso: bi taldeak sailkatuta egotean, postuak finkatzeko lehia egotea bakarrik jokoan. Bigarren zatian, zerbait askatu dituzte loturak. Herbehereak gorago estutzen hasi da Txile, jokoaren sorrera hasieratik oztopatu nahian. Bestelakoan, aldaketa gutxi. Lehia estua eta lotua. Txilek nahi zuen, baina ezin. Eta Herbehereak zain, aukera noiz helduko, noiz harrapatuko zuloren bat Txilek erasoa egiten zuenean.
77. minutuan askatu dira kateak. Kornerra Herbehereen alde, eta erdiraketa bikainari amaiera zehatz eta bortitza eman dio Ferrek; ederki baliatu du bakar-bakarrik egin izana errematea. Txile erabat zabalduarazi du aurka jaso duen golak, eta saiatu da berdintzen, baina argitasun gutxirekin ibili da gaur. Edota Herbehereek ondo lotu dute. Luzapenean, Van Gaalen estrategiak bilatu duena aurkitu du: kontraeraso zitala eta azkarra Robben (maila paregabea ari da ematen), eta Memphisek gola beste aldetik area zapaldu eta gero. 2-0.
Ondorioa bat eta nagusia: Herbehereak hau gai izan da gaur Txileren doain guztiak indargabetzeko. Lan zaila. Eutsi egin dio, eustea hain azkar jokatzen duen talde bati oso zaila denean. Zernbat Europako selekzio izan dira gai orain arte Amerikakoen erritmoari eusteko? Gaurkoa, akaso, lehen aldia. Eta ez eutsi bakarrik. Gero, gainetik pasatu ere bai. Eta 11koan titularren bat edo beste falta zirela. Kontuz Herbehereekin. Talde sendoa eta zitala baita.