Futbola

Sendoa izan da lehen pausoa

Osasunak 3-1 irabazi dio Gimnastici Espainiako Lehen Mailara igotzeko lehen kanporaketako joaneko partidan.

unai zubeldia
2016ko ekainaren 8a
22:23
Entzun

Psikologo lanetan oso abila da Enrique Martin Monreal. Moduetan zalantza gehiago sor dezake, baina multzoa motibatzen inor gutxi da horren naturala. Osasunako entrenatzailea entrenamenduak behar bezala prestatzen bakarrik ez, mezu baikorrak helarazten ere aritu da azken hiruzpalau egunetan, eta zelaian erantzun dute jokalariek. Baloia mugitu eta mugitu, giroa baretu nahian zelairatu da Gimnastic, baina harmailetako suaren parekoa izan da etxekoen lehen zatiaren amaiera. Mikel Merinoren bi golekin, Osasuna 2-0 aurretik jarri da Espainiako Lehen Mailara igotzeko lehen kanporaketan, baina Lucen golak okertu du zoragarria izan zitekeen arratsaldea (3-1). Bi taldeek larunbatean jokatuko dute itzuliko partida, Tarragonan (19:00).

Golik ez jasotzea zen nafarren lehen helburu argia, eta, aurkariari lanak eman nahian, bost atzelariko lerroa zelairatu du Martin Monrealek. Azken uneko arazo pertsonalak tarteko, deialditik kanpo gelditu da Nino, eta Manuelek eta Kodrok egin dituzte aurrelari lanak. Kataluniarrei baloia kentzea izan da lehen lana, jokatzeko asmoz zelairatu delako Vicente Morenoren taldea. Baina Osasunarena izan da lehen aukera ona (11. min.), De las Cuevasen errematean. 19. minutuan iritsi da erantzuna, Emanaren pase sakona jasota Naranjok erabat oker egin duelako errematea, Nauzeten aurrean bakar-bakarrik zegoela. Eta 28.ean David Garciak goleko marran urrundu du baloia, Muñiz gola ospatzen hastear zenean.

Baina Roberto Torres eta Merino gozatzen hastearekin batera hautsi da partida, bi estrategia jokalditan. 33. minutuan iritsi da euskarriaren lehen gola. De las Cuevasek kornerra atera, Kodrok aukera-aukeran utzi, eta Merinok ez du barkatu. 41.ean, berriz, falta baten aldaratzean, eromena sorrarazi du nafarrak. Reinak ondo urrundu du lehen errematea, baina Merino oso azti ibili da bigarren aukeran. Olatu gainean zihoan Osasuna.

Kodroren gola eta eromena
Eta egoera are ederragoa bihurtu da 58. minutuan, Merinok eta De las Cuevasek egindako jokaldian Kodrok baloia sareetara bidali duenean —bi minutu lehenago gol aukera on-ona huts egin du donostiarrak—. Gol horrek are garrantzitsuago bihurtu du 50. minutuan Nauzetek Emanari egin dion geldiketa. Jokaldi landua egin du Gimnasticek, eta goleko marran hegan egin du Osasunako atezainak.

Ez sinestekoa zen egoera. Ligako seigarren sailkatua 3-0 irabazten ari zitzaion hirugarrenari. Egoera irauli beharrean zen Gimnastic, eta 62. minutuan Lopez eta Luc zelairatu ditu Morenok. Bost minutu geroago iritsi da Lucen gola (3-1). Zoragarria zena on bihurtu da une horretan, baina zaleek kantari eta txaloka agurtu dute taldea. Ona izan da eman beharreko lau pausoetan lehenengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.