Ruben Belokik 36 urte ditu; eta Asier Olaizolak, berriz, 35. Binakako txapelketako bi pilotaririk beteranoenak eurak dira. Adinarekin kolpeak eta freskotasunak alde egiten duela esan ohi da, eta partidak aurrera egin ahala, nola ez, gehiago. Bada, teoria hori erabat bete zen atzo Tolosan, Beotibar pilotalekuan. Erritmo handian hasi ziren, baina ezin izan zioten eutsi horri norgehiagoka osoan, eta galdu egin zuten Pablo Berasaluzeren eta Alexis Apraizen aurka. Bizkaitarrak txukun aritu ziren. Atzelaria izan zen laukoteko onena, eta merezitasun osoz eskuratu zuten txapelketako lehen puntua.
Kantxara irten baino lehenago presioa nabaria zen aldagela inguruan. Izan ere, aurreneko jardunaldiko partida galduta, bi bikoteentzat oso zen lasaigarria garaipena. Berasaluze VIII.ak lauzpabost bider errepikatu zion Apraizi esaldi bera: «Ea ba, Alexis». Ongi berotu eta ariketak egiteko agintzen zion, oso serio. Beloki ere ez zen gutxiago, eta oso kontzentratuta zegoen. Bi bikoteak elkarrekin hizketan zeuden une oro, eta motibazio eta presio hori partida osoan antzeman zitzaien.
Presio horrek, baina, ez zuen neurketaren kalitatean eraginik izan; hasieran, behinik behin. Erritmo bizian eta joko onean aritu ziren lau pilotariak, eta ez zirudien bizkaitarrek —faboritoak ziren— aise irabaziko zutenik. Piloteoan nagusi bai, oso nagusi zen Apraiz, baina Belokiren esperientziak ere fruitu onak eman zizkien gorriei, eta horri esker ez zien utzi aurkariei partidan alde egiten. Pilota asko gurutzatu zuen ezker hormara, eta Olaizola I.a ere bizkor aritu zen defentsan. Berasaluze VIII.ak, berriz, denetik egin zuen, egin eta galdu.
Tanto bikainak egin zituzten, baina bereziki, goizuetarrak asmatu zuen. 12-13ra bitarte zazpi zituen eginak, eta batzuk ikusgarriak, gainera. Tanto horiei beste bat ere gehitu zien Belokik berak, Berasaluze VIII.aren eta Apraizen artera moztutako pilotakada eder batekin. Kolpe gutxiagorekin, beste baliabide batzuk bilatu eta aurkitu zituen Burlatakoak. Jakin badaki errebotera apenas iritsiko dela, baina seigarren koadroan baztertuz min egin zuen.
Partida erditik aurrera, baina, erabat aldatu ziren kontuak. Edo, hobeto esanda, erabat aldatu zituzten kontuak gorriek. Zuritik beltzera pasatu zen haien joko eta inspirazioa. Hortxe amaitu zitzaizkien partida irabazteko aukera guztiak. 6-0eko partziala lortu zuten urdinek, aparteko jokorik egin gabe. Berasaluze VIII.aren pare bat gantxo eder kenduta, gorrien hutsak izan ziren gainontzeko guztiak.
Lehendik nagusi baziren piloteoan, zer esanik ez amaieran. Apraizek ongi gozatu zuen eskuan pilota, eta bizkarra erabat erakutsi zion Belokiri. 20-14koan, ia errebotera jo zuen Gernikakoak. Aurre samarrean pilota hartu eta ia bederatzian eginarazi zion botea, eta 12. koadroraino heldu. Ez dira asko izango Tolosan hain urrutira heldu direnak.
Apraiz jokoan dago, sasoi onean. Bera izan zen, zalantzarik gabe, laukoteko onena. Bere maila eman ezinda dabilena Berasaluze VIII.a da. Errematerako duen gaitasunagatik nabarmendu izan da beti, baina aspaldian nahiko pattal dabil. Hala ere, badu nahikoa denbora jokorik onena harrapatzeko. Hori hala bada, kontuan hartzeko bikotea da bizkaitarrena.
Irujok ez du jokatuko
Olaizola II.a-Beginok eta Bengoetxea VI.a-Patxi Ruizek gaur jokatuko dute, Labriten, 2. jardunaldiko hirugarren partida (17:15, Nitro). Asegarceko bi bikote indartsuenak ariko dira nor baino nor gehiago, eta ez dago faborito argirik. Hala ere, Goizuetako aurrelariak bere maila ematen badu, irabazteko aukera gehiago izango dituzte. Bestalde, Irujok ez du jokatuko bihar Logroñon, eskuko arazoak dituelako, eta Aritz Lasak ordezkatuko du. Urretxukoak Merino II.arekin jokatuko du Titin-Pascualen kontra. Bi errioxar partida berean Logroñon.
Sendotasunaren puntua
Bizkaitarrek bigarren zatian txukun jokatu eta binakako txapelketako lehen puntua eskuratu dute Tolosan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu