AIZKORA

Senosiain anaiek aurrera egiteko erronka dute, Ziordian

Urrezko Aizkolarien lehian ariko dira gaur Lopez eta Mugertzaren aurka

DONOSTIA
2004ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketaren lehen fasea amaituko da asteburuan, nola Gazteen Multzoan hala Nagusien Multzoan. Amaiera, gainera, bete-betea izango da, guztira sei kanporaketa jokatuko direlako: hiru Nagusien Multzoan eta beste horrenbeste Gazteen Multzokoan. Soilik Iñaki Azurmendik lortu du bigarren faserako txartela, joan zen igandean Txapartegi menderatu ondoren.

Ondorioz, beasaindarrak, igandean, Barberena eta eta Vicenteren arteko lehian irabazle izango dena hartuko du. Goiko adarrean, bigarren faseko lehen kanporaketa zehazteko bi kanporaketa jokatuko dira. Lehena, gaur bertan, Ziordiko (Nafarroa) pilotalekuan (20:00). Juan Jose Lopez Lezaungoak eta Antonio Senosian Olaguekoak neurtuko dituzte indarrak.Aurreko kanporaketetan bezala, zortzi enborrera lehiatuko dira. Lopezek estreinakoa egingo du eta Senosiainek bigarren saioa izango du, Juanjo Erdozia mendean hartu ondoren. Bi aizkolari nafarrek ongi ezagutzen dute elkar, sarri aritu baitira Euskal Herriko, Nafarroako eta Urrezko Aizkoran.Euskal Herriko azken txapelketak (iaz) kontuan hartuta, Lopez maila hobean dagoela esan daiteke. Izan ere, Maila Nagusiko kanporaketa jokatu zuen, eta 10. sailkatu zen. Senosiain, berriz, II. Mailako txapeldunorde izan zen, Etxebestek minutu eta erdiko aldea atera ziola. Nafarroakoan, aldiz, Senosiainek Maila Nagusiko finala jokatu zuen eta bosgarren sailkatu zen; Lopez, berriz, ez zen sailkatu.Senosiainek ez zuen lan erraza izan Erdozia menderatzeko, eta azkenerako nekatu egin zen. Lopez ongi egon ohi da fisikoki, baina ez du Olaguekoak duen aizkora-kolpea. Nolanahi ere, oso estua izango da lehia.

Aitor Senosiainek eta Ugaitz Mugertzak txartela jokoan

Ziordiko saio berean, Gazteen Multzoan, finalerdietara sartzeko lehia izango da ikusgai. Mugertzak hirugarren kanporaketa izango du eta Senosiainek lehena. Olaguekoa Euskal Herriko II. Mailako kanporaketan 8. postuan sailkatu zen. Horregatik, pentsatzekoa da nafarrak baduela arrazoirik kanporaketa gainditzeko, baina gipuzkoar gaztea oso motibaturik dago.

Bihar (12:30) bi kanporaketa jokatuko dira Lekunberrin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.